HIZKUNTZAK

Blaitu Klubeko ikasturteko lehen Erronkak saioak baditu irabazle... raperoak!

Eguberriko oporren aurretik Blaitu Klubak martxan jarri zuen ikasturteko lehen Erronkak saioak baditu irabazleak: Anje, Lide eta Peru Arana Briñas anai-arrebak eta Iraia Vallejo Castellvi.

Pasa den ikasturteko bideari jarraituz, bi sari banatu ditugu aurtengo lehen Erronkak saioan ere: txalentxarena eta lehiaketarena. Txalentxari erantzunez, Gabonetako abestien rap-bertsio modernoak eskatu genituen; eta ugari jaso ditugu. Bistan da rap bertsioak sortzen eta bideoak grabatzen primeran pasa dutela gure gaztetxoek; eta artistak direla horretan, gainera! Mila-mila esker guztiei! Blaitu Klubaren atariko “Erronkak 1: sari banaketa” bideoan, jasotako bertsio guztiak ikusgai (urtarrilaren 13tik aurrera).

Txalentxean parte hartu duten guztien artean zozketa egin dugu eta Donostiako Mitologik ihes gelara joateko 5 lagunentzako bonoa Anje, Lide eta Peru Arana Briñas anai-arrebei egokitu zaie. Aupa hirukote, bejondeizuela! Ea bertatik ateratzea lortzen duzuen!

Erronkak saioko lehiaketan asmatu beharreko hitz ezkutua “Kaikua” zen. Kasu honetan ere, asmatzaile guztien artean zozketa egin dugu eta Iraia Vallejo Castellvik lortu du Blaitu bisera esklusiboa. Zorionak zuri ere, Iraia!

Aurrerantzean ere izango ditugu euskararekin eta euskaraz jolasteko, gozatzeko eta sariak lortzeko aukera gehiago Blaitu Klubean. Jarrai ezazue gure lehiaketa eta erronketan parte hartzen! Eta badakizue, bien bitartean, blaitu mingainak eta busti euskaraz!