HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (24.03.15)


ETAPA MAILAKOAK


Asteko ekintzak: ikus Calendar

  • LH2: Badyg froga
  • LH6: Merkatu solidarioa
  • LH5: Peru Harri
  • LH: Korrika Txikia
  • HELTZEN: Buletina

Geletako ateak

Jangelako orduan, arazoak sortzen ari dira geletako sartu-irteerekin. Hori dela eta, datorren astetik aurrera, ikasleak eguerdian jangelara joatean ateak giltzarekin itxiko ditugu.

Practicum

Jon Alustizarekin praktikak egin dituen Ekaitz Agirrek hurrengo ostiralean bukatuko du praktikaldia. Eskerrik asko, Ekaitz!

Korrika Txikia

Dokumentua honetan, KORRIKA TXIKIko egitaraua duzue.

Blaitu Kluba: geletan landu beharrekoa

Etapa arteko oharretan ikus dezakezuen bezala, datorren astean Blaitu MHLZ lehiaketaren 2. denboraldia jarriko dugu martxan eta Erronkak saioaren 2. atala argitaratuko dugu. Horren harira, astelehenean, ikasleekin lehiaketako aurkezpen bideoa ikusteko eskatzen dizuegu, ekimenaren berri izan dezaten eta familian jolastera anima daitezen. Bestalde, ikasleei lehiaketaren berri ematen duen txarteltxoa banatu beharko diegu.

Erronkak saioari dagokionez, astea amaitu aurretik programa geletan ikusiko dugu eta txalentxean eta lehiaketan parte hartzera gonbidatuko ditugu ikasleak.

Sortaldeak

Datorren astetik aurrera, sortaldeek komunikatu behar duten hori asteko oharretan komunikatuko dugu, Inikaren bitartez beharrean. Beraz, sortaldeek zuzendaritzarekin jarri beharko dute harremanetan komunikatu nahi duten hori helarazteko.

Asteko kantak

Datorren astean entzungo ditugun kantak:


IKASTOLA MAILAKOAK


Ikastolen Lan Hitzarmena: behin behineko soldata igoera

2024ko martxoaren 7an bildu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ikastolen Lan Hitzarmenaren mahaia eta aldebakarrez honakoa onartu zuen: 2023ko urtarriletik hasita, soldatan %0,5eko igoera aplikatuko zaie kategoria guztiei, bai oinarrizko soldatan, baita antzinatasunean ere (2023ko urtarriletik 2024ko otsailera bitarteko atzerapenak barne).

Jakin badakigu Ordainketa Eskuordetutik, batetik, martxoko nominan igoera aplikatuko dutela eta bestetik, 2023ko urtarriletik 2024ko otsailera bitarteko atzerapenak ere martxoko nominarekin batera ordainduko direla.

Horiek esanda, kontuan izan ondorengoak:

  • Nomina Ikastolatik jasotzen baduzu, batetik, martxoko nomina jasoko duzu, eta bestetik, 2023ko urtarriletik abendura bitarteko eta 2024ko urtarrileko eta otsaileko atzerapenak bi nominetan edo gehiagoan (izan duzun kontratu kopuruaren arabera).
  • Nomina Ikastolatik eta soldataren zati bat Ordainketa Eskuordetutik jasotzen baduzu, martxoko nomina eta atzerapen guztiak batera ordainduko zaizkizu. Ordainketa Eskuordetuak dena batera ordaintzen duenez eta Ikastolak, aldiz, nomina eta atzerapenak bereizi egin behar dituenez, baliteke martxoko nomina negatiboa izatea. Hala bada, ez egin itzulketarik; Ikastola bera arduratuko da hurrengo egunetan hala dagokizuenei kargua egiteaz.

Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2024: deskargua eta hainbat euskarri interesgarri

2024ko otsailaren 28an egin zen Orereta Ikastola Koop. E.-ko Urteko Ohiko Batzar Nagusia. Langile atarian duzue deskargua, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian. Laburpen horrez gain, Ikastolako webguneko bazkideen atalean jarri dira publiko Batzar Nagusiari lotutako hainbat euskarri interesgarri: Aurrera! memoria, Kilometroak 23 Urtearen laburpen bideoa (Aurrera! memoriaren barruan) eta Orereta Ikastola Koop. E.-ren estatutu eguneratuak, besteak beste.

Itziar Navarrok berak emailez aurreratu bezala, Ikastolako lehendakari izateari utzi dio. Xabier Gorratxategik hartuko dio lekukoa. Horixe Batzar Nagusiko azpimarra nagusietako bat. Beste azpimarra bat Kilometroak 23 Urtearen laburpen bideoan jarriko genuke guk, hainbat eta hainbat hilabetez egindako lanari distantzia pixka batetik begiratu eta are gehiago baloratzeko aukera ematen baitu. Nahi izanez gero, hementxe duzue ikusgai.

Oiartzo: aurrematrikulazioa 2024-25

2024-25 ikasturtean batxilergo-ikasketak egiteko aurrematrikulazio-epea apirilaren 8tik 19ra artekoa izango da. Kanpaina bere horretan martxan jarri aurretik, jada Oiartzoko lankideak Haurtzaro eta Oreretan izanak dira (familiekin nahiz ikasleekin), eta bateko zein besteko DBH 4. mailako ikasleek Oiartzo bisitatu dute. Ate irekien saioa apirilaren 9an egingo da. Aurreikuspena 2024-25 ikasturtean, 1. mailan, hiru lerro izatea da. Egun, hiru lerro ditugu 1. mailan eta lau bigarrenean.

MoreretaON: balorazio-inprimakia

MoreretaON-eko lantaldeak balorazio-inprimakia prestatu du martxoaren 8aren bueltan egiten dena baloratzeko eta etorkizunerako proposamenak jasotzeko. Lankideek betetzea eskatu dute. Beraz, eskertuko genizueke erantzuteko tarte bat hartzea. Langile atarian topatuko duzue aipatu inprimakia. Bidenabar, eskerrik asko denei ekimenean parte hartu eta lagundu izanagatik!

23. KORRIKA: anima zaitezte Ikastolaren kilometrora!

KORRIKA ofizialaren 23. edizioa martxoaren 23an helduko da gure herrira eta Ikastolaren kilometroan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Ikastolaren kilometroa 2656.a izango da. Martxoaren 24ko 00:05ak aldera helduko da lasterketa kilometro horretara, Galtzaraborda 53. zenbakira (autobus geltokira). Herriko DBHko eta batxilergoko ikastetxeetako gazteek ekarriko dute lekukoa Beraungo Eroskitik behera eta herriko ikastetxeetako ordezkariei emango diegu Bizarain ikastetxearen parean bukatzean.

Ikastolako kilometroan, Ikastolako familia batek eramango du lekukoa. 2019an langileen ordezkariek eraman zuten; 2022an, bazkide batek; eta aurtengoan, txandaka egiten denez, esan bezala, familiena izango da aukera. Inprimaki bat betetzen ari dira lekukoa eraman nahi duten familiak, eta martxoaren 21ean zozketa egingo da izena eman dutenen artean.

Ikastolako kilometroan parte hartzeko gonbitaz gain, DBHko eta batxilergoko gazteenean eta herriko ikastetxeenean ere lasterka aritzera animatu nahi zaituztegu, Ikastolarenak ere izan bai baitira kilometro horiek.


ETAPA ARTEKOAK


Mindara elkartearen aldeko azoka solidarioa martxoaren 18an, LH 6. mailako ikasleen eskutik

LH 6. mailako ikasleek Mindara elkartearen aldeko merkatu solidarioa antolatu dute martxoaren 18an. 10:00etatik 13:00etara, Agirren Lehendakariaren eta Niessengo plazetan egongo dira 2. eskuko jostailu eta jolasak eta eskuz egindako gauzak saltzen.

Mindara elkartearen aldeko merkatu solidarioa diziplina arteko proiektu baten fruitua da. Ingurunea arloan, gobernuz kanpoko erakundeak lantzen aritu dira: zer diren, zer egiten duten… Herrian gisa horretako erakunderik ba ote den bilatzen hastean egin dute topo Mindararekin, eta antolatu dute merkatu solidarioa ingurunea ez beste hainbat arlotako edukiak nahiz lanketak txertatuz eta antolaketarako ikasgela arteko hainbat lan-batzorde osatuz.

Blaitu Kluba: Blaitu MHLZ lehiaketa martxoaren 18tik 23ra eta Erronka Aste Santuko oporretan

BLAITU MHLZ LEHIAKETA

Blaitu Klubak  2. “Blaitu MHLZ lehiaketa” antolatu du, martxoaren 18tik 23ra. 23. KORRIKAren aitzakian, ETBko Mihiluze saioan oinarrituta, familia edota lagun giroan eta euskaraz momentu dibertigarri eta atsegina pasatzea da ekimenaren helburu nagusia.

Martxoaren 18tik 22ra bitartean, “Blaitu MHLZ” jolas bat eskainiko da egunero Ikastolaren webguneko Blaitu Klubeko atarian. Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira martxoaren 23an, KORRIKA gure herritik pasako den egunean, jokatuko den lehiaketa handirako. Martxoaren 23ko lehiaketako irabazleak Urruñako WOW parkerako sarrerak eskuratuko ditu etxeko kide guztientzat. Langile atarian dituzue xehetasun gehiago eta lehiaketan parte hartzeko aukera.

ERRONKAK PROGRAMA

Ikastolako komunitate osoari zuzendutako Erronkak programaren bigarren emisioa Aste Santua aurretik estreinatuko da, saria duten lehiaketa zein txalentxekin. Hortxe, beraz, oporretarako plana.

Animatu eta parte hartu Blaitu MHLZ lehiaketan eta Erronkak programan, eta animatu ikasleak eta familiak ere gauza bera egitera! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!

MoreretaON 2024: harro more! (argazki-galeria)

Pasa den ostiralean, martxoaren 8an, egin genuen aurtengo MoreretaON, etenik gabeko hainbat orduko korrikaldi morea. Langile atarian (albisteen atalean) duzue ekimenari buruzko kronika irakurri eta argazki-galeria ikusteko aukera.

Errio bueltan korrika, harro herri oihuka; halaxe joan da aurtengo MoreretaON. Eskerrik asko, Ikastolako 1200 ikasle eta langileei eta 70 udal ordezkari, herriko elkarteetako kide, familia eta herrikide den-denei! Garrantzitsua da oso gizarteko erpin ezberdinetatik berdintasunaren alde egiten den lana, eta hortaz, izugarri estimatua zuen presentzia eta ekarpena!


BESTELAKOAK


Orereta Ttiki haur eskolak ateak itxiko ditu 2024ko uztailean

Erabaki zaila izan da, pentsatuko duzuen moduan. Jaiotzen jaitsierak eta administraziopeko haur eskolak doakoak izateak matrikulazioa nabarmen jaistea ekarri dute; eta Orereta Ttiki ixteko erabakia aurreratu egin da. Bestela ere etorkizun zaila zuten aurrean, Udalak lagatako eraikina eraistera baitoaz.

Elkarlanean aritu gara Orereta Ttikikoekin urteetan eta Ikastolatik sortutako proiektua izanik, pena handiz jaso dugu berria. Zorterik onena opa diegu bertako langileei.

Herri Urrats 2024k badu abestia

Pasa den astean aurkeztu zuten 2024ko Herri Urrats jaiaren abestia. Neomak taldearena da “Hor gaude” kanta.

Saharako errefuxiatuak: janari-bilketagatiko eskertza

Urtarrilean Saharako errefuxiatu kanpamentuetarako janari eta baliabide bilketa egin genuen Ikastolan. Kanpaina antolatzen duen elkartetik esker-mezua jaso dugu eta parte-hartzaileen artean zabaltzeko eskatu digute. Beraz, mila esker kanpainan parte hartu zenuten langile denei!