HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (23.09.08)


IKASTOLA MAILAKOAK


Bateratzen: inkesta betetzeko tartea datorren astean

Pasa den asteko langile batzarrean aipatu moduan, ikasturte honetan, Bateratzen programan parte hartuko dugu; langileak Ikastolaren proiektu eta norabidearekin lerrokatuta dauden aztertzeko. Era berean, langileen konpromisoa eta ongizatea bermatzea du helburu programa honek.

Programaren lehen pausoa diagnosia egitea da eta horretarako, langile guztiok galdetegia beteko dugu. Aste honetan zerbitzuetako langileak hasi dira lan horretan, eta hurrengo astetik aurrera, gainerakoek beteko dugu. Beraz, astelehenetik aurrera, mezu elektroniko bat jasoko dugu galdetegiak betetzeko estekarekin eta etapa/sail bakoitzak erantzuteko tartea eskainiko du.

Ikasturte amaierako langile batzarra: ekainak 28

Pasa den asteko ikasturte hasierako langile batzarra pasata, esan ikasturte amaierakoa ekainaren 28an egingo dela (09:00-13:00). Aurrerago berriz ere aipatuko dugun arren, gogoan har ezazue hitzordua, mesedez.

Izaskun Perez, Ikastolako ekimenen arduraduna

Izaskun Perez (zerbitzuetako lankidea) Ikastolako ekimenen arduraduna izango da hemendik aurrera. Azken urteetan, Plan Estrategikoaren ildoetako bati jarraiki, Ikastolak ikastolakide eta herritarrentzat bere kabuz edota herriko eragile zein elkarteekin elkarlanean antolatzen dituen ekimenak ugaritu egin dira. Horiek horrela, gaur egun, ekimen horien guztien, lehendik zeudenen nahiz berrien, arduradunaren lanpostua sortzea komenigarria dela irizten da. Eskerrik asko eta eutsi erronkari, Izaskun!

Langile ataria: berritasunak eta hainbat ohar

HAINBAT OHAR

Ikasturte berriaren aitzakian eta kurtso hasierako langile batzarra pasa berritan, gogoratu Plan Estrategikoa 2022-27 eta Urteko Kudeaketa Plana 2023-24 langile atarian eskura dituzuela “Ikastolaren izana eta izaera” atalean.

Bestalde, gogoratu baita ere, informazio praktikoaren lasterbidean (goian, ezkerraldean) topatuko dituzuela informazioaren segurtasunerako eta datuen konfidentzialtasuna bermatzeko jarraitu beharreko irizpideak, eta lan-arriskuei lotutako xehetasunak.

BERRITASUNAK

Goian ezkerraldean dauden lasterbideetan Ikastolako telefono-zenbaki eta luzapenen zerrenda duzue. Horrez gain, jakizue, langile ataria egokitu dela mugikorretik ere sartu eta nabigatu ahal izateko. Beraz, aurrerantzean, hainbat izapide (baja eta alta agiriak, baimen eskaerak…) mugikorretik ere egin ahal izango dituzue.

Egin zaitez Ikastolako bazkide!

Ikasturte hasiera aprobetxatu nahi dugu langileak ere Ikastolako bazkide izan daitezkeela gogoratu eta hala ez dena horretara gonbidatzeko.

Izaera herritarra eta auzolana dira Ikastolon ezaugarri nagusietakoa. Herritik eta herriarentzako sortu ginen: herritar talde batek sortu zuen Ikastola herrikideei hezkuntza-proiektu burujabe, euskaldun eta kalitatezkoa eskaintzeko helburuz. Eta auzolanean, Ikastolako familia eta langileen artean, irudikatzen eta marrazten dugu hezkuntza proiektu horren bidea, taldean. Erabaki eskumena dugu. Ikastola ez da lantokia bakarrik, guztiona den proiektua baizik. Ikastolako bazkide izatera gonbidatu nahi zaituztegu, zuen, denon, Ikastola izateko; Ikastola zuentzako, denontzako, izateko.

Ikastolako bazkide egitea erabakiko bazenute, Añabitarteko edo Esmalteriako bulegora joan besterik ez duzue; bertan beteko duzue bazkide-fitxa eta sinatuko bazkidetza-klausulak. Bazkide egitean, 60€ko ekarpena egiten da Orereta Ikastola Koop. E.ko kapitalera eta hori eginda, urtean 40,47€ ordaintzen dira azpiegiturak sustengatzeko kontzeptu gisa.

Zalantzarik izanez gero edo bestelako argibiderik behar izanez gero, idazkaritza@oreretaikastola.eus helbide elektronikora mezua idatzi edo 943 52 03 97 telefono-zenbakira dei dezakezue.

LH eta DBHko eraikinen autobabes planak berritzea

Lan-arriskuen gaiari lotuta, Quirón Prevención-ek lagunduta, DBHko eta LHko eraikinen autobabes planak berrituko dira (Esmalteriakoa egina dago eta Linokoa berritze-lanen ondoren egingo da). DBHkoarekin hasi gara, gero egingo da LHkoa.

Hainbat hobetze- eta konpontze-lan

Ikasleak iritsi aurretik, konponketa-lan txiki batzuk egiten ari gara Oreretako eraikinetan. Oiartzon, berriz, igogailua jartzeko eta teilatua konpontzeko lanak pasa den astean hasi zituzten. Aste batzuk beharko dira azken lan horiek egiteko.


BESTELAKOAK


Ikastolen Elkartea – Seaska: Kattalin Elizalde, Ipar Euskal Herriko bosgarren kolegioa Senperen

Astelehenean ekin zioten ikasturte berriari Ipar Euskal Herrian, eta Senpereko Kattalin Elizalde kolegioak orduan ireki zituen ateak lehen aldiz. Senpereko, Sarako, Azkaineko, Zuraideko, Basusarriko, Arrangoitzeko, Ahetzeko, Arbonako (Lapurdi) eta Zugarramurdiko (Nafarroa) ikasleak joango dira bertara. Gaur gaurkoz, 82 ikasle ditu. Irakurri albistea (Berria)

Hainbat artikulu interesgarri