HIZKUNTZAK

Euroka kilometroko errioa osatzeko erronka jarri dugu martxan

“Euskararen Errioa” ekimena urrira arte egongo da martxan. Online, Bizum bitartez edota modu fisikoan egin daitezke ekarpenak.

Aurten Orereta Ikastola antolatzen ari den urte osoko Kilometroak 23 jaiaren baitan, “Euskararen Errioa” ekimena jarri dugu martxan: urrira bitartean, urriko lehen igandea iritsi artean, euroka kilometroko errioa osatzeko erronka, hain justu.

Kilometro batean euroko 50.000 txanpon sartzen dira. Erronka euroak biltzea da, ahalik eta errio luzeena egitea. Gero horiek euskararen sustapena helburu duten proiektuetara bideratuko dira. Ekimenean parte hartzeko modu ezberdinak daude: modu fisikoan, online edo Bizum bitartez egin daiteke ekarpena.

  • Modu fisikoan: propio diru-bilketarako prestatuta dauden euskarriak sortu dira. Kilometroak dendan dagoen egurrezko errioa eta haren osagarri diren hodi gardenezko ibaiadar mugikorrak dira euskarri horiek. Azkenak batetik bestera ibiltzeko prestatuta daude eta berehalakoan aterako dira herriko kaleetara: apirilaren 29an,
    maiatzaren 1ean eta maiatzaren 6an; Sagardo Egunean, Dantzari Txiki egunean eta “12 orduz Erriolan” kultur maratoian, hurrenez hurren.
  • Bizum bitartez: Bizum bitartezko ekarpenak donazioak dira. Nola egin? Aplikazioan sartu, “dirua bidali eta eskatu” aukera sakatu, ondorengo goiko menuan “eman” hautatu, bilatzailean “Kilometroak Kultur Elkartea” jarri, zenbatekoa zehaztu, sartutako datuak egiaztatu eta egin bidalketa.
  • Online ekarpenak: www.kilometroak.eus/euskararen-errioa webgunean.

Herritarrak, erakundeak nahiz elkarteak ekimenean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, erronkari elkarrekin ekiteko eta elkarrekin lortzeko ilusioa piztu. Tantaz tanta osatzen da errioa, marearen aurrera-atzerako balantzan, itsasorako bidean. Osa dezagun Euskararen Errioa ere modu berean, euroz euro, atzetik aurrera edo aurretik atzera, kilometroa osatu arte! Kiloeuro bat osa dezagun eurometroka!

erriola euskararen errioa Kilometroak