IKASTOLA MAILAKOAK
Prestakuntza eta jardunaldiak: EHIren Piztu Jakin-mina topaketak, maiatzaren 6an eta 7an
Ikastolen Elkarteak urtero antolatzen dituen Piztu Jakin-mina topaketen hurrengo hitzordua datorren astean izango da: maiatzaren 6an (HH-LH) eta 7an (DBH), Gasteizen (Europa Biltzar Jauregiko Green Capital aretoan).
Norbaitek Piztu Jakin-mina topaketetara joateko interesik izango balu, jar dadila harremanetan etapako zuzendaritza-taldearekin edo hala dagokion arduradunarekin. Langile atarian, prestakuntza eta jardunaldien atalean, topatuko duzue Piztu Jakin-mina topaketen bi egunetako egitaraua.
[GOGORATZEA] Ikastolaren Berdintasun Plana berritzea: maiatzaren 4a galdetegia betetzeko azken eguna
Apirilaren 11ko asteko oharretan esan bezala, Ikastolaren Berdintasun Plana iraungi egin da eta berritzeko prozesua jarri da abian. Horretarako, besteak beste, Ikastolako langile GUZTIEN ikuspegia jaso nahi du gaia kudeatzen laguntzen ari zaigun erakunde aholkulariak galdetegi bitartez. Hortaz:
- Bete, mesedez, galdetegi hau. Maiatzaren 4a da horretarako azken eguna.
- Ikusi bideo hau galdetegia bete aurretik. Galdetegia testuinguruan kokatzeko baliagarri da eta, esan bezala, komenigarria galdetegia bete aurretik ikustea.
Langile atariko gainaldeko azpimarretan ere badituzue galdetegiaren zein azalpen-bideoaren lotura zuzenak. Mesedez, bete galdetegia maiatzaren 4rako.
Asteazkenetako lantalde zein beste lan batzordeen (HIZPRO, ingurumena, berrikuntza…) 2024-25 ikasturteko jardunaren balorazioa eta betetze-maila
Badator 2024-25 ikasturtearen azken txanpa eta, beraz, honek eman duena ebaluatu eta baloratzea eta hurrengoa prestatzen hastea dagokigu.
Ikastolako zuzendaritza-taldeak Plan Estrategikoa 2022-27ren helburuak doitu eta helburu horiek neurtzea zein lantalde/batzorderi dagokion zehaztuko du maiatzaren amaierarako; eta azken hori egin orduko, hala dagokion lantalde/batzorde bakoitzari horren berri emango dio.
Asteazkenetako lantalde eta beste lan batzordeen (HIZPRO, ingurumena, berrikuntza…) maiatzean zeharreko egitekoa, berriz, ondorengoa izango da: 2024-25 ikasturteko jarduna ebaluatu eta baloratzea, eta betetze-maila zein den adieraztea. Nola?
- Asteazkenetako lantaldeak: langile atariko lantaldeen karpetan dagoen txantiloi hau oinarri, lehenik, egin txantiloi horren kopia bat lantaldeko karpetan; ondoren, bete txantiloi/inprimaki hori ikasturteko lana eta betetze-maila baloratuz/ebaluatuz; eta azkenik, amaitzean, abisatu lantaldearen arduraduna den zuzendaritzako kideari balorazioa/ebaluazioa eginda dagoela.Asteazkenetako lantaldeak aurten jarri dira martxan, berritasuna dira, eta lehen ikasturte honetako jarduna baloratu eta ebaluatzeak, urteko kudeaketa planerako ez ezik, lantaldeen beren funtzionamendua zein funtzioa doitzeko ere balioko du.
- Beste lan batzordeak (HIZPRO, ingurumena, berrikuntza…): azken ikasturteetan egin bezala egingo da: baloratu/ebaluatu urteko plana eta haren betetze-maila, gorde balorazio/ebaluazio txosten hori batzordearen karpetan, eta abisatu hala dagokion arduradunari txostena amaituta dagoenean.
Lantalde eta batzordeek hori eginda, ekainean, Ikastolako zuzendaritza-taldeak 2024-25 ikasturteko Urteko Kudeaketa Plan Orokorraren balorazioa egingo du eta 2025-26 ikasturtekoa definitzeari ekingo dio.
HIZPRO | Maiatzeko kalko okerra
Eskuragarri duzue maiatzeko kalko okerra Blaitu Klubaren atariko Jantzi euskaraz atalean. Bideoa eta posterra topatuko dituzue bertan, geletan landu ahal izateko. Ohi bezala, tutoreen esku geldituko da posterra inprimatzearen ardura.
Blaitu – Euskaraz Bizi: Erronkak saioaren ikasturteko bigarren eta azken hitzordua, Euskaraldiari lotuta
Datorren ostegunean, maiatzaren 8an, jarriko da martxan Blaitu Klubaren ikasturte honetako 2. Erronkak saioa (beti bezala, Blaitu Klubaren atarian izango duzue esku-eskura; baita langile atarian ere). Betiko moduan, programak saria duten txalentxa eta lehiaketa izango ditu; eta berritasunak ere bai: Euskaraldiari lotuta egongo da eta txalentxean, Ikastolakideez gain, hala nahi duen herritar orok parte hartu ahal izango du.
Herrian ezkutatuta egongo diren QR kodeak topatzea izango da txalentxeko lehenengo erronka, QR kode horien bitartez jakingo baitute parte-hartzaileek txalentxean egin beharrekoa zer den. Lehiaketan, orain arteko gisan, lau arrastoren laguntzaz ezkutuko hitza asmatu beharko da.
Gelan saioa ikustea proposatzen dizuegu, ikasleak txalentxean zein lehiaketan parte hartzera animatzea; eta zuek ere anima zaitezte 🙂 Oraingoan ere, Donostiako Mitologik ihes-gelarako bost lagunentzako bonoa (txalentxa) eta Blaitu bisera (lehiaketa) zozkatuko dira parte-hartzaileen artean.
Gogoratu, irakasleon esku-hartzea oso garrantzitsua dela ikasleak euskarara hurbiltzeko ahaleginean. Saia gaitezen ikasleak motibatzen eta parte hartzera animatzen, eta egin dezagun arraun norabide berean. Familiei datorren astean emango zaie honen guztiaren berri. Eta beti bezala… blaitu mingainak eta busti euskaraz!
Oiartzo – aurrematrikulazioa 25-26: emaitzak eta lehen balorazioa
2025-26 ikasturtean batxilergo-ikasketak egiteko aurrematrikulazio-epea apirilaren 11n amaitu zen. Oiartzok 105 eskaera jaso ditu.
- 97 eskaera (%92,4) Haurtzaro eta Orereta Ikastoletan DBH 4. maila egiten ari diren ikasleenak dira.
- Haurtzaro eta Orereta Ikastoletan DBH 4. maila egiten ari diren 108 ikaslek (163 ikasle dira, guztira) adierazi zuten bere garaian batxilergoa egiteko asmoa. 108tik 97k (%89,8) egin dute Oiartzoren aldeko hautua.
- 8 ikasle etorriko dira “kanpotik”: bost ikasle Oiartzungo Elizalde eskolatik, bat Beratik, bat Irundik eta beste bat Herri Ametsa Ikastolatik (azken biak bizilekuz/udalerriz aldatuko direlako datoz).
- “Kanpotik” etortzen direnak bazter utzi gabe, jatorrizko Ikastoletako (Haurtzaro eta Oreretako) ikasleen ihesa gutxitzeko egin behar da lan. Jatorrizko Ikastoletako batxilergoa egiteko asmoa duten ikasle denek Oiartzoren aldeko hautua egingo balute modu “naturalean”, Oiartzo, momentuz, lau lerroko Ikastola izango litzateke.
- 106 ikaslerekin lau lerro izango lituzke Oiartzok, hortxe dago muga (105 ikaslerekin, hiru). Behin betiko matrikulazioa ekainaren amaieran egin beharko da eta aurrematrikula-garaian baino eskaera gutxiago jasotzea aurreikusten da, besteak beste, aurrematrikula egin duten ikasle batzuek Lanbide Heziketan ere izena emateko asmoa bai baitute horretarako epea irekitzean. Beraz, 2025-26 ikasturtean Oiartzon hiru lerro izatea aurreikusten da (lehenengo zein bigarren mailan; egun lehenengo mailan ere hiru lerro baitaude).
Herri Urrats 2025: autobusa Ikastolatik
2025eko Herri Urrats festa maiatzaren 11n egingo da Senpereko lakuaren bueltan, “Elgarrekin” lemapean. Ikastolak hara joateko autobusa antolatu du, Ipar Euskal Herriko Ikastolek guztion babesa eta ekarpena zinez eskertuko baitute.
Autobusa Linoko geltokitik (Oiartzungo noranzkoan) aterako da goizeko 9:00etan eta 19:00etan abiatuko da Senperetik bueltan herrira. 13€ (helduak) eta 8€ (adin txikikoak) kostako da joan-etorria.
Herri Urratsera Ikastolak antolatutako autobusean joan nahi izanez gero, Esmalteriako bulegotik (15:30-17:30) pasa zaitezkete tiketak erostera. Erosoagoa bazaizue, eskatu etapako zuzendaritza-taldeko kideren bati edo zuen saileko arduradunari eta haren bitartez helaraziko zaizkizue tiketak.
ETAPA ARTEKOAK
HH | Pintura ekologikoak erabili dira Lino Berria margotzeko
“Kolore, kolore ta gustu guziak” dio Mixel Ducau eta Zaldiboboren abestiak; artisten baimenaz, “kolore, kolore ta gustu berde guziak” gehitu genuke guk errepika horretara. Zergatik? Lino Berriko gela eta espazio guztiek nahi adina kolore eta alaitasun dutelako, eta horrez gain, pareta horiek margotzeko Keim pintura ekologiko eta jasangarriak erabili direlako; hala, Orereta Ikastola Gipuzkoan aitzindari bihurtuz “Cradle to Cradle” ziurtagiria duten produktuak erabiltzen. Irakurri albistea osorik langile atarian (berrien atalean).
LH6 | Aste Santua aurreko Arnasa elkartearen aldeko azoka solidarioan 2312€ lortu zituzten
Diziplina arteko proiektuan, LH 6. mailako ikasleek Arnasa elkartearen aldeko merkatu solidarioa antolatu zuten Agirre Lehendakariaren eta Niessengo plazetan martxoaren 31n. 2312€ lortu zituzten.
Eskerrik asko LH 6. mailako irakasle eta ikasle denei egindako lanagatik!
BESTELAKOAK
Euskaraldia: herriko informazioaren ataria
Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era izango da martxan. Herriko batzordeak herriko dinamikaren informazio guztia atari honetan bildu du: izena zuzenean emateko lotura, hamaikakoa, ariguneen mapa, Whatsapp kanala… Eta berandu baino lehen ontzen bukatzen ari diren maiatzeko egitaraua eta informazioa ere bertan jarriko dute; baita txapak jasotzeko puntuak ere. Animatu parte hartzera! Elkar mugituz egingo dugu!
Madalenak 25: kartel lehiaketa
2025eko Madalenak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da maiatzaren 7ra arte. Informazio gehiago: herribizia.errenteria.eus