HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (25.01.31)


ETAPA MAILAKOAK


Zumaiena ikastetxearen bisita

Astelehenean, Lino Berria ezagutzera etorriko dira Zumaiena ikastetxetik. Arratsaldeko 16:00etan geratu gara beraiekin, eta espazioetan zehar ibiliko gara. Irteera orduarekin bat egiten duenez, ahalik eta traba gutxien egiten saiatuko gara.

Klaustroa

Datorren asteartean, hilaren 4an, klaustroa egingo dugu Esmalterian, arratsaldeko 16:45ean. Gai-zerrenda ohiko lekuan duzue ikusgai.

Matrikulazioa

Astelehenean matrikulazio-garai ofiziala hasiko da eta azken ekintza aurrrera eramatea falta zaigu: “Ikastola kalera” ekimena. Datorren asteazkenean (otsailak 5) burutuko dugu, 16:30etik 18:30era gutxi gorabehera (parte hartuko duzuen irakasleak haurrekin amaitutakoan gerturatu, mesedez). Amaieran, denon artean jasoko dugu.

Iaz, Galtzarabordako kiroldegiaren sarreran jarri genuen postutxoa; aurten, Niessengo plazarako sarreran (Forum inguruan) kokatuko dugu. Lankide batzuk lehenago hasiko gara prestaketa lanekin, eta Esmalteriako hainbat material beharko ditugu horretarako:

  • Hondar mahai bat eta tresnak
  • Bi mahai hanka gorri
  • Plastilina
  • Margoak eta orri txuriak

(15:30-16:00ak bitartean pasako gara horien bila, beraz, eguerdian, behar dugun hau jolastokira jaisterik izango zenukete?)

Eskerrik asko aldez aurretik!!!

Ebaluazio bilera

Datorren ostegunean, hilaren 6an, HH2ko ebaluazio saioa burutuko dugu.

Irteerak

Datorren ostegunean, HH5eko ikasle eta irakasleak Tolosako Topic museora joango dira. Egun bikaina pasa dezazuela!


IKASTOLA MAILAKOAK


Artezkaritza Kontseilua: urtarrileko bileraren deskargua

Herenegun, urtarrilaren 29an, egin zen Artezkaritza Kontseiluaren 2024-25 ikasturteko urtarrileko bilera. Langile atarian duzue laburpena, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako/lantaldeetako aktak” botoian.

Inauguratu dugu Lino Berria eta eskerrak, bihotz-bihotzez!

Dakizuenez, pasa den ostiralean, urtarrilaren 24an, inauguratu genuen Lino Berria. Gustu izanez gero, langile atarian (albisteen atalean) duzue hitzorduaren kronika laburra. Argazki galeria txiki bat eta obra zuzendu duen arkitektoaren hitzaldia ere topatuko dituzue bertan.

Horiek esanda, bereziki eman nahi zaizkio eskerrak HHko lantaldeari orain zortzi bat urtetik hona espazioak hezkuntza beharretara egokitzeko egindako hausnarketa, diseinu eta exekuzio lanengatik, Esmalteria eta Lino Berriek ateak ireki aurreko egun eta jaiegunetan burututako eginbehar eta atontze lanengatik, inaugurazio ekitaldien prestaketagatik eta aldaketa honek guztiak ekarri dituen beste hainbat lanen zerrenda luzeagatik. HHko lantaldearen bueltan laguntzen ibili zareten lankideei ere, mila-mila esker!

Blaitu – Euskaraz Bizi | Ikasturteko hirugarren Tanta

Astelehenetik (otsailak 3) aurrera ikusgai izango duzue Blaitu Klubeko 2. denboraldiko hirugarren Tanta. DBHko gazteek musika talde bat gomendatuko digute oraingoan. Jakin nahi al duzue zein den? Sartu Blaitu Klubeko atarian eta ikus ezazue! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!

HIZPRO | Otsaileko kalko okerra

Eskuragarri duzue otsaileko kalko okerra Blaitu Klubaren atariko Jantzi euskaraz atalean. Bideoa eta posterra topatuko dituzue bertan, geletan landu ahal izateko. Ohi bezala, tutoreen esku geldituko da posterra inprimatzearen ardura.

Ikastolaren helbide fisiko ofizialak

Zalantzak eta nahasteak izaten ditugu maiz Ikastolaren helbide fisikoekin; zenbakiarekin, batez ere. Udal teknikariekin aritu gara gaia kudeatzen eta baditugu helbide ofizialak. Denok eskura izan eta zalantzak sortzean kontsulta ditzagun, langile atariaren gainaldean dagoen ezkerraldeko ikono-zerrendako “telefono zerrenda” botoira gehitu ditugu.


BESTELAKOAK


Elkartasun deia Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolatik

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak 140.000€ko isuna jaso du Hezkuntza Sailetik, matrikulazio-prozeduran izandako irregulartasun batzuengatik. Azken urteetan, ustez ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egiteko eta eskaintza eskaerara egokitzeko helburuz, aldaketak izan dira ikasleak matrikulatu eta onartzeko urteroko aginduan; testuinguru berean kokatu behar dugu Hezkuntza Lege berria ere. Zarauzko Ikastolaren kasuan, ageriko arrazoirik gabe, 2023ko otsailean (matrikulazio-garaia iristear zela), Hezkuntza Sailak bi lerrotara mugatu zuen bere matrikulazioa, ordura arteko plangintzetan hiru lerro esleituta zituenean. Hiru lerro izateko adina matrikula-eskaera jasotzen ditu Zarauzko Ikastolak eta horregatik erabaki zuen, besteak beste, bidegabeki kalean geratu behar zuten familiak Ikastolan mantentzea. Eta hortik etorri da Hezkuntza Sailaren isuna (irakurri prentsa oharrra osorik).

Zarauzko Ikastolak elkartasun deia egin du isuna ordaintzeko dirua biltzeko. Jokabide honekin Hezkuntza Sailak ez duenez Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola soilik zigortu, Ikastola mugimendu osoa baizik (Euskal Herriko zazpi lurraldeetan hedatzen den sare nazional bakarra), Orereta Ikastolako langile eta familia guztiak ere beren ekarpena egitera gonbidatu nahi dira. ES73 2095 5212 1091 2486 7983 kontu korrontea zabaldu da dohaintzak egiteko eta, esan bezala, Orereta Ikastolako familia eta langile guztiak ekarpena egitera gonbidatu nahi dira.

“Kuotak, ikastoletan”, Nekane Artola eta Agurne Barrusoren iritzi artikulua

Ikastoletan egiten diren ekarpenak zergatik eta zertarako diren azaltzeko helburuz, Nekane Artolak eta Agurne Barrusok (Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren) “Kuotak, ikastoletan” iritzi artikulua idatzi dute. Ikastolakideontzat geronentzat argigarria izan daitekeelakoan zein gure inguruan azalpenak emateko lagungarria, hemen duzue irakurgai.