HIZKUNTZAK

Irailak 29, izendatzen zaitugu Euskal Komiki Eguna

“Irailak 29, izendatzen zaitugu Euskal Komiki Eguna“. Hala, borobil-borobil, egin du Argia aldizkariak. Eta gustatuta, gure egin dugu aldarria Orereta Ikastolan.

Euskarazko komikigintza ikusgarri egitea helburu, hainbat komikizale eta komikigilek Euskal Komiki Eguna sortu dute. Lehen edizioa (aurtengoa) eta ondoren etorriko direnak irailaren 29an izango dira, Antton Olariaga ilustratzaile usurbildarrak Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta argitaratu zuen urteurrenarekin bat. 1977ko irailaren 29an aurkeztu zuen Olariagak Zakilixut –Egin egunkariaren lehendabiziko zenbakian–, geroztik milaka zinta izan dituena eta 48 urteren ondoren argitaratzen jarraitzen dena –Berria egunkarian, gaur egun–. Oraindik ere jendartearen parte handi batek ez du ohiturarik komikiak irakurtzeko, edo ez dauka euskarazko komikietan dagoen aberastasun handiaren berri. Ekimen honen bidez, aletxoa jarri nahi da euskarazko komikigintza hedatzen laguntzeko, horrela euskal komikiari lagunduz eta jendeari komikiak gure hizkuntzan irakurtzearen plazera ezagutaraziz. Hala adierazi dute ekimenaren sustatzaileek.

Eta zer egin dugu ba Orereta Ikastolan Zakilixut, Ipurbeltz edota Xabiroiren lagun egiteko? Irailaren erdialdetik amaierara, ikasleek euskarazko komikiak ekarri dituzte etxetik ikasgelara Eguna girotzen joateko eta irailaren 29an, Euskal Komikiaren Egunean, irakurri eta irakurri aritu dira, komikietako bokadiloz lepo bete arte! Digestioa egiten ari dira oraindik 😋

euskara irakurzaletasuna komikiak