HIZKUNTZAK

Txis pun...! Blaitu Klubak amaiera eman dio 2024-25 ikasturteari

Blaitu Klubak bigarren ikasturtea egin du ikasleak, familiak eta langileak euskaraz eta euskal kulturaz bustitzen 💦

Iazko ekimenei jarraipena emanez, aurten ere txikienentzako Ttottak, LHrako hiru Busti! saio eta gazteentzako Tantak ekoiztu dituzte Blaitu Klubeko ordezkari berriek. Horiez gain, ez dira falta izan familia guztiei eskainitako Blaitu MHLZ edizioak zein Erronka programak. Programa guzti horiek Blaitu Klubaren atarian dituzue ikusgai.

Busti! programaren 3. atalean Mirua musika taldeko Mattin, Malentxo eta Maitaneren agurra jaso genuen sorpresa gisa. Eskerrik asko, hirukote! Ohi bezala, MHLZ eta Erronka programetako lehiaketetan parte hartu dutenen artean sariak ere banatu ditugu: Blaitu biserez gain, Mitologik ihes-gelarako sarrerak, eta WoWPark, Irrisarri Land eta Sendaviva abentura parkeetarako bonoak eskuratu dituzte irabazleek. Goza dezatela opariez zortedunak izan direnek! Bestalde, iaz bezala, LH4, LH5 eta LH6ko blaitukideek ETBko Mihiluze Haurrak programan publiko gisa parte hartzeko aukera izan dute.

Blaitu Klubaren bigarren denboraldiak izan ditu “lehen aldiak” ere. Aurten lehenengoz Euskal Herriko beste Ikastola batzuetako ikaskideak ezagutzeko hiru eguneko Ipar-Hegoa Topaketan izena emateko lehentasuna izan dute blaitukideek. Euskaraldiaren aitzakian, aurrenekoz herritar orori eskainitako txalentxa proposatu du Blaitu Klubak, herriko Euskaraldiaren programazioaren barruan herriari eta herritarrei ekarpen xumea egiteko asmoz. Aurrerantzean ere ez da baztertzen, noizean behin, Ikastolako komunitatetik herrira salto egitea, herriko kaleak ere euskaraz blaitzeko premia egon bai baitago.

Ikasturtea amaitu da, baina euskarak ez du atsedenik. Madalenetan, uztailaren 25ean, Blaitu festa egingo da DJ Arimaren eskutik Erriola Gunean, euskaratik eta euskaraz dibertitzeko. Erriola Gunean, uztailaren 21etik aurrera, eskuragarri izango dituzue Madalenetarako atera ditugun Blaitu bisera berriak ere.

Datorren ikasturtean bueltan izango da Blaitu Kluba. Bitartean, gorago esan bezala, eskura dituzue orain arte sortutako edukiak Blaitu Klubaren atarian, nahi duzuen lekuan eta momentuan ikusteko. Spotify-ko Blaitu Klubaren playlist eguneratua eta aisialdian euskaraz aritzeko baliabideak ere bertan topatuko dituzue.

Jarrai dezagun denbora luzez mingainak blaitzen eta euskaraz bustitzen! Datorren ikasturtera arte! Eta bien bitartean, ikusi 2024-25 ikasturteko hartze faltsuen making of-a 😆👇