HIZKUNTZAK

Zerbitzuak/administrazioa asteko oharrak (24.06.27)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


Artezkaritza Kontseilua: ekaineko bileraren deskargua

Atzo, ekainaren 26an, egin zen Artezkaritza Kontseiluaren ikasturte honetako azken bilera. Langile atarian duzue laburpena, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian.

Haur eskola: 2024-25 ikasturtea

22 haurrekin ekingo dio Ikastolako haur eskolak 2024-25 ikasturteari: 20 (HH1) + 2 (HH0). Irailerako kopuruak horiek izanik eta haur eskolan behin ikasturtea hasita ere matrikulak izaten ditugula aintzat hartuz, 2024-25 ikasturtean, orain arteko ohiko guneaz gain, Esmalteriako lehen solairuko beste bat ere hartuko du haur eskolak. Hau da, haur eskolako haur batzuk Esmalteriako lehen solairuan egongo dira.

Azken ikasturteetan baino haur gehiagorekin ekingo dio haur eskolak 2024-25 kurtsoari. Partzuergoko Haur Eskolak doakoak izango zirela jakin zenean Ikastolak bere haur eskolako kuotak ere doitzea erabaki zuen, eta aipatu gorakadan horrek ere eragina izan dezakeela uste da. Kuoten gainean hartutako erabakiak oraindik berri samarrak direnez, pixka bat itxaron beharko da tendentzia nabarmenagoak ikusi eta ondorio sendoagoak ateratzeko.

Blaitu Kluba: 1. ikasturteak eman ditu bereak

Amaiera eman diogu aurtengo ikasturteari eta honekin batera, Blaitu Klubak ere bukatutzat emango du bere lehen denboraldia. Egindakoa borobildu eta ginga jartzeko…

2023-2024 IKASTURTEAREN LABURPEN MAKING OF-A

Ikusgai duzue Blaituren atarian aurtengo ikasturtea laburbiltzen duen LHko platoko hartze faltsuen bideoa. Blaitu mingainak, busti euskaraz… eta egin barre!

AISIAZ EUSKARAZ GOZATZEKO BALIABIDEAK, ESKU-ESKURA

Udan ere euskaraz bustitzen jarraitzeko helburuz, Blaitu atarira familian aisiaz gozatzeko baliabideak gehitu ditugu. Bertan euskarazko jolasez, musikaz, literaturaz zein ikus-entzunezkoez gozatzeko proposamen-sorta aurkituko duzue. Erabilgarria eta interesgarria izatea espero dugu!

BLAITU PLAYLIST-A ENTZUNGAI SPOTIFY-N

3. Busti! programan proposatu bezala, LHko ikasleen kanta kuttunekin abesti zerrenda anitza osatu dugu Orereta Ikastolaren Spotify kontuan (Blaituren ataritik erraz hel zaitezkete bertara). Madalenetako Ikastolaren Erriola Gunean ere entzungai izango da Blaituren playlist-a.

LHKO BLAITUKIDEEI ELKARRIZKETA

1. denboraldi arrakastatsu honetako hainbat protagonistekin (LHko ikasgeletako hainbat blaitukiderekin) elkartu gara beren sentsazioak eta bizipenak gertuagotik ezagutzeko. Lerroburu ugari utzi dizkigute. Langile atarian (albisteen atalean) duzue irakurgai elkarrizketa. Biba zuek, blaitukideak, lan itzela egin duzue!

Madalenak 24 – Erriola Gunea: txosnarako boluntarioak eta festarako egitaraua

Aste gutxi barru Madalenetan izango gara eta urtero bezala, hor izango da Koldo Mitxelena plazan Orereta Ikastolaren gunea: Erriola Gunea, gastronomiaz gain, kultur eskaintza zabalarekin.

TXOSNARAKO BOLUNTARIOAK

Orain bi aste esan bezala, boluntarioak behar ditugu Erriola Gunean lanean aritzeko. Erriola Guneko eskaintza gastronomikoa eta kulturala txukun eta mimoz prestatu ahal izateko, ezinbestekoa da Ikastolako familia, langile, ikasle ohien… laguntza. Beraz, Erriola Gunean parte hartu eta txosnako txandaren bat edo batzuk egiteko prest baldin bazaude, bete langile atarian topatuko duzun inprimakia. Boluntario lanetan aritzen direnek kamiseta polit-polita ere jasoko dute trukean. Anima zaitezte!

Zalantzarik, proposamenik edo iradokizunik izanez gero, idatzi mezua erriolagunea@oreretaikastola.eus helbide elektronikora. Aldez aurretik, eskerrik asko!

FESTARAKO EGITARAUA

Erriola Guneko egitaraua oraindik erabat ofiziala ez bada ere, jakin badakigu, besteak beste, Anje Duhalde, Zilibito Records, Andoni Ollokiegi, Punttu Kakotx eta Alarma Morea bertan izango direla. Uztailaren 25eko Blaitu Festa (DJ Arimarekin) izango da berritasunetako bat.

Datozen egunetan emango da Erriola Guneko egitarau ofizialaren berri. Jarraitu adi-adi Erriola Gunearen sare sozialak edota Ikastolaren webguneko berriak 🙂

Ikastolen VII Batzarra: hartutako erabakiak

Pasa den larunbatean, ekainaren 22an, egin genuen Iruñeko Baluarte Kongresu Jauregian Euskal Herriko Ikastolen VII Batzarra, Ikastolon hurrengo zortzi-hamar urteetarako ildo nagusiak adostu eta erabakitzeko biltzarra. Han izan ziren Orereta Ikastolako zuzendaritza-taldeko eta Artezkaritza Kontseiluko ordezkariak ere.

Langile atarian (azpimarren atalean) topatuko duzue hartutako erabakien berri, VII Batzarraren beraren kronika laburrarekin batera.


BESTELAKOAK


Tanta zozketa-txartela: zenbaki saritua

Pasa den ostiralean, ekainaren 21ean, egin zen Ikastolen jaien aldeko Tanta zozketa txartelen zozketa. 54.288 zenbakia izan da zenbaki saritua; eta 66.204 ordezkoa. Lehena Anoetako Ikastolan saldu da, eta ordezkoa, berriz, Pasaia-Lezo Lizeoan.

Saridunak hilabeteko epea du 60.000 euroak jasotzeko. Zenbaki sarituaren jabea azalduko ez balitz, ordezkoa duenak beste hilabetekoa.

Zorionak 60.000 euroen irabazleari eta eskerrik asko txartelak erosiz eta zozketan parte hartuz Euskal Herri osoko Ikastolon jaiak eta mugimendua, guztiona den eta izan nahi duen hezkuntza eredu herritarra, babestu eta lagundu duzuen denei!

 

ESKERRIK ASKO AURTENGOAN ERE EGINDAKO LANAGATIK! DESKANTSATU ETA GOZATU MEREZITAKO OPORREZ!

UDA ON, DENEI!