HIZKUNTZAK

Urteko Ohiko Batzar Nagusia egin berri dugu

Orereta Ikastola Kooperatiba Elkarteak egin berri du, otsailaren 27an, Urteko Ohiko Batzar Nagusia. Kooperatiba-izaera da Ikastolon bereizgarrietako bat eta Batzar Nagusia gure erabaki-organo gorena, bazkideen urteko hitzordu nagusia. 100 bazkide izan dira aurtengo bilkuran eta Ikastolak eskerrak eman nahi dizkie guzti-guztiei, etorri eta parte hartu izanagatik. Denona baita eta denok baikara Ikastola.

Orereta zein Oiartzo Ikastoletako proiektu pedagogikoa, kontu eta egoera ekonomikoak, egungo aurrerapauso zein etorkizuneko erronkak, eta eguneroko funtzionamendua izan dira hizpide Batzarrean. Kilometroak urtearen nondik norakoak ere azaldu dira Ikastolako bazkideen erabaki-organo gorenaren aurrean. Bidea eta Ikastola bera egiten jarraitzeko hainbat erabaki ere hartu dira, bozketaz.

Kilometroak urtean buru-belarri sartuta eta matrikulazio-kanpaina ere pasa berritan, besteak beste, Ikastola denona eta denontzako izateko bidea sendotzean azpimarra jarriko dela aipatu da; herritik herrirako sortutako hezkuntza-eredu publikoan sinesten dugulako Ikastolok. Herritarra, herri onurakoa, irabazi asmorik gabea, euskalduna, Euskal Herrikoa, komunitarioa, berritzailea eta eraldatzailea den hezkuntza-ereduan, hain justu.

Horren guztiaren gainetik eta horren guztiaren oinarri nahiz fruitu komunitate osoaren ahalegina, inplikazioa, konpromisoa, borondatea eta elkarlanerako jarrera daudela azpimarratu nahi du Ikastolak. Hezkuntza-eragile izatetik haratago, herriari eta herritarrei ekarpena egiten jarraitzeko ahaleginean segiko du Ikastolak.

Batzar Nagusia 2023