HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (25.02.28)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


EAEko Ikastoletako Lan Hitzarmen berria sinatu da

LAB sindikatuak (gehiengoa du Ikastoletan) eta EHIk EAEko Lan Hitzarmen berria sinatu zuten iragan otsailaren 19an. Hitzarmen berrian, negoziaketan zehar lortu diren adostasunak jasotzeaz gain, 2024ko urtarrilean sinatu zen aurreakordioaren edukiak ere jasotzen dira. Aurreko Lan Hitzarmenarekin alderatuta, hainbat hobekuntza bildu dira akordio berrian lan kontratuei, lanaldiei, lansariei, baimenei eta protokoloei dagokienez.

Langile atarian (informazio praktikoaren atalean) dituzue bi dokumentuak: sinatu berri den Hitzarmena eta 2024ko urtarrilean sinatu zen aurreakordioa. Hemen (EHIren prentsa oharra) duzue lortutako hainbat hobekuntzaren zerrenda.

Ikasturte amaierako osasun-azterketak

Ikasturtearen amaieran osasun-azterketak egin ohi ditugu eta horien berri ematera gatozkizue.

Aurten ere Fraternidad-Muprespa mutualitatearekin egingo ditugu. Oinarrizko ohiko azterketez gain, ondorengo azterketa osagarriak egiteko aukera ere badago: azterketa ginekologikoa, emakumeek; PSA markatzailea (odol-analisiarekin batera), 50 urtetik gorako gizonezkoek; eta azterketa laringoskopikoa, denek. Azken hiru azterketen kostuaren %50a langile bakoitzak hartzen du bere gain, Ikastola egiten da kargu beste %50az eta oinarrizko ohiko azterketen %100az. Azterketa guztiak borondatezkoak dira.

Bete, mesedez, langile atariko hala dagokion galdetegia azterketak antolatu ahal izateko. Azterketak egin nahi ez badituzu ere, erantzun, arren, aipatu formularioa, horren jakitun izan behar baitugu. Martxoaren 16a da horretarako azken eguna.

Datuen babeserako legedia: hainbat webgune eta software-tan saioa hasteko aukera blokeatu egingo da

Datuen babeserako legediagatik hainbat aldaketa izan ditugu azkenaldian, eta martxoa heltzearekin batera beste aldaketa bat jarriko da indarrean. Legediak ikasleen datuak babesteko neurriak zorrotzago betetzea eskatzen digu, eta, horrenbestez, hemendik aurrera arreta berezia jarri beharko diogu ikasleek Google-ren bitartez saioa hasten duten guneei. Halaber, familiei horren berri eman beharko diegu.

Hori dela eta, ikasleek/irakasleek beharrezkotzat jo ez dituzten webgune eta software-tan saioa hasteko aukera erabat blokeatuko dugu. Neurri honek urteetan izan dugun IKTeen gaineko filosofia eta hezkuntza-ereduarekin talka egiten du, baina legeak horretara behartzen gaitu. Beraz, zerbait baimentzea behar baduzue, aurrez jakinarazi beharko diguzue, onespena eman beharko da, eta familiak informatu beharko ditugu.

Bestalde, gure posta elektronikoaren erabilera egokiaren gaineko politikak gogorarazi nahi dizkizuegu (langile atarian dituzue, informazio praktikoa atalean). Horrez gain, prozedura bera erabiliz, hezkuntzari zuzenean lotzen ez diren webguneetan gure kontuen erabilera ere mugatuko dela jakinarazi nahi dizuegu.

Zalantzak argitzeko edo eragozpenak konpontzeko, jo IKT mintegira.

Eskerrik asko zuen ulermenagatik eta lankidetzagatik.

IKT mintegia.

Euskararen zuzentasun saioen euskarriak

Aurreko asteetan hainbat saio burutu ditugu klaustroz klaustro eta zerbitzuetako lankideekin euskararen zuzentasunaren harira. Segidan dituzue saio horietan erabili ditugun euskarriak: HH-LH-DBH | Zerbitzuetako langileak (langile atariko informazio praktikoan ere jarri ditugu, bestelakoen sailean).

Baliagarriak izango zaizkizuelakoan,

DBHko EUSkara mintegia.

MoreretaON 2025, martxoaren 7an

Aurtengo MoreretaON, martxoaren 8aren harira Ikastolako ikasle eta langileek egiten dugun hainbat orduko etengabeko korrikaldia, martxoaren 7an egingo dugu “Orereta, morez beteta” lemapean. Azken bi ikasturteetako bideari jarraikiz, errio bazterrean egingo dugu lasterka (Lekuona Fabrika eta Agirren Lehendakariaren plazaren artean, bereziki). Aurtengo omendua Izaskun Zubizarreta izango da, pasa den udan zendu zen kirolari eta Ikastolako ikasle ohia.

Udal ordezkariak eta herriko kirol zein eragile feministak ere gonbidatzen dira MoreretaON-en parte hartzera; baita Ikastolako familiak eta hala nahi duen herrikide oro ere arratsaldeko azken orduan.

Ikasleekin egingo dugun korrikaldiari buruzko xehetasunak etapako hezkidetza lantaldeko kidearen bitartez jasoko dituzue datozen egunetan.

Hezkidetza lantaldea.

HIZPRO | Martxoko kalko okerra

Eskuragarri duzue martxoko kalko okerra Blaitu Klubaren atariko Jantzi euskaraz atalean. Bideoa eta posterra topatuko dituzue bertan, geletan landu ahal izateko. Ohi bezala, tutoreen esku geldituko da posterra inprimatzearen ardura.


BESTELAKOAK


EHIren udaleku itxien eskaintza

EHIren udaleku itxien eskaintzaren berri heldu zaigu. Martxoaren 4an irekiko da izena emateko epea. Interesik izanez gero, hemen topatuko dituzue eskaintzaren xehetasunak.

Hainbat artikulu interesgarri