HIZKUNTZAK

Sexu-hezkuntza tailerrak, gorputz anitz jantziz eta hitz hurbil biluziz

Orereta Ikastolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek Ageda Blasco Egia hezitzaileak gidatutako sexu-hezkuntzako tailerretan parte hartzeko aukera izan dute. Gela bakoitzak bi orduko hiru saio egin ditu. Tailer horietan funtsezko eta oinarrizko gaiak landu dituzte, hala nola, ezagutza anatomikoa, sexuaren eta generoaren arteko desberdintasunak, plazera, onarpena, adostasuna nahiz baimena, eta erakarpena. Giro hurbilean eta errespetuz, tailerrak jakin-minetik irakastera bideratu dira, jarduera dinamikoak eta parte-hartzaileak erabiliz.

Sexu-hezkuntzako saioetan, ikasleek jolasen, marrazki sorkuntzaren eta banakako zein taldeko hausnarketa-ariketen bidez adierazteko aukera izan dute. Hezkuntza-bideoak ere erabili dira, ideiak argiro eta beren adinera egokituta aurkezten laguntzeko, beren burua zaintzearen eta besteak errespetatzearen garrantzia uler dezaten. Gaiak modu atseginean landu dira, betiere autoezagutza eta berdintasunaren ikuspegia sustatuz. Zalantzak adierazteko gune segurua eskaini zaie, sexu-hezkuntza kontziente eta asegarrirako bidea irekiz.

Amaitzeko, irakasle-saioa eta guraso-saioa ere burutu dira, hezkuntza eragile ezberdinen artean begirada bateratua eta elkarlana sustatzeko xedez.

sexu hezkuntza