HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (25.02.21)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


Blaitu – Euskaraz Bizi | Bigarren Blaitu MHLZ lehiaketa, otsailaren 24tik martxoaren 2ra

Blaitu Klubak ikasturteko bigarren Blaitu MHLZ lehiaketa antolatu du otsailaren 24tik martxoaren 2ra. Inauterien bueltan, ETBko Mihiluze saioan oinarrituta, familia giroan eta euskaraz momentu dibertigarri eta atsegina pasatzea da ekimenaren helburu nagusia.

Otsailaren 24tik 28ra bitartean, Blaitu MHLZ jolas bat eskainiko da egunero Ikastolaren webguneko Blaitu Klubaren atarian. Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira martxoaren 2an, inaute-igandean, jokatuko den lehiaketa handirako. Martxoaren 2ko finalean parte hartzen duten lehiakide guztien artean, Urruñako WoWpark-erako sarrerak zozketatuko dira, etxeko kide guztientzat. Langile atarian dituzue xehetasun gehiago eta lehiaketan parte hartzeko aukera.

Familiei eman zaie Blaitu MHLZ bigarren lehiaketaren berri eta zuek ere geletan ikasleekin entrenamendu saioetan jokatzera animatzen zaituztegu, inaute-igandeko lehiaketa handirako prestatu eta momentu atsegin eta dibertigarria pasatzera! Animatu eta parte hartu! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!

Ikastolako gela eta espazioen erreserbak Inikaz egin behar dira

Akatsak ekidin eta barne funtzionamendua optimizatze aldera, bilera-gela, areto edo Ikastolako dena delako espazioak erreserbatzeko Inika erabili behar dugu (menuko baliabideen atala > erreserbak aukera). Bakarkako guraso bilerak egiteko Lino edota Esmalteriako gelak ere modu berean erreserbatu behar dira.

2025-26 ikasturtea: baimen eskaerak 

2025-26 ikasturtea antolatzen hasteko garaia hurbiltzen ari denez, plangintza eta antolaketarik egokiena egin ahal izateko, langileen asmoen berri izan behar du zuzendaritza-taldeak. Horiek horrela, datorren ikasturterako aparteko eskaerarik egiteko asmoa izango bazenu, bete langile atarian topatuko duzun inprimakia. Martxoaren 9a da horretarako azken eguna.

Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2025: langile bazkideei gogoratzea

Otsailaren 26an egingo da Orereta Ikastola Koop. E.-ko 2025eko Urteko Ohiko Batzar Nagusia Ikastolaren Linoko egoitzan (Santa Klara kalea, 7); 17:30ean lehen deialdian, 18:00etan bigarrenean eta 18:30ean hirugarrenean.

Gogoratu Batzar Nagusian parte hartzeko ezinbestekoa dela aurrez izena ematea. Batzarrera joateko aukerarik ez baduzu, joango den bikotekidearen edo beste bazkide baten esku utzi zure botoa. Izena emateko zein botoa delegatzeko (bazkide bati) / lagatzeko (bikotekideari) aukera duzu langile atarian. Otsailaren 23a da horretarako azken eguna.

Bide batez, jakizu, Aurrera! memoria 2025 (urtekaria) jada ikusgai dagoela. Langile ataritik hel zaitezke bertara ere.

Ikastolaren Eguna 2025, igandez

Azken urteetan Ikastolaren Eguna ekaineko lehen larunbatez ospatu izan badugu ere, aurten igandez egingo dugu: ekainaren 8an. Gure Esku ekimenak ‘Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki’ lelopean, «herri oso bat martxan irudikatzeko» mobilizazioa du deitua Bilbon ekainaren 7an, eta Ikastolaren Egunak hitzordu horrekin bat ez egitea eskatu digute Gure Eskutik. Eskaera aztertu eta onartuta, esan bezala, aurtengo Ikastolaren Eguna igandez, ekainaren 8an, ospatuko dugu. Ohi bezala, aurrerago emango dizkizuegu Ikastola Egunaren gaineko xehetasunak.

Anartz Muxika, Ikastolako zuzendaria, Onda Vasca irratian

Konfekoop-en (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa) bitartez, Onda Vasca irratiko “Euskarazko hezkuntza jomugan: digitalizazioa, hezkuntza lege berria eta matrikularen jaitsiera” tertulian hartu du parte Anartzek kooperatiba diren beste bi ikastetxetako ordezkariekin batera. Finantziazioaz, doakotasunaz, herri onurako eta irabazi asmorik gabeko izaeraz… ere jardun dira. Entzun tertulia osorik hemen.