HIZKUNTZAK

Kilometroak 23: Erriola itsasoratu da!

‘Erriola’ izango da Orereta Ikastolak 2023. urtean antolatuko duen Kilometroak jaiaren leloa. Irudia ere ezagutarazi dugu Lekuona Fabrikan egin dugun aurkezpen ekitaldian.

Iola zahar batean abiatzen den ipuina kontatu dute ikasleek, errioan gora eta behera dabilen txalupa batean oinarrituta, herriko zubietatik igaroz, eta egun, Orereta Ikastolako egoitzak bilakatu diren, baina garaian herriko paisaian protagonismo handia izan zuten fabrikak zeharkatuz.

HHtik hasi eta DBHra bitarterako ikasleak igo dira taula gainera, baita ikasle ohi, familia eta langileak ere. Ikastolaren sorreran parte hartu zutenen eta ikasle gazteenen arteko transmisioa irudikatu da kontakizun horrekin; eskertza. Eta herriko hainbat eragilek ere hartu dute parte ikuskizunean, besteak beste, Zaria abesbatzak, Ereintza dantza taldeak, Errenteriako Musika Bandak eta Kukaik. Herritik sortua eta herriarentzat lanean ari da Ikastola, euskaratik eta euskal kultura ardatz. Ikastolako komunitatea indartzea ere izango da aurtengo Kilometroaken beste helburu bat. Horiexek, hortaz, Kilometroak 23ren helburu behinenak: eskertza, komunitatea, eta euskara eta euskal kultura.

Leloa eta irudia

Erriola itsasoratu da; errioaren magaleko faktoria. Uraren gazi-gozoak, gorabeherek eta zubiek josten duten komunitatea.

Errioa eta iola; herria eta ikastola. Historia eta nortasuna irudikatu nahi dituen lema. Izan ere, nortasuna du errioak Orereta-Errenterian. Herriaren erdigunetik pasatzen delako, bizimoduaren erdigunean egon delako, erdiguneak sortu dituelako. Erriotik, herri.

Errioa da, ez ibaia. Itsasoaren gertutasunak fenomeno natural propio bihurtzen du. Kostalde-kostaldean ez egonagatik, mareak gora eta behera egiten du, urak bi noranzko ditu; gorabeherak izaten ditu, ez du beti aldarte bera; ur gaziak eta gezak bat egiten dute, elkar hartzen dute; bi urertz batzen ditu; zubiak sortzen ditu; iolak ditu garraiobide, belaunaldiz belaunaldi herentzian jasotzen eta izena mantentzen duten egurrezko txalupak; faktorien kokaleku da, sormenaren eta jardueren hazi. Herri baten isla garbia.

Eta logoa ere ez da sinbolo hutsa: bertan daude errioko uraren gorabeherak, faktoriak eta etxeak, hor daude ur-bazterrak, islak eta zubiak. Hor daude piezak, bakarka beren izaera dutenak eta elkarrekin beste zerbait josi eta sortzen dutenak.

erriola [e’riʝo’la] iz. Errioaren magaleko faktoria. Errioko uraren gazi-gozoak, gorabeherek eta zubiek josten duten komunitatea.

Argazki galeria

Zertarako Kilometroak?

1963an, garai politiko eta sozial zailetan, euskaraz eta euskal kulturan oinarritutako hezkuntzaren aldeko apostua egin zuten herriko familia batzuek. 1973an hasierako ametsa errealitate bihurtzen ari zela ikusirik Añabitarteko baserriaren inguruko lurrak erosi zituzten. Urteekin Ikastolaren ikur bihurtu da Añabitarte, komunitatearen topagune. 60 urte beteko ditu Orereta Ikastolak 2023an, eta bide horretan lanean aritu diren guztiei eskertza egiteko eta komunitatea sendotzeko baliatuko da aukera hau, baserriaren inguruan proiektu bat eginez.

Bestalde, herrian euskara eta euskal kultura indartzeko proiektuetara bideratu nahi da Kilometroak festak eskainiko duen aukera.

Azkenik, zubiak elementu inportanteak dira Orereta-Errenterian, baita ikastoletan ere. Zubiak mundura, zubiak aniztasunera, zubiak iraganera, eta etorkizunera. Euskal Herriko beste ikastolekin ere badu zubirik eraikita Oreretak, Iparraldeko eta Nafarroako ikastolekin; horiek elikatzeko ere baliatuko da Kilometroak festa, egoera okerragoan dauden ikastola horiei elkartasuna erakutsiz.

Kilometroak