HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (24.03.01)


ETAPA MAILAKOAK


Martxoak 5

Asteartean klaustroa izango dugu, ohiko leku eta orduan. Gai-zerrenda, astelehenean izango duzue ikusgai.


IKASTOLA MAILAKOAK


Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasunak “Osasuna-eskola” (Lurralde ordezkaritza – Osakidetza) eta “gatazken kudeaketa eta konpontzea” (Euskalit) ikastaroak dira. Langile atarian dituzue xehetasunak.

Solasean: norberaren hausnarketa eta bakarkako elkarrizketak

Otsailaren 9ko oharretan Solaseanen gaineko informazioa bidali genuen. Gaurkoan, norberaren hausnarketa betetzeko epea bukatzeko astebete falta dela gogoratu nahi dizuegu. Hau da, martxoaren 8a da langile guztiek norberaren hausnarketa egiteko dugun epemuga. Ondoren, apirilaren 12ra arteko epea izango dugu Solasean elkarrizketak egiten jarraitzeko. Langile atarian duzue norberaren hausnarketa egiteko eta elkarrizketarako hitzordua eskatzeko aukera.

Digiprest: B2 titulua ateratzeko epea, martxoaren 4tik maiatzaren 15era

B1 titulua ateratzeko epea amaitu berritan, hala nahi duenak B2ri ekiteko aukera ere badu. Martxoaren 4tik maiatzaren 15era arteko epea dago horretarako.

Ikasturte amaierako osasun-azterketak

Ikasturtearen amaieran osasun-azterketak egin ohi ditugu eta horien berri ematera gatozkizue.

Aurten ere Fraternidad-Muprespa mutualitatearekin egingo ditugu. Oinarrizko ohiko azterketez gain, ondorengo azterketa osagarriak egiteko aukera ere badago: azterketa ginekologikoa, emakumeek; PSA markatzailea (odol-analisiarekin batera), 50 urtetik gorako gizonezkoek; eta azterketa laringoskopikoa, denek. Azken hiru azterketen kostuaren %50a langile bakoitzak hartzen du bere gain, Ikastola egiten da kargu beste %50az eta oinarrizko ohiko azterketen %100az. Azterketa guztiak borondatezkoak dira.

Bete, mesedez, langile atariko hala dagokion galdetegia azterketak antolatu ahal izateko. Azterketak egin nahi ez badituzu ere, erantzun, arren, aipatu formularioa, horren jakitun izan behar baitugu. Martxoaren 17a da horretarako azken eguna.

HIZPRO | Euskaraz Bizi | Blaitu Kluba: martxoko kalko okerra eta Busti! 2. programa

Martxoan zehar landuko dugun kalko okerra aditzaren aspektuari buruzkoa da, hain zuzen ere, uzten/utziko, hasten/hasiko eta gisakoak. Horretarako, eskuragarri duzue DBHko Blaituko kideek egindako bideoa (Ikastolako webguneko Blaitu klubeko atarian, Tanten sailean) eta baita eraikinen sarreretan ikusgai jarriko dugun posterra ere. Saia gaitezen elkarrekin erabilera desegoki hau saihesten.

Martxoko kalko okerraz gain, bada eduki berri gehiago Blaitu atarian: Tanta pilula berria eta Busti! 2. Programa. Langile ataritik bertatik hel zaitezkete zuzen-zuzenean Blaitu Klubeko atarira eta bertako eduki guztira.

KORRIKA – Zubiak Eraikiz: goazen Hendaiara korri egitera!

Ikastolen arteko harremanak sendotzen jarraitzeko asmoz, eta martxoaren 14an 23. KORRIKA Irunen hasiko denaren aitzakian, Zubiak Eraikiz proiektuak KORRIKAn bere kilometro zatia izango du Hendaian. Eta Orereta Ikastolako komunitatekide guztiak gonbidatu nahi dira bertan lasterka aritzera, euskarari bultzada eman eta gure arteko zubiak eraikitzen jarraitzeko.

Zubiak Eraikiz proiektuaren KORRIKAko kilometro zatia martxoaren 14an bertan izango da, 17:30ean, Hendaiako udaletxearen inguruan. Ikastolak doako autobusa jarriko du bertara joan eta bueltan etortzeko. Ikastolako langileentzako propio bat jarriko da, arratsaldeko eskola-orduak amaitzean abiatuko dena. Antolaketa kontuengatik, Ikastolak langileentzako antolatutako autobusean Hendaiara joan etorria egin nahi izanez gero, bete langile atariko hala dagokion inprimakia. Martxoaren 8a da horretarako azken eguna.

HENDAIARA JOATEKO IKASTOLAK LANGILEENTZAKO ANTOLATU DUEN AUTOBUSAREN XEHETASUNAK

  • Joanerako geltokiak: Añabitarte (16:30) eta Tulle (16:45)
  • Bueltarako geltokiak: Lino eta Añabitarte, 19:30ak aldera. (KORRIKAko Hendaiako kilometro zatia eginda, Hendaian bertan AEK-k antolatuko duen ekimenera joango gara eta 19:00etan aterako da autobusa handik bueltan gure herrira)
  • OHARRA: ikasle eta familientzako autobusa lehenago aterako da (Linon 15:45ean eta Añabitarten 15:55ean). Norbaitek hori hartzeko aukera izan eta Hendaiara bertan joan nahi izango balu, idatzi mezua idazkaritza@oreretaikastola.eus helbide elektronikora (ez bete langile atariko hala dagokion galdetegia).

BESTELAKOAK


Errigora: udaberriko kanpaina 2024

Udaberriko Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina martxan da eta martxoaren 13ra bitarteko epea dago eskaerak egiteko.

Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eska daitezke; eta aurten lehenengoz, ardoa ere bai. Auzolanari esker, norbere herrian euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa bidoietan banatzen da; ardoa sei botilako kutxetan; pasta, lekaleak eta kontserbak hamabi ontziko sortetan; eta arroza sei poltsako sortetan (uzta txarragatik). Izan ere, proposamena urte osorako beste eskatzea da.

Eskaerak www.errigora.eus webgunetik egin daitezke. Eskaera horrela eginez gero, Ikastolan bertan jaso ahal izango duzue eskatutakoa.

Anima zaitezte kanpainan parte hartzera eta zuen ekarpena egitera!

Bizkarsoro filma ikustera joateko gonbita

Pasa den asteko oharretan, besteak beste, herriko Korrika Kulturaren berri eman genizuen eta gaur egitarau horretako hitzordu batean azpimarra berezia egitera gatoz: Bizkarsoro pelikula ikustera eta osteko solasaldian parte hartzera animatu nahi zaituztegu (martxoaren 5ean 19:00etan, Niessenen)

Ikastolen Elkarteak lagundu duen proiektua da Bizkarsoro, Josu Martinezek zuzendutako fikziozko film luzea. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna. Lehen Mundu Gerran frantsesen bandoan aritu beharrak eta osteko nazien inbasioak bere identitate eta hizkuntzari uko egitera behartuko du Bizkarsoro, baina pronostiko guztien kontra, eutsi egingo dio. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak.

Nahi izanez gero, langile atarian (agendaren atalean) topatuko dituzue xehetasun gehiago.

“Ikastolak Herriari” ekimena: 2024ko hitzordua

“Ikastolak Herriari” jaialdiaren bosgarren ekitaldia Beskoitzen ospatuko da datorren martxoaren 10ean, “Non eta Mugan” lemapean.

Lehen, orain eta gero ere, Ikastolek misio bera izan eta izango dute toki guztietan: jendartea euskalduntzeaz gain, euskalduntasun horren bitartez euskal kultura indartzea. Hori baita euskal identitatea garatzeko bide sendoena. Ez da erraza izan (eta oraindik ere zaila izaten jarraitzen du) periferiako Ikastolek pairatzen duten egoera sozio-politikoari aurre egitea: aurrera egiteko dedikazio eta militantzia handia behar izan eta izaten dute. Horregatik, beharrezkoa da Euskal Herriaren periferian euskararen alde lan egin duten eragile eta Ikastolei aitortza egitea. Eta helburu horixe du martxoaren 10ean Beskoitzen egingo den “Non eta Mugan” egunak.

Nahi izanez gero, langile atarian (agendaren atalean) topatuko dituzue xehetasun gehiago.