ETAPA MAILAKOAK
Astearteko antolaketa
Datorren asteartean, hilaren 18an, Linoko liburutegiko erregistroarekin eta arratsaldetako eskaintzaren gaineko lanketarekin jarraituko dugu. Aldaketa txiki batzuk egin ditugunez, hemen duzue taula eguneratua.
Tanta zozketa-txartelak
Familiei banatutako Tanta zozketa- txartelak itzultzeko epea martxoaren 21ean bukatzen da, beraz, baten bat bueltan ekartzen badizuete, martxoaren 24rako Ainhoa edo Maitaneri eman, mesedez.
Praktiketako ikasleak
Datorren ostiralean, hilaren 21ean, praktiketako hiru ikasle hasiko dira HH2n. 3 asteko praktikaldia egingo dute gurean.
IKASTOLA MAILAKOAK
Kilometroak 2025: Tanta zozketa-txartela
Aurtengo Kilometroak Eguna urriaren 5ean egingo da Elgoibarren, hango Ikastolak antolatuta eta haren alde.
Ikastolok, Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren alde egiten eta hura egikaritzen jarraitu ahal izateko, bultzada ekonomikoa behar izaten jarraitzen dugu. Horregatik, Ikastolen aldeko festen antolatzaileek, urtero egiten duten gisan, Euskal Herriko beste Ikastolongana jo dute Tanta zozketa-txartelak familien zein langileen artean saltzeko laguntza eske.
Urtero egiten den zozketa-txartelen salmenta hori da Kilometroak eta Ikastolen aldeko beste jaien diru-iturri nagusietako bat; arropa-salmentarekin batera.
Horiek horrela, Ikastolen jaiak Ikastola guztion festak direlako, langileok zozketa-txartelak jasoko ditugu hala dagokigun etapako zuzendaritza-kideen edo saileko arduradunaren eskutik. Eta elkartasun- eta laguntza-keinu gisa, beste zozketa-txartelen bat hartzera ere animatu nahi zaituztegu. Tanta txartelaren zozketa ekainaren 20an egingo da notario aurrean eta zenbaki sarituak 60.000 € jasoko ditu.
Kontrakorik esan ezean, apirilaren 1ean kontutik kobratuko zaizkigu langile guztiei Tanta zozketa-txartelak; norbaitek txartel gehigarriak eskatuko balitu, hala dagokion zenbatekoa kobratuko zaio. Tanta zozketa-txartela nahi ez duenak martxoaren 21era arteko epea du horren berri emateko hala dagokion etapako zuzendaritza-kideei edo saileko arduradunari. Txartel gehigarriak etapetako zuzendaritza-kideei edo saileko arduradunari eskatu behar zaizkie.
Guraso ere badiren langileek ez dute Tanta zozketa-txartelik jasoko langile gisa (seme-alaben bitartez jasoko dute txartela). Oiartzoko guraso eta Oreretako langile direnek Oiartzotik jasoko dute gutun-azala seme-alaben bitartez. Oiartzon eta Oreretan langile direnek Oreretatik jasoko dute.
Errenta aitorpena – 10T: hala eskatu ezean, ez da emango
Azken urteetan, errenta aitorpenaren proposamena egina jasotzen dugu gero eta jende gehiagok eta, beraz, maiz, ez dugu 10T ziurtagirik behar izaten. Hori jakinik (eta jasangarritasunagatik ere bai), iaz bezala, aurten ere agiria ez da emango. Norbaitek beharko balu, edozein dela ere motiboa, bete dezala langile atariko hala dagokion inprimakia eta eskura helaraziko zaio. 10T agiria eskatzeko azken eguna martxoaren 21a da.
Batxilergoa – Oiartzo: 2025-26 aurrematrikula-epea martxoaren 31tik apirilaren 11ra
2025-26 ikasturtean batxilergo-ikasketak egiteko aurrematrikula-epea martxoaren 31tik apirilaren 11ra artekoa izango da. Kanpaina bere horretan martxan jarri aurretik, jada Oiartzoko lankideak Haurtzaro eta Oreretan izanak dira (familiekin nahiz ikasleekin), eta bateko zein besteko DBH 4. mailako ikasleek Oiartzo bisitatu edo bisitatuko dute datozen egunetan. Ate irekien saioa apirilaren 1ean egingo da. Aurreikuspena 2025-26 ikasturtean, 1. mailan, hiru lerro izatea da. Egun, hiru lerro ditugu lehen zein bigarren mailan.
MoreretaON: eskerrik asko!
Eskerrik asko, bereziki, pasa den asteko korrikaldi morea antolatzen aritu zinetenei; eta bertan parte hartu zenuten denei! Langile atarian (albisteen atalean) dituzue irakurgai eta ikusgai ekimenaren kronika laburra eta argazki galeria.
Bedatselekuak (udaberriko egonaldia) 2025, apirilaren 14tik 25era
Urte luzez Udalekuak antolatzen pilatutako esperientzia oinarri, egun Bedatselekuak (udaberriko egonaldia) eta Negulekuak ere antolatzen ditu Ikastolak.
Bedatselekuak HH3-LH3 arteko haurrentzako izaten dira (izan Ikastolako ikasleak edo ez) eta aurten apirilaren 14tik 25era egingo dira. Izen-ematea zabalik da martxoaren 26ra arte.
Bedatselekuek Ikastolako proiektu hezitzaileari jarraipena ematea dute xede, bide batez, familien premiei ere erantzunez. Informazio xeheagoa: Bedatselekuak 2025
Elkartasun lantaldea | Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola laguntzeko Hartxintxar lasterketa solidarioa
Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola hainbat ekimen antolatzen ari da Eusko Jaurlaritzak jarri dion 140.000€ isunari aurre egiteko. Horietatik bat, martxoaren 29ko Hartxintxar lasterketa: korrikaldiaz gain, arratsalde-pasa ederra egiteko moduko festa. Herrian barnako 3,5 kilometroko lasterketa 19:30ean izango da eta bertan parte hartzeko aukera 12 urtetik gorakoek izango dute; 12€ko izen-ematearen truke. Aurrez zein ondoren, haur, gazte zein helduentzako entretenimendua izango da, jolas, musika, dantza, kantinarik… ez baita faltako. Anima zaitezte! (eman izena lasterketan | ikusi programa osoa)
Bide batez, gogoratu nahi dizuegu Salbatore Mitxelena Ikastola laguntzeko bestelako bideek ere (bizum eta transferentziak) irekita jarraitzen dutela. Informazio xeheagoa: zarauzkoikastola.eus/eu/ikastolak-euskal-herria-eraikitzen
ETAPA ARTEKOAK
DBH3 | Komunikazio Tailerreko ikasleen aldizkaria
Udaberriarekin batera hemen da DBH3ko Komunikazio Tailerreko ikasleen aldizkaria. Plan proposamenak, punta-puntako moda, menu goxo eta bitxikeriak irakurtzeko gogoz bazaudete, aurrera! Ziur ez zaretela aspertuko.
BESTELAKOAK
Enpresa Lasterketa: izen-ematea
XVI. Enpresa Lasterketa maiatzaren 18an egingo da Donostian, goizeko 9:30ean hasita. 8,5 kilometroko korrikaldia izango da eta lau lankideko taldetan hartu behar da parte. Animatuz gero, osatu laukotea eta eman izena langile atariko hala dagokion inprimakia betez (ostean, Ikastola arduratuko da taldeen erregistro ofiziala egiteaz Enpresa Lasterketaren webgunean).
Informazio gehiagorako: www.carreraempresas.com
Martxoak 14: herriko euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia
Gaur arratsaldeko 18:00etan aurkeztuko da herriko Euskaraldia Foru plazan (euria eginez gero, Merkatuzarren). Ekimena bera aurkezteaz gain, hamaikakoa ere emango da ezagutzera, eta herriko hainbat bertsolarik eta dantzarik hartuko dute parte hitzorduan. Heldu da motorrak berotzen hasteko garaia. Anima zaitezte!