HIZKUNTZAK

Eman diogu ongietorria ikasturte berriari

2019an lehenengoz egin bezala, pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ondoren, aurtengo urriaren 12an ospatu ahal izan dugu ikasturteari ongietorri festa. Orereta Ikastolako hainbat familia eta langilek elkarlanean, eguraldia lagun, arratsalde pasa ederra antolatu zuten Añabitarten, Ikastolako komunitatearen ikur den Baserriaren inguruan.

Anartz Muxikak, Orereta Ikastolako zuzendariak, ekin zion arratsaldeari Ikastolako ikasle ohia den Iñigo Legorburuk idatzitako “Baserri Magikoa” ipuina kontatuz.


“Baserri magikoa” (Iñigo Legorburu)

Bazen behin baserri  magiko bat, urteekin zahartu beharrean gaztetu egiten zena. “Baina nola da posible?” galdetuko didazue, baserriak, Euskal Herrian bederen normalean zaharrak eta oso aspaldikoak badira. Nola demontre izan liteke hori, baserrietan birramonak, aitonak, izeba-osabak, gurasoak… eta hainbeste jende bizi bada? Ba erantzuna erraza da: Magikoa delakoa. Baserri txuri eta eder hura ingurukoek asko maite zuten, bere barruan momentu eder asko bizi eta jolastu, jan eta edan egiten zutelako. Ezin zuten euren bizitza irudikatu baserri hura gabe eta baserrira etortzeko beharra sentitzen zuten noizean behin, batez ere triste edo indarrik gabe aurkitzen zirenean.

Okurritzen zaizue zein baserri izan litekeen? Ezagutzen duzue halako leku magikorik? Inguru honetan bada halakorik?

Batzuk uste dute baserri hau adreiluz, teilaz eta egurrez egina dagoela soilik. Baina hori pentsatzen dutenak, bertan oraindik sartu ez direlako da. Benetan, hemengo norbaitek uste du soilik hortaz egina aurkitzen dela? Nik uste dut bertan magiak ere, jan eta edan, jolastu eta bertan bizitzeko gogoa daukala. Eta magia hori, denok egiten dugula.

Badakizue nola? Elkarri lagunduz, irribarrez, auzolanean, batak bestea zainduz…

Lotsa piskatxo bat ematen badit ere, aitortuko dizuet. “Bazen behin” batekin hasi dut ipuina eta hori, gezur txiki bat izan da. Zuekin, hor zaudetenekin, hemen gaudenokin; badelako behin, bi aldiz, bost aldiz, hamar aldiz, ehun aldiz, mila aldiz… egoteko eta bizitzeko aukera.

Eta jarrai dezagun hamar aldiz, ehun aldiz, mila aldiz “bazen behin baserri magiko bat” kontatzen, denok batera elkarlanean eta elkarrekin. Urteak aurrera joan hala, gaztetzen jarraitu dezagun baserria.

Guztiok osatzen dugun komunitate erraldoi honen partetik, ongi etorri ikasturte berrira!!


Ipuina kontatuta, pikondo bat landatu zuten Ikastolako ikasle zaharrenak eta gazteenak, Ander Goenagak eta Oihan Corralek. Hori eginda, txikienek Txatxilipurdi elkarteko lagunek prestatutako jostailuak sortzeko tailerraz gozatzeko aukera izan zuten; eta txikiek nahiz ez hain txikiek, Andoni Ollokiegiren kontzertuaz. Arratsaldeari amaiera aire libreko zinema saioarekin eta Ikastolako guraso diren herriko Lapurdiko Pizzak-eko pizzekin eman genion.

Mila esker ikasturteari ongietorria egiteko festara etorri zineten denei! Familia antolatzaileei eta bisitan etorri zinetenei, Andoni Ollokiegiri abeslariari, Txatxilipurdi elkarteari eta Ikastolako guraso ditugun Lapurdiko Pizzak-i!

2022-23 ikasturtea ongietorri festa