IKASTOLA MAILAKOAK
2024-25 ikasturte amaierako langile batzarra: gai-zerrenda
Aurtengo ikasturte amaierako langile batzarra ekainaren 30ean izango da, 09:00etatik 14:00etara. Jarraian, gai-zerrenda:
- Harrera
- Berrikuntza eta Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra
- Onki: Ikastolen tutoretza marko berrian oinarritutako plan integrala
- Hizkuntza Proiektua: Blaitu Kluba
- Komunikazio asertiboa: Gardene
- Atsedenaldia: eskertzak eta agurrak
- Merkatu azterketa: deskargua eta talde dinamikak
- Bazkaria, oporrak lankideekin mokadua eginez eta kontu batzuk esanez hartzeko
Oharra: aurten bazkaria lan-ordutegian sartuta dago.
Euskaraz Bizi – Blaitu Kluba: Txis pun…! Blaitu Klubak amaiera eman dio 2024-25 ikasturteari
Blaitu Klubak bigarren ikasturtea egin du ikasleak, familiak eta langileak euskaraz eta euskal kulturaz bustitzen. Iaz hasitako bideari jarraipena emateaz gain, bigarren denboraldi honek “lehen aldi” batzuk ere izan ditu. Ezagutu eta ikusi langile atarian (albisteen atalean) ikasturte honek eman duena.
Madalenak 25 – Erriola Gunea: egitaraua labetik atera berria!
Laster Madalenetan izango gara eta, urtero bezala, hor izango da Koldo Mitxelena plazan Orereta Ikastolaren gunea: Erriola Gunea, gastronomiaz gain, kultur eskaintza zabalarekin. Eta egitaraua hemen da, labetik atera berria! Ikusi | Deskargatu Erriola Guneko egitaraua 2025 (langile atarian ere baduzue).
Izan boluntario!
Hori guztia, Erriola Guneko eskaintza gastronomikoa eta kulturala, txukun eta mimoz prestatu ahal izateko, ezinbestekoa da Ikastolako familia, guraso ohi, langile, ikasle ohien… laguntza. Beraz, Erriola Gunean parte hartu eta txosnako txandaren bat edo batzuk egiteko prest baldin bazaude, bete langile atariko inprimakia. Boluntario lanetan aritzen direnek kamiseta polit-polita ere jasoko dute trukean. Anima zaitezte!
Horrez gain, aurten ere bada erronka: ahal beste ikasle ohi aritzea boluntario lanetan Erriola Gunean. Ikastolako ikasle ohia bazara, aitzakia bikoitza duzu: eman izena eta elkartu aspaldiko lagun zaharrekin Erriola Guneko txosnan!
Zalantzarik, proposamenik edo iradokizunik izanez gero, idatzi mezua erriolagunea@oreretaikastola.eus helbide elektronikora. Aldez aurretik, eskerrik asko!
BESTELAKOAK
Tanta zozketa txartela: gaur jakingo da nor den 60.000€en irabazlea
Ikastolen festen diru-iturri nagusietakoa den Tanta boletoen zozketa gaur, ekainak 20, egingo da. ikastola.eus-en emango dute zenbaki sarituaren berri. Zorte on, denei!
Gogoratuko zaretenez, martxoan banatu genituen Ikastolako familien eta langileen artean Tanta zozketa txartelak.
Zumaiako Zumaiena, Euskal Herriko 115. Ikastola
Ikastolen Mugimenduko 115. Ikastola da, ekainaren 12tik, Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Urteko Ohiko Batzar Nagusian aho batez onartua izan zenetik, Zumaiako Zumaiena Ikastola. Irakurri albistea osorik ikastola.eus webgunean.
Zumaienako ordezkariak izanak dira Lino Berria ezagutzen eta Orereta Ikastolako irakasle eta zuzendaritza-taldeko kide batzuk ere egonak dira Zumaian beren eraikinak eta proiektua ezagutzen.