HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (24.03.21)

 


IKASTOLA MAILAKOAK


Artezkaritza Kontseilua: martxoko bileraren deskargua

Atzo, martxoaren 20an, izan genuen Artezkaritza Kontseiluaren martxoko bilera. Bertan landutako gairik aipagarrienak jada aitatuta daude lehenagoko asteko oharretan edo gaurkoetan bertan egingo zaie leku. Beraz, ez da deskargurik zintzilikatuko langile atarian.

Artezkaritza Kontseilu berria

Otsailaren 28ko Urteko Ohiko Batzar Nagusiak Artezkaritzako kontseilukide berriak onartuta eta horren osteko Artezkaritza Kontseiluaren lehen bileran kontseilukideen karguak berrituta, jakizue Xabier Gorratxategi Zipitria dela lehendakaria, Lide Gabarain Torrecilla lehendakariordea, Javier Bagüés Bafaluy diruzaina eta Joseba Agudo Mancisidor idazkaria.

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasuna Gipuzkoako bazkundeak antolatutako hainbat ikastaro dira (harremanez, ongizateaz, komunikazioaz…). Langile atarian dituzue xehetasunak.

Matrikulazioa 2024-25 (HH2-DBH4): emaitzen balorazioa

Langile atarian duzue otsaileko matrikulazio kanpainaren emaitzen balorazioa, Ikastolako datuekin soilik egindakoa (momentuz, beste daturik ez baitugu).

Apirilak 10: Ikastolen VII. Batzarra – Orereta Ikastolako komunitateko kideentzako gogoeta- eta ekarpen-bilera

Irakasleek jaso duzue Ikastolen VII. Batzarraren berri azken klaustroetan, eta EHIren proposamenari ekarpenak egiteko bideak zein izango diren adostu duzue: HHn eta DBHn, klaustroetan landuko da apirilean; LHn, hala nahi duenak Ikastolako komunitate guztiarentzako izango den gogoeta- eta ekarpen-bileran parte hartuko du. Zerbitzuetako eta Eskola Kiroleko lankideak ere azken horretara deituko dira.

Ikastolako komunitate guztiarentzako izango den gogoeta- eta ekarpen-bilera apirilaren 10ean izango da Esmalterian, 17:30ean. Ikastolako langile guztiak gonbidatu nahi dira bertan parte hartzera; eta bereziki, LHko, zerbitzuetako eta Eskola Kiroleko kideak. Antolaketa eta kudeaketa kontuengatik, apirilaren 10eko bileran parte hartzeko aurrez izena eman behar da (langile atarian duzue horretarako aukera).

Apirilak 11: datu pertsonalen trataera eta babesari buruzko formazio-saioa

Gogoratu oporretatik bueltan, apirilaren 11n, datu pertsonalen trataera eta babesari buruzko formazio-saioak izango direla:

  • HH: 16:45-18:15
  • LH: 13:30-15:00
  • DBH: 14:45-16:15
  • Zerbitzuak, Eskola Kirola eta administrazioa: ez dute saiorik izango (formazioa irakasleei zuzendutakoa da).

Oiartzo: Oxford ziurtagirien (ingelesa) lehen azterketak

Oiartzo Ikastolak Oxford-eko zentro aztertzailea izateko ziurtagiria du, iaz berritu zuen. Oiartzoko ikasleei ez ezik, Haurtzaro eta Oreretako ikasle zaharrenei ere eskainiko zaie maila ezberdinetako ziurtagiriak ateratzeko aukera.

Gaur, martxoaren 21ean, da lehen azterketa-eguna. Oiartzoko 12 ikaslek eman dute izena azterketa egiteko. Apirilean eta ekainean, Orereta nahiz Haurtzaroko ikasleek ere izango dute izena emateko aukera.

Opor onak pasa!

Eskerrik asko orain arte egindako lanagatik. Gozatu oporrez, eta bueltan jarraituko dugu denon artean Ikastola egiten, aurrera egiten.


BESTELAKOAK


Lurrak beste urtebetean erabiltzeko baimena eman dio udalak Beskoitzeko Ikastolari

Beskoitzeko (Lapurdi) Ikastolari baimena emango diote gaur egun dituen lurrak beste urtebetean erabili ahal izateko. Hala erabaki du herriko kontseiluaren gehiengoak, eta Seaskari eta Ikastolako familiei hitzarmen berri bat aurkeztuko dietela esan dute. Irakurri albistea Berrian.

“Uda bateko besarkada”, haur sahararrentzako harrera familiak lortzeko kanpaina

“Oporrak bakean” haur errefuxiatu sahararren udako harrera programa da. “Uda bateko besarkada” kanpaina jarri dute abian harrera familiak lortzeko. Interesik izanez gero, www.oporrakbakean.eus webgunean topatuko dituzue xehetasun gehiago.