HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (25.03.14)


ETAPA MAILAKOAK


Monografikoak

Datorren astelehenean eta asteartean, bilera monografikoak izango ditugu. Helburua ikasle jakin batzuen egoera aztertzea eta erabakiak hartzea da.

Hori dela eta, TUTORE/KOTUTORE bakoitzak HAUTATU egin beharko du ZEIN ikasleri buruz hitz egin nahi duen, eta ahal dela, ikasleari dagokion plan proposamena aurrez zirriborratuko du. Hemen duzue horretarako euskarria. Gainontzeko xeherasunak Calendarren topatuko dituzue.

14:30ean hasi eta amaitu artekoa izango da, denboraren kudeaketa neurtzea guztion ardura izango da.

Ordezko ordenagailuen jarraipenaren inguruan

Gogoratu nahi dizuegu ordezko ordenagailuen kudeaketa tutoreari dagokiola eta berak egin behar dituela erregistroa (Inikan, “Baliabideak” atalean “matxurak” sailean) zein ordezko ordenagailu eta kargadoreen jarraipena. Matxura klase ordutan gertatuko balitz eta ordenagailuaren premiazko beharra balego, uneko irakasleak kudeatu beharko luke gaia Inikan dagokion erregistroa eginez. Ekidin, mesedez, ikaslea irakasle gelara bidaltzea ordenagailu baten bila. Bestalde, irakasle gelan bagaude, ez eman ordezko ordenagailurik ikasleei. Ordezko ordenagailu eta kargadoreen kontrol falta handia dugu eta horien kontrol egokia egitearen ardura denona da.

Ekintza berezi zein irteeren argazkiak

Astero hainbat ekimen, ekintza osagarri edota irteera izaten ditugu etapan eta Leirerekin astero izaten dudan koordinazioan horietako gehienak sareetan aipatzeko konpromisoa hartzen dut. Zuetako askok argazkiak atera eta bidaltzeko joera duzuen arren, ekintzaren bat edo beste pasa izan zaigu eta egia da ezinean ibiltzen naizela denetara iristeko. Egiten ditugun ekimen guztien interes zein garrantzia azpimarratzeko asmoz, asko eskertuko nizueke ekintza bakoitzeko argazki batzuk atera (3-5ekin nahikoa litzateke) eta niri helaraztea (Whatsapak, emailez partekatuz…). Mila esker aldez aurretik zuen laguntzagatik.

Unai

Txikipedia tailerra

Datorren asteazkenean Txikipedia tailerra izango dute komunikazio tailerreko ikasleek. Hori dela eta, musika gela ezingo da erabili 8:30-13:15 bitartean. Arazorik baduzue, hurbildu Haizearengana.

Eskerrik asko!

Calendarrari lotutakoak

IKASLEEKIN

  • Droga-menpekotasun tailerra: Datorren astean 4. mailako ikasleek gaiaren inguruko lanketa egingo dute. Antolaketa Calendarren duzue ikusgai.
  • Miñan: Hurrengo asteartean, 4. mailako ikasleek Miñan antzezlana ikusiko dute Niessenen. Antolaketa Calendarren duzue ikusgai.
  • Txikipedia erronka: Hurrengo asteazkenean, Ikastolen Elkartetik Txikipediaren inguruko 2 saio ematera datoz Komunikazio Tailerreko ikasleengana. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
  • Irakurriz gozatu: Hurrengo asteazkenean, irakurketa saioa izango dugu.
  • Batxilergora bisita: A eta B ibilbideko ikasleak azken bi saioetan Oiartzora bisita izango dute tutoreekin. Trukeak Calendarren dituzue ikusgai.
  • Eski irteera: Hurrengo ostiralean, 3. mailako ikasleak eskiatzera joango dira.

IRAKASLEAK

  • Monografikoak: Astelehenean eta asteartean bilera monografikoak egingo ditugu. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
  • Lantaldeak: Asteazkenean, lantaldeek bilera izango dute.

IKASTOLA MAILAKOAK


Kilometroak 2025: Tanta zozketa-txartela

Aurtengo Kilometroak Eguna urriaren 5ean egingo da Elgoibarren, hango Ikastolak antolatuta eta haren alde.

Ikastolok, Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren alde egiten eta hura egikaritzen jarraitu ahal izateko, bultzada ekonomikoa behar izaten jarraitzen dugu. Horregatik, Ikastolen aldeko festen antolatzaileek, urtero egiten duten gisan, Euskal Herriko beste Ikastolongana jo dute Tanta zozketa-txartelak familien zein langileen artean saltzeko laguntza eske.

Urtero egiten den zozketa-txartelen salmenta hori da Kilometroak eta Ikastolen aldeko beste jaien diru-iturri nagusietako bat; arropa-salmentarekin batera.

Horiek horrela, Ikastolen jaiak Ikastola guztion festak direlako, langileok zozketa-txartelak jasoko ditugu hala dagokigun etapako zuzendaritza-kideen edo saileko arduradunaren eskutik. Eta elkartasun- eta laguntza-keinu gisa, beste zozketa-txartelen bat hartzera ere animatu nahi zaituztegu. Tanta txartelaren zozketa ekainaren 20an egingo da notario aurrean eta zenbaki sarituak 60.000 € jasoko ditu.

Kontrakorik esan ezean, apirilaren 1ean kontutik kobratuko zaizkigu langile guztiei Tanta zozketa-txartelak; norbaitek txartel gehigarriak eskatuko balitu, hala dagokion zenbatekoa kobratuko zaio. Tanta zozketa-txartela nahi ez duenak martxoaren 21era arteko epea du horren berri emateko hala dagokion etapako zuzendaritza-kideei edo saileko arduradunari. Txartel gehigarriak etapetako zuzendaritza-kideei edo saileko arduradunari eskatu behar zaizkie.

Guraso ere badiren langileek ez dute Tanta zozketa-txartelik jasoko langile gisa (seme-alaben bitartez jasoko dute txartela). Oiartzoko guraso eta Oreretako langile direnek Oiartzotik jasoko dute gutun-azala seme-alaben bitartez. Oiartzon eta Oreretan langile direnek Oreretatik jasoko dute.

Errenta aitorpena – 10T: hala eskatu ezean, ez da emango

Azken urteetan, errenta aitorpenaren proposamena egina jasotzen dugu gero eta jende gehiagok eta, beraz, maiz, ez dugu 10T ziurtagirik behar izaten. Hori jakinik (eta jasangarritasunagatik ere bai), iaz bezala, aurten ere agiria ez da emango. Norbaitek beharko balu, edozein dela ere motiboa, bete dezala langile atariko hala dagokion inprimakia eta eskura helaraziko zaio. 10T agiria eskatzeko azken eguna martxoaren 21a da.

Batxilergoa – Oiartzo: 2025-26 aurrematrikula-epea martxoaren 31tik apirilaren 11ra

2025-26 ikasturtean batxilergo-ikasketak egiteko aurrematrikula-epea martxoaren 31tik apirilaren 11ra artekoa izango da. Kanpaina bere horretan martxan jarri aurretik, jada Oiartzoko lankideak Haurtzaro eta Oreretan izanak dira (familiekin nahiz ikasleekin), eta bateko zein besteko DBH 4. mailako ikasleek Oiartzo bisitatu edo bisitatuko dute datozen egunetan. Ate irekien saioa apirilaren 1ean egingo da. Aurreikuspena 2025-26 ikasturtean, 1. mailan, hiru lerro izatea da. Egun, hiru lerro ditugu lehen zein bigarren mailan.

MoreretaON: eskerrik asko!

Eskerrik asko, bereziki, pasa den asteko korrikaldi morea antolatzen aritu zinetenei; eta bertan parte hartu zenuten denei! Langile atarian (albisteen atalean) dituzue irakurgai eta ikusgai ekimenaren kronika laburra eta argazki galeria.

Bedatselekuak (udaberriko egonaldia) 2025, apirilaren 14tik 25era

Urte luzez Udalekuak antolatzen pilatutako esperientzia oinarri, egun Bedatselekuak (udaberriko egonaldia) eta Negulekuak ere antolatzen ditu Ikastolak.

Bedatselekuak HH3-LH3 arteko haurrentzako izaten dira (izan Ikastolako ikasleak edo ez) eta aurten apirilaren 14tik 25era egingo dira. Izen-ematea zabalik da martxoaren 26ra arte.

Bedatselekuek Ikastolako proiektu hezitzaileari jarraipena ematea dute xede, bide batez, familien premiei ere erantzunez. Informazio xeheagoa: Bedatselekuak 2025

Elkartasun lantaldea | Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola laguntzeko Hartxintxar lasterketa solidarioa

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola hainbat ekimen antolatzen ari da Eusko Jaurlaritzak jarri dion 140.000€ isunari aurre egiteko. Horietatik bat, martxoaren 29ko Hartxintxar lasterketa: korrikaldiaz gain, arratsalde-pasa ederra egiteko moduko festa. Herrian barnako 3,5 kilometroko lasterketa 19:30ean izango da eta bertan parte hartzeko aukera 12 urtetik gorakoek izango dute; 12€ko izen-ematearen truke. Aurrez zein ondoren, haur, gazte zein helduentzako entretenimendua izango da, jolas, musika, dantza, kantinarik… ez baita faltako. Anima zaitezte! (eman izena lasterketan | ikusi programa osoa)

Bide batez, gogoratu nahi dizuegu Salbatore Mitxelena Ikastola laguntzeko bestelako bideek ere (bizum eta transferentziak) irekita jarraitzen dutela. Informazio xeheagoa: zarauzkoikastola.eus/eu/ikastolak-euskal-herria-eraikitzen


ETAPA ARTEKOAK


DBH3 | Komunikazio Tailerreko ikasleen aldizkaria

Udaberriarekin batera hemen da DBH3ko Komunikazio Tailerreko ikasleen aldizkaria. Plan proposamenak, punta-puntako moda, menu goxo eta bitxikeriak irakurtzeko gogoz bazaudete, aurrera! Ziur ez zaretela aspertuko.


BESTELAKOAK


Enpresa Lasterketa: izen-ematea

XVI. Enpresa Lasterketa maiatzaren 18an egingo da Donostian, goizeko 9:30ean hasita. 8,5 kilometroko korrikaldia izango da eta lau lankideko taldetan hartu behar da parte. Animatuz gero, osatu laukotea eta eman izena langile atariko hala dagokion inprimakia betez (ostean, Ikastola arduratuko da taldeen erregistro ofiziala egiteaz Enpresa Lasterketaren webgunean).

Informazio gehiagorako: www.carreraempresas.com

Martxoak 14: herriko euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia

Gaur arratsaldeko 18:00etan aurkeztuko da herriko Euskaraldia Foru plazan (euria eginez gero, Merkatuzarren). Ekimena bera aurkezteaz gain, hamaikakoa ere emango da ezagutzera, eta herriko hainbat bertsolarik eta dantzarik hartuko dute parte hitzorduan. Heldu da motorrak berotzen hasteko garaia. Anima zaitezte!