Egun geroz eta seinalatuagoa da martxoaren 8a gure egutegietan. Eta hala behar du, gainera. Bistaratzeko eta aldarrikatzeko asko dago oraindik. Aitzitik, horretarako erreferentziazko emakumeen bila hastean, atzerrira jotzen dugu maiz. Izango ziren eta izango dira ba Euskal Herrian ere gisa horretako emakumezkoak? Dudarik gabe: izan dira eta badira itzalpeko itzal handiko emakumeak gurean, bere txikitasunetik eta inurri lanetik mugarri diren euskal emakume guzti-guztiez ahaztu gabe.
Hari horri tira diote aurten Oiartzo batxilergo-ikastolako bigarren mailako ikasleek; sokari tiraz, ezerezaren pare gordeta egon diren erreferentziazko hainbat euskal emakume itzalpetik argira ekartzeko asmoz. Gisa, tankera eta alor ezberdinetan aritutako emakumeen ekarpenari eta lanari aitortza txiki bat egitea izan da helburua.
Euskara eta Literatura ikasgaian hasi zuten bidea. Euskal Herriko emakume esanguratsuen biografiak idatzi eta kontatzeko informazio bila hastean, asko eta askoren irudirik ez zegoenaz ohartu ziren. Eta hor lotu zen harira Adierazpen Teknika Grafiko Plastikoetako ikasgaia ere, berehalakoan heldu baitzion irakasle eta ikasleen artista taldeak irudiak falta zituzten emakume horien erretratuak sortzearen erronkari. Egungo teknologiak erabiliz jarri zioten ginga proiektuari: aplikazio baten bitartez, irudiei begi- eta aho-mugimendua eman zieten, eta ahotsa jarri ikasleek beraiek biografietan idatzitakoa oinarri hartuta. Itzalpetik ateratzeaz gain, bizia eman.
Maurizia
Aldeiturriaga
Maravillas
Lamberto
Eulalia
Abaitua
Motibo ezberdinengatik Euskal Herriko historian esanguratsuak izan diren txoko bateko eta besteko 62 emakumeren biografia-, irudi- eta bideo-bilduma izan da proiektuak utzi duen emaitza. Beren lan, lorpen edota ezagutzagatik esanguratsuak direnak daude tartean, baita bortxatuak edota erailak izan direnak ere. Itzalpeko bilduma amaigabe bateko lehen argi printzak izan bitez!