ETAPA MAILAKOAK
MILA KILO ZORION
Mila kilo zorion
dizugu eskaintzen,
beste urte berri bat
duzulako hasten.
Baietz asmatu zenbat
dituzun betetzen,
zergatik ez ditugu
txaloka kontatzen?
Urtarrilak 15: Ane Beltran
Asteko ekintzak: Ikus Calendar
- HAZTEN: Ebaluazioa
- LH5: Amets bat
- LH2: Oiasso museora irteera
Bitartekaritza eta itzulpen zerbitzua
Udalak bitartekaritza eta itzulpen zerbitzua eskaintzen du. Bakarkako bileretarako, bilera orokorretarako edota idatzizko testuak arabiera, italiera edo ukranierara itzultzeko balia dezakegu zerbitzu hau.
Zerbitzu hau baliatu nahi izanez gero, etorri zuzendaritzara.
Familia Laguna programa
Oporren aurretik taula betetzeko eskatu genizuen. Familia lagunekin dugun errealitatea zein den ezagutzeko taula hau betetzea eskatzen dizuegu.
Zubiak Eraikiz
Urtarrilaren 26an Biriatun elkartuko gara Iparraldeko Ikastolekin. Bilera horretan 2. hiruhilekoan egingo dugunaz jardungo gara.
Iparraldeko Ikastoletara lantxoren bat bidali nahi bazenute, urtarrilaren 26a baino lehen eman sortaldeko kideren bati eta helaraziko dugu.
Leihoak eta argiak
Askotan hitz egin dugu gai honen inguruan. Eraikina ondo ixtearen ardura gu denona da, ez beste inorena. Urrats desberdinak eman ditugu, hauen artean azkena arduradunak izendatzea izan zen. Hala ere, oraindik ez dugu eraikina behar bezala ixten. Kargu hartzea ez den beste biderik bururatzen bazaizue, etorri zuzendaritzara proposamenarekin.
Mesedez har dezagun dagokigun ardura!
Klaustroa
Hurrengo klaustroa urtarrilaren 25era atzeratuko zela esan genizuen arren, otsailera atzeratuko dugu; beraz, otsailean bi klaustro izango ditugu.
Asteko kanta
Saharako janari bilketaren harira munduko errefuxiatu guztien egoera latza ekarri nahi dugu gogora. Sahako errefuxiatu eta munduko errefuxiatu guztien omenez entzungo dugun kanta: Errefuxiatuena (Izaro eta Mikel Urdangarin) (https://youtu.be/XDtoLRvll0c)
IKASTOLA MAILAKOAK
Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua
Langile atarian (prestakuntzen eta jardunaldien atalean) entzute enpatikoari buruzko tailer baten, adimen artifizialaren inguruko beste baten, eta beste hainbat ikastaro berriren gaineko informazioa topatuko duzue; gehitu berri ditugu xehetasunak.
Matrikulazioa 2024-25: testuinguruaren azterketa eta kanpainaren nondik norakoak
Urtero, matrikulazio-garaia heldu aurretik egin ohi dugun azterketa (herriko jaiotza kopuruari eta haien jatorriari buruzkoa) hemen duzue ikusgai. Aurtengo kanpainaren nondik norakoak ere txosten horretan bertan topatuko dituzue.
INFORMAZIOA ZABALTZEKO LAGUNTZA-ESKAERA
Zuen inguruan interesa izan dezakeen edonori Ikastolari lotutako informazio hau helarazten laguntzea eskertuko genizueke.
- 2024-25 ikasturterako matrikulazio-garaia: otsailak 7-23
- Ate irekiak (HH): urtarrilaren 30ean (euskaraz) eta otsailaren 1ean (gaztelaniaz), 17:30ean Esmalterian
- Talde txikitako bisitak (HH) eta bakarkako hitzorduak (HH, LH eta DBH): oreretaikastola.eus/ezagutu-gaitzazu
- Informazio gehiagorako: 943 52 03 97 edo matrikulazioa@oreretaikastola.eus
“Piztu Itxaropena” kanpaina: Saharako errefuxiatuen aldeko janari eta baliabide bilketa
Urtero legez, Ikastolak aurten ere parte hartuko du “Piztu Itxaropena” kanpainan, Saharako errefuxiatuentzako janari eta baliabide bilketan.
Bilduko direnak ondorengoak dira: hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, lekaleak eta konpresak. Urtarrilaren 17ra arteko epea dago gauzak ekartzeko.
Familiak bezalaxe, zuek ere gonbidatu nahi zaituztegu ekimenean parte hartzera.
V. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa: saritutako lanak irakurgai
Urriaren 31tik abenduaren 1era egon zen martxan Gau Beltza eta Euskararen Eguna lotzeko asmoz Ikastolak urtero antolatzen duen beldurrezko (mikro)ipuin ikus-entzunezkoen lehiaketa. Abenduaren 21ean banatu ziren sariak irabazleen artean, urtero bezala. Hala nahi izanez gero, langile atarian (gainaldeko nabarmenen atalean) dituzue irakurgai eta ikusgai saritutako lanak. Gozatu!
ETAPA ARTEKOAK
[DBH – Komunikazio tailerra] Ari(H)itzak aldizkariaren ikasturte honetako lehen alea kalean da
DBHko Komunikazio Tailerra hautazko gaiko ikasleek, besteak beste, Ari(H)itzak aldizkaria argitaratzen dute Ikastolaren eguneroko gaiei lotutako elkarrizketa nahiz erreportajeekin, denbora-pasa eta errezetekin, bidaia-proposamenekin… 2023-24 ikasturteko lehen alea langile atarian (gainaldeko nabarmenen atalean) duzue irakurgai. On egin!
[LH6] “Taupadak”, irakasgai ezberdinetako hariak bihotz bakarrera lotzen
Urteroko hitzordua da LH 6. mailako ikasleentzat Taupadak diziplina arteko proiektua. Euskara, IKT eta Gorputz Hezkuntza arloak lotzen ditu eta zirraraz, bihotza taupaka, prestatu eta bizitzen dute ikasleek. Lehen hiruhilekoaren amaieran heltzen da “egun handia”. Behin ikasgelan sakondu beharrekoak sakonduta, ikasleek gurasoak gonbidatzen dituzte Ikastolara elkarrekin arratsalde polit eta osasuntsu bat pasatzera. Ikasturte honetako zita pasa berritan (abenduaren 15ean izan zen), langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue proiektuaren gaineko xehetasun gehiago.