ETAPA MAILAKOAK
MILA KILO ZORION!
Mila kilo zorion
dizugu eskaintzen,
beste urte berri bat
duzulako hasten.
Baietz asmatu zenbat
dituzun betetzen,
zergatik ez ditugu
txaloka kontatzen?
Urriak 23: Maitane Oñatibia
Urriak 25: Naroa Perez eta Maddi Vega
Asteko ekintzak: Ikus Calendar
- LH3A eta 3C: Liburutegiko saioak
- LH: Udaletxeak antolatutako euskara errefortzu saioak
- LH: Pedagogia saioa asteazkenean
- LH2: Ataunera irteera
- LH: Komunikazio asertiboa formazioaren 3. saioa
- LH5: Igartubeitia baserria
- LH: Hizkuntzaren erabileraren neurketa
AGH
Dokumentu honetan, AGH protokoloaren inguruko informazioa duzue. Dakizuen bezala, LH1 eta LH6ko ikasleei aplikatzen zaie protokolo hau.
Mindara
LH 3. mailako ikasleak egiten ari diren Mindarako saioak direla eta, datorren astean goiko eremua erabiliko dute.
Zubiak Eraikiz
Azaroaren 4rako Zubiak Eraikizeko lehen gutun edo opari trukaketak eginak behar dute. Hauek bideratzeko Ainara Aranburu edo Ane Beltrani eman diezaizkiekezue.
Dokumentu honetan informazio gehiago aurki dezakezue.
Gau Beltza
Aurreko astean esan bezala, gaurkoan informazio gehiago ekartzen dizuegu:
- Gelan gaia lantzeko jarduerak batzuk aukeratu ditugu, eta horrez gain, herriko beste ikastetxeekin partekatzeko unitate didaktiko bat ere sortu dugu eta eskuragarri daukazue. Modu honetan, aukera izango zenukete bestelako zerbait egiteko.
- Urtero bezala, DBHko ikasle talde batek Haztenekoei eta AEKko ikasleek Heltzenekoei ipuinak kontatzera etorriko zaizkigu baserrira. Bakoitzaren eguna eta ordua ere zehaztuta dago. Mesedez errespetatu gela bakoitzari dagokion ordutegia.
- Esan bezala, ikasleen parte hartzeko aukera urterokoa izango da. Horretarako, ikasleei desfilean egokitu zaien ardura azalduko diegu eta ea parte hartu nahi duten galdetu. Antolaketa errazteko, dokumentu honetan parte hartuko duten ikasleen izen-abizenak jaso urriaren 25erako.
Honako dokumentu honetan daukazue dena jasoa eta Calendarren ere topatuko duzue.
Bukatzeko, gogoratu ekimena aurrera ateratzeko denon laguntza beharrezkoa dela. Beraz, animatu eta eman izena egunean bertan laguntzeko! ESTEKA
Edozein zalantza edo proposamen baduzue gerturatu lasai guregana!
Herrigintza lantaldea
Hizkuntzaren erabileraren neurketa
Iaz aipatu genizuen bezala, Hizpro taldeak hizkuntzaren erabileraren neurketa bideratuko du Ikastolan ikasturte honetan zehar. Egiteko honek bi helburu nagusi ditu: Ikastolako errealitatea ezagutzea eta ikasturtean zehar egiten ditugun ekintzek gure komunitatean zein eragin izan dezaketen neurtzea. Horretarako, bi neurketa egingo ditugu eta lehen neurketa datorren urriaren 24an izango da. Datorren asteazkeneko pedagogia bileran Hizprok emango duen azalpenean jakinaraziko dizkizuegu xehetasun gehiago.
Juul kanpaina
Jada ikasleei banatu beharreko liburu-zerrendak prestatuta daude. Era berean, datorren astetik aurrera liburutegian liburu hauek ikusgai izango dituzue. Ikasleei liburuak aurkeztea komeni da hurrengo irakurketa saioetan. Gurasoei ere asteazkenean bidaliko zaie liburu-zerrenda.
- Juul LH 3. mailakoentzat liburu-zerrenda
- Juul LH 4. mailakoentzat liburu-zerrenda
- Juul LH 5. mailakoentzat liburu-zerrenda
- Juul LH 6. mailakoentzat liburu-zerrenda
Asteko kanta
Urriaren 31n Gau beltza ospatuko dugunez, datozen asteetan Pirritx eta Porrotxen “Arimen gaua” entzungo dugu.
IKASTOLA MAILAKOAK
Administraziopeko eta itunpeko ikastetxeetako (tartean, Ikastoletako) irakasleen soldata-ekiparazioaz
Irailaren 2ko ikasturte hasierako langile batzarrean aipatu bezala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren asmoetako bat administraziopeko eta itunpeko ikastetxeetako (tartean, Ikastoletako) irakasleen soldata parekatzea da. Abuztuan eman zuen horren berri Begoña Pedrosa sailburuak eta horretarako, orain, aste honetan egin den Gobernu Batzordean, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontu Legea aldatzea onartu du; Eusko Legebiltzarrera igorriko dute lege proiektua eta haren onespena beharko da aurrera egiteko. Ekiparazio progresiboa egitea da asmoa: 2027rako nahi dute soldatak parekatzea, eta atzerako eragina izango du 2023tik.
Irakasleen soldata-ekiparazioaz ari gara, ez langile guztienaz. Ordainketa eskuordetuan dauden irakasleen parekatzea hartuko du bere gain Hezkuntza Sailak, ordainketa eskuordetutik jasoko duten nominan aplikatuz igoera zuzenean. Ordainketa eskuordetuan ez dauden irakasleen ekiparazioa Ikastolek beraiek hartuko dute beren gain (horretarako diru-sarrera gehigarririk izan gabe Hezkuntza Sailetik). Irakasleak ez diren langileen soldaten momentuan momentuko igoerak ere (ez ekiparaziorik), orain arte bezala, Ikastolek beraiek hartuko dituzte beren gain. Eta horrek guztiak, beraz, ez du doakotasunerako bidea errazten.
Gaiaren eta hainbat xehetasunen aipamena egin nahi izan dizuegu, batetik, gaia prentsan delako egun hauetan ere, eta bestetik, aste honetako Gobernu Batzordearen ostean Pedrosa Sailburuak egindako adierazpenen gaineko balorazioa egin duelako Ikastolen Elkarteak (hemen duzue irakurgai), eta uste dugulako emandako xehetasunek hori behar bezala ulertzen laguntzen dutela. EHIk norabide onean ikusten du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak hartutako erabakia eta, aldi berean, ezinbestekoa ikusten du gainerako langileen soldata-ekiparazioa eta ikasleen arretan beharrezkoa den bestelako finantziazioa ekarriko dituzten neurriei berehala ekitea.
Gaiari lotutako adierazpenak LAB sindikatuak ere egin ditu. Ikastolen Elkarteak LAB sindikatuaren prentsa oharra Ikastolen mugimendurako iraingarria eta oso mingarria dela adierazi du (irakurri EHIren adierazpena).
ETAPA ARTEKOAK
Eskolaz kanpoko ekintzak | Urria heltzearekin batera, martxan da ikasturte berria!
Ikasgelek iraila izaten dute egutegian gorriz markatuta, eta eskolaz kanpoko ekintzek, berriz, urria. Elkarren lagun eta osagarri izanagatik, bakoitzak bere momentua, bakoitzak bere lekua. Orereta Ikastolaren aurtengo eskolaz kanpoko eskaintza bederatzi ekintzek osatzen dute eta 400 ikasle dabiltza batean ez bada bestean beren gozamena eta ikasketak osatzen. Informazio gehiago, langile atarian (albisteen atalean).
BESTELAKOAK
Araba Euskaraz 2025 aurkeztu dute
Orain egun gutxi aurkeztu dute Araba Euskaraz 2025. Bastida Ikastola laguntzeko xedea izango du datorren urteko edizioak. Azken aldietan bezala, Arabako Ikastola guztien artean antolatuko dute ekainaren 15ean eta “etengabe” lemapean Olarizun egingo den festa. Irakurri xehetasun gehiago.
Konfekoop aldizkariaren 102. zenbakia
Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, aldizkaria argitaratzen du hiru hilabetero. Ikastolok Konfekoop Irakaskuntzako kide izanik, aproposa iruditzen zaigu, hemendik aurrera, aipamena egitea aldizkariaren ale berriak atera ahala. Hemen duzue irakurgai azken alea; tartean, hezkuntzari lotutako erreportaje bat ere bai.