ETAPA MAILAKOAK
MILA KILO ZORION!
Mila kilo zorion
dizugu eskaintzen,
beste urte berri bat
duzulako hasten.
Baietz asmatu zenbat
dituzun betetzen,
zergatik ez ditugu
txaloka kontatzen?
24: Ander Aguilera
27: Ainhoa Larraz
28: Mikel Zabala
Asteko ekintzak: Ikus Calendar
- LH: Guraso bilera orokorrak
- LH1: Inikan bakarkako bileretarako hitzorduak eskaini
- LH: Pedagogia
- LH: Arratsaldeko autobusak 16:10ean
LH1: Bakarkako guraso bilera
Irailaren 29tik aurrera, LH 1. mailako tutoreek bakarkako guraso bilerak hasiko dituzte. Hori dela eta, datorren astearterako, irailaren 23rako, Inikan hitzorduak eskainiak izan behar dira.
Zubiak Eraikiz
Aurreko ikasturte bukaeran hainbat ikastola (Labiaga, Tantirumairu eta Baztan) atxikitu ziren Zubiak Eraikiz proiektura. Hortaz, dagoeneko bederatzi gara proiektua osatzen dugun Ikastolak.
Ikasturte hasiera guztietan bezala, lehen urratsa gelak harremanetan jartzea da. Horregatik, Euskal Herriko ikastola desberdinetako ikasleekin harreman berriak sortu nahi dituzuenoi, hurrengo dokumentuan izena ematea eskatzen dizuegu.
dAtorren hilabetean jakinaraziko dizuegu harremanak nola gelditu diren eta zeintzuk izango diren hurrengo pausoak.
Jarrai dezagun zubiak eraikitzen.
Euskal Komikiaren Eguna
Irailaren 29an Euskal Komikiaren Eguna lehen aldiz ospatuko dela eta, irakurzaletasuna sustatzeko lantaldetik, aste horretan zehar irakurketa saioan landu beharrekoa laburbiltzen dugu ondorengo azalpenean. Aurreko astean (irailaren 22tik 26ra) ikasleei etxean dituzten euskarazko komikiak ekartzeko eskatuko diegu, girotze aldera.
Brigadak
Ikasturtea hasi bezala martxan dira ikastolako eremua garbi mantentzeko brigadak. Beste urteetan bezalaxe, zikloka lan ezberdinak edukiko ditugu. Haztenekoek jolas eremuan topatzen dugun zaborra bildu, sailkatu eta honen inguruan hausnartzera animatuko ditugu ikasleak. Heltzenekoek, aldiz, organikoaren edukiontziak bildu eta konpostagailuko lana izango dugu gure gain. Azken urteotan bezala, azken horiei plastikoa beheko auzora garraiatzeko lana mantenduko diegu. Adi, gela ondoan dagoen plastikoa soilik atera behar da. Ikasleek ez dute gelaz gela plastikoa jaso beharrik. Manten dezagun denon artean Añabitarte txukun.
Erregistro orriak
Gogoratu, hilaren bukaeran, lan erregistroaren fitxa zuzendaritzan jarri dugun kutxatxoan utzi beharko duzuela. Bakoitzaren kodea azaltzen den orrialde bat topatuko duzue ondoan. Bertan, zuen izenaren ondoan “x” bat jartzea eskatu nahi dizuegu entregatzen duzuenean.
Baja motzen kasuan, erregistro orrian “baja” idatzi behar da egun horietan. Baja luzeak direnean, aitatasun edo amatasun bajak esaterako, ez dira erregistro orriak bete behar.
Klaustroa
Datorren asterako aurreikusia genuen klaustroa bertan behera utziko dugu.
Etapa barruko lantaldeak
Ikasturte berria hasi dugunez, gogoratu iaz bezala zuen lantaldeetako karpetetan aurtengo ikasturterako helburuak adierazten dituen fitxa bete beharko duzuela. Honetaz gain, aztergaiak eta aktak jasoko dituen dokumentua ireki beharko duzuela eta bertan jaso bileraz bilera hitz egin eta adostutakoak.
ETN saioak
Zorionak, yoga saioetarako taldea osatzea lortu dugu!
Datorren urriaren 3a izango da lehen saioa. Data guztiak irailak 5eko klaustroan dituzue zehaztuak. Saioak Gardene gelan egingo dira.
Kilometroak
Dakizuen bezala, urriaren 5ean, Kilometroak Eguna ospatuko dugu Elgoibarren. Boluntarioak behar dituzte eguna nahi eta behar bezala antolatzeko, beraz, mezu hau, guraso bilera orokorrean aipatzeko eskatu nahi dizuegu.
Asteko kanta
- Irailaren 23an zeinu hizkuntzaren nazioarteko eguna dela eta, datorren astean “Zurekin batera” kanta entzungo dugu.
IKASTOLA MAILAKOAK
Lainoko “partekatu eta borratzekoak” karpeta hustuko da
Memoria eta edukiera mugagatik, lainoko “partekatu eta borratzekoak” karpeta hustuko dela jakinarazten dizuegu: 2025eko irailaren 1a baino data zaharragoa duten dokumentuak ezabatu egingo dira.
Gogoratu “partekatu eta borratzekoak” karpeta lantalde, komisio, egun berezietako… materiala lankide askorekin/denekin partekatzeko sortu genuela, baimen arazorik ez izateko. Berdin funtzionatzen jarraituko du aurten ere; hori bai, dokumentuak iraungitzean, arduratu, mesedez, ezabatzeaz.
Komunikazio ez-bortitza: egoera zail eta deserosoak kudeatzeko bideo-pilulak
Pasa den ikasturteko azken langile batzarrean esan bezala, iaz komunikazio ez-bortitzaren gainean egindako ikastarotik azpibatzorde bat sortu zen, ikastaroan landutako hainbat gauza praktikara eramateko ekintzak pentsatu eta diseinatzeko.
Proposamen horietako bat da Ikastolan sor daitezkeen egoera zail eta deserosoak kudeatzen laguntzeko bideo-pilulena. Bideo-pilulak ikusgai izango dituzue hala behar edota nahi duzuen aldiro langile atariko informazio praktikoa atalean, ongizatea eta garapena sailean. Oraindik hasita, hilabeteko hirugarren ostiralean, pilula bat gehituko dugu bildumara.
Lagun handi, lagun txiki: egutegi-taula osatzeko laguntza eskaera
Irailaren 1eko ikasturte hasierako langile batzarrean, taldetan banatu ginen “Lagun handi, lagun txiki” egitasmoaren topaketak irudikatzen hasi eta topaketa horien egutegia zehazteko. Lainoarekin arazoak izan genituen egun hartan eta ez dugu inon erregistratuta talde haietan landutakoa. Horiek horrela, talde bakoitzean idazkari lanak egin zituenari ondorengo mesedea eskatzen zaio: taula honetan bileran hitz egindakoa jartzea. Irailaren 22a da horretarako azken eguna.
Lantaldeen gaineko oharra: langile ataria eguneratuta | lehen bilerak
Langile atariko etapa arteko lantaldeen informazioa (taldeen zerrenda, bakoitzaren helburuak eta partaideak…) eguneratu dugu. Hor duzue ikusgai hala behar edota nahi duzuen aldiro.
Bestalde, lantaldeen ikasturte honetarako helburu eta ekintzen proposamena urriaren hasierarako prest eduki behar denez, lantalde bakoitzaren arduraduna jarriko da (jada jarri ez bada) hala dagokien partaideekin harremanetan lehen bilera egiteko. Bigarren ohar hau lantaldeetan parte hartuko duten lankideentzako da; ez ekarpen-ordua beste modu batera beteko dutenentzako.
Irailak 27 | Auzolanerako deia: Añabitarteko berdeguneak garbitzea
Ikasleek erabiltzen dituzten baso-eskola, baratzea, zelaiak, adaxkak eta zuhaitzak ikasturtean zehar txukun mantentzeko lanak egiten dira, eta behar bezala zaintzeko noizbehinkako garbitze-lan sakonagoak ere behar izaten dituzte. Uda pasa berritan, belarra hazita, berriz ere badute horretarako beharra.
Garbitze-lan sakonago horiek auzolanean egiten dira eta uda osteko lehen hitzordua irailaren 27an jarri dugu (08:00etan, Baserriaren atarian). Eguna alda daiteke eguraldiaren arabera. Sasi-garbitzeko makina (desbrozadora) erabiltzen dakien jendea etortzea asko eskertuko genuke; eta ahal balitz, norberak sasi-garbitzeko makina ekartzea ere bai (boluntario denentzako adina erreminta ez baitaude Ikastolan). Bete langile atariko hala dagokion inpimakia eta lagundu Añabitarte polit eta zainduta mantentzen! Irailaren 23a da izena emateko azken eguna.
Garbitze-lanak egiteko talde eragilea osatuta dago. Gisa horretako lanetan eskarmentua duten ikastolakideak dira eta zehaztua dute zer lan eta nola egin. Laguntzaileak behar dituzte egitekoak errazago eta azkarrago egiteko.
BESTELAKOAK
Zuzendari berria Konfekoop-ek
Erreleboa dator Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko zuzendaritzara. 2026ko urtarrilaren 1ean, Mikel Larrea Azpeitiak Iñaki Nubla Otaolaren lekukoa hartuko du, erretiroa hartuko baitu Nublak. Mikel Larrea Azpeitia kooperatiben mundutik dator, EROSKI S.COOP-en egin du orain arteko bere ibilbide profesionala.
Hainbat irakurgai interesgarri
- “Barebacking”: begiratu leihotik (Hiperkonektibitatearen gaineko Enekoitz Telleriaren erreportajea | Berria)
- “Eskola Bikaina Denontzat: herri-konpromisoa” iritzi artikulua (Begoña Pedrosa | Berria)