HIZKUNTZAK

Kilometroen urteari hasiera beroa eman diogu Kilometroak Txikiarekin

Egun goibel eta hotzari goxotasuna ekarri zion iragan urtarrilaren 28an Kilometroak Txikia jaiak, Orereta Ikastolatik aurten antolatuko dugun Kilometroak jaiari hasiera eman zion hitzorduak.

Ikastolako komunitateari ez ezik herritar guztiei zuzendutako jaia larunbat arratsaldez egin genuen, Oiartzun errioaren inguruko bazterrak topaleku jendetsu bilakatuta. Izan ere, hotzak ez zituen kikildu jaian parte hartzeko izena emandako 400etik gora haur eta gazteak, eta gogoz parte hartu zuten Kilometroak Txikiak antolatutako ekintza ugarietan. Erriolak martxan jarri gintuen herritarrak, herritarrok Erriola: errioaren inguruak hartuta, Kilometroak Txiki handia josi genuen.

Euri tantek bustita hasi zen arratsaldea, herriaren eta errioaren bi gune ezberdinetan. Tokan jolastu, trikimako gainean ibili, musika tresnak sortu, aurpegiak margotu… eta hotzari aurre egiteko txokolate beroa hartu zuten Gabierrotara hurbildu ziren haur eta gurasoek. Gernika plazan ere, euria ez zen oztopo izan bertan bildutako gazteentzat, eta taldeka antolatuta hainbat proba eta jokoz osatutako ginkanan aritu ziren. Ondoren, gorputza berdintzeko, askaria izan zuten. Behin indarrak berreskuratuta, herriko bi guneetan ibilitakoak erriora hurbildu ginen, eta Lekuona Fabrikaren parean ibaiaren bi bazterrak betez, errioa argiztatu genuen. Une berezia izan zen, Hibaikako arraunlariaren laguntzarekin errioan gora Ama Euskara etorri baitzen, ertzetako argiei uretatik ere argia gehituz.

Une hunkigarriaren ondoren, festari amaiera eman genion Linon, jai giroan. Ikastolako bi ikaslek hitza hartu zuten, Kilometroak Txikiaren zergatia azaltzeko eta aurtengo Kilometroaki ongi etorria egiteko. Jarraian, DBH4ko zenbait ikaslek musika jarri eta zezen suzkoa iritsi arte dantzan eta jan-edanean uxatu genuen hotz oro bertan bildutako haur, gazte, heldu eta adineko guztiek. Zezen suzkoaren txinpartek jaia are gehiago berotuta, kalejira jendetsuekin esan genion agur Kilometroak Txikia jaiari. Jaia luzatzeko gogoa sumatzen zen, baina indarrak gorde beharra dago, urteak ekarriko duena ez da makala izango eta!

erriola Kilometroak kilometroak txikia