HIZKUNTZAK

Euskal Olinpiadak, gure ikasleen arteko zubiak sendotzeko

Haurtzaro eta Orereta Ikastolon ikas-ibilbideek bat egiten dute euren amaieran, batera eta leku berean itsasoratzen dira: Oiartzo batxilergo-ikastolan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak bukatuta, batxilergoari ekitea erabakitzen dutenentzako, Oiartzo da Haurtzaro zein Orereta Ikastolon 0-18 urte ibilbidearen amaiera; azken geltokia, beste tankera bateko abenturei ekin aurretik.

1998an Haurtzaro eta Orereta Ikastolok elkarrekin euskaraz, euskaratik eta Euskal Herrira begira Oarsoaldeko gazteei kalitatezko batxilergo-ikasketak eskaintzeko apustua egin genuenetik, pasa dira 25 urte. Euri mordoa egin du, hazi dira ibaiak eta sortu da putzua. Bi ibairen emaritik, Oiartzo putzua, gure Urederra.

Ikuspegi eta asmo horiei jarraiki, Oiartzo, Orereta eta Haurtzaro Ikastoletako ikasleek elkar ezagutu eta harreman berriak egiteko helburuz, Euskal Olinpiaden lehen edizioa ospatu berri da Oiartzon. DBH 4. mailako eta batxilergoko 1. mailako ikasleek hartu dute parte bertan; eta haiek beraiek arduratu dira antolaketaz ere, beren interesetatik abiatutako programa onduz.

Ikasturtearekin batera hasitako bilerek eman dute beren fruitua: jolasez, dibertsioz eta musikaz betetako egun borobilaz gozatu berri dute gure ikasleek. Elkar ezagutzeko jolasak, taldekako ginkana, hamaiketakoa eta Xabi Solanoren musika-saioa bildu ditu Euskal Olinpiaden lehen edizioko programak.

Izan bezate ibilbide luzea Oiartzoko Euskal Olinpiadek eta izan bitez hiru Ikastoletako ikasleen arteko harremanak eta sareak indartzeko mugarri!

euskal olinpiadak oiartzo