HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (24.01.19)


ETAPA MAILAKOAK


Klaustroa

Datorren asteartean klaustroa egingo dugu ohiko leku eta orduan. Gai-ordena astelehenean izango duzue eskuragarri.


IKASTOLA MAILAKOAK


Ikastolen lan hitzarmen berrirako aurreakordioa

Ikastoletako negoziazio mahaia bildu zen urtarrilaren 16an eta lan hitzarmen berrirako aurreakordioa sinatu zuten LAB sindikatuak (gehiengo sindikala du Ikastoletan) eta Ikastolen Elkarteak.  Bi oinarri nagusi ditu aipatu aurreakordioak:

  • Jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz etorriko den matrikula-jaitsierak irtenbide integralak eskatzen ditu, besteak beste lanpostuei eusteko. Horrekin batera hezkuntza kalitatea hobetzeko eta abian den eraldaketa pedagogikoa azkartzeko, hainbat neurri osagarri beharko dira. Neurri horiek Ikastolen Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin bideratuko duen prozedura baten baitan zehaztuko dira.
  • Ikastoletako dozenteek administraziopeko ikastetxeetako dozenteen soldata berdina izatea adostu da. Altxatze berbera aplikatuko zaie Ikastolen lan hitzarmeneko gainerako kategoriei ere. Soldaten berdintze prozesua 2023ko irailean hasi eta 2027an amaituko da. Lan hitzarmeneko bestelako atal batzuetan ere hobekuntzak adostu dira aurreakordioan.

Matrikulazioa 2024-25: kartelen “pegada”

2024-25 ikasturteko matrikulazio-kanpainako kartelen “pegada” egiteko garaia heldu da. Etapetako zuzendaritza-taldeen bitartez jasoko dituzue gaiari buruzko irizpideak eta xehetasunak.

Lilatoia: emakumeok, anima zaitezte!

Ziurrenik askok jakingo duzuenez, DBHko hainbat ikasle zein irakaslek “Lilaton”en parte hartzeari ekin zioten orain lauzpabost urte, elkarrekin igande goiza kirola eginez pasa eta aldarrikapenez betetzeko asmoz.

Orain arteko esperientzia oso atsegina eta asegarria izan denez, aurten ere, jarraipena eman nahi zaio. Eta hala, martxoaren 3an egingo den “Lilaton”en izena eman eta Ikastolako emakume taldera batzera animatu eta gonbidatu nahi zaituztegu zuek ere, Ikastolako emakumezko langileak.

Langile atarian topatuko dituzue Ikastolako taldera batzeko xehetasunak (aurrez www.lilaton.es-en izena eman behar da); baita aurten lehenengoz egingo diren entrenamendu saioen egutegia ere. Anima zaitezte!

23. Korrika: izan Korrika laguntzaile eta bisitatu denda!

Jakingo duzuenez, KORRIKAren 23. edizioa martxoaren 14tik 24ra egingo da, Irundik Baionara, “Harro herri” lemapean. Martxoaren 23an, gauez, pasako da gure herritik.

KORRIKAren antolatzaile den AEK euskaltegia, Ikastolok bezalaxe, Euskal Herri osoan jarduten duen euskalgintzako eragilea izanik, babesa eta hauspoa eman nahi dizkiogu Ikastolatik. Horiek horrela, Ikastolako langileak ere, batetik, Korrika laguntzaile izatera gonbidatu nahi zaituztegu. 15€ren truke, aurtengo edizioko pina jasotzeko, asteroko zozketatan parte hartzeko, AEKk eta KORRIKAk antolatutako ekimenetan deskontuak eta abantailak izateko… aukera izango duzue; eta garrantzitsuena: AEKren euskaltegiei lagunduko diezu. Anima zaitezte, langile ataritik bertatik egin dezakezue.

Bestalde, Korrika denda bisitatzera gonbidatzen zaituztegu. Online egin dezakezue. Denda fisikoak atsegin badituzue, herriko AEK Xenpelar euskaltegian edota Donostian (Esterlines kaleko 5. zenbakian, Juantxo tabernaren alboan) duzue horretarako aukera. Donostiako denda ostegunetik larunbatera egoten da zabalik.


BESTELAKOAK


Zuzendari nagusi berria Ikastolen Elkartean

Agurne Barruso Lazkano da Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria. Urte hasierarekin batera hartu du kargua, ikasturtea amaitzean erretiroa hartuko duen Jose Luis Sukia ordezkatuz eginkizun horietan. 1969an Bergaran jaioa, Gasteizko Armentia Ikastolako zuzendaria izan da Barruso azkeneko zazpi urteotan.

Hainbat artikulu interesgarri

Pasilloak (Tere Maldonadoren iritzi artikulua Berria egunkarian)