HIZKUNTZAK

Blaitu Klubak ekin dio 2024-25 ikasturteari!

Iazko lehen denboraldi eta loraldiaren ostean, ikasturte berriarekin batera, Blaitu Kluba hasi da berriz ere motorrak berotzen. Euskara eta euskal kultura haur eta gaztetxoentzako modu erakargarri eta gustagarrian lantzea da Blaitu Klubaren helburua, euskaraz gustura eta eroso bizitzen laguntzea.

Iaz, web ataria estreinatu genuen eta adin desberdinetako haur eta gaztetxoentzako saioak sortu genituen; baita beste ekimen batzuk antolatu ere: Blaitu MHLZ lehiaketa, Madalenetako Blaitu festa…

Ikasturte berriarekin batera, Blaitu Kluba hasi da motorrak berotzen. Lehen Hezkuntzan, horma-irudi ederra sortu dute ikasle guztien artean eta DBHko eraikina ere koloretako tantez betetzeko asmoa dugu. Pasa den ikasturtean sortu genituen programek jarraipena izango dute aurten ere. Hori bai, “Blaituber” berriak izendatuko ditugu Klubeko eduki berriak sortzeko; telesailetako denboraldi berrietan bezala, aktore berriak 🙂

2024-25 ikasturteari helburu berriak ere jarri dizkiogu: Blaitu Kluba egonkortzea eta komunitatea osatzen dugun kide guztion parte-hartzea areagotzea izango dira gure erronkak. Ahalegin berezia egingo dugu guztiontzat erakargarriak izango diren edukiak sortzen. Guztion indarrarekin, ea euskararen erabileran eragitea lortzen dugun. Gu martxan gara, eta zuek?

Jarrai dezagun mingainak blaitzen eta euskaraz bustitzen!

blaitu blaitu kluba euskaraz bizi