HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (25.01.24)


ETAPA MAILAKOAK


Berrikuntza taldearen hainbat mezu

HTI-ELKARRERAGINA

Abenduak 9-13 bitarte HTIko Elkarreraginerako estrategiak landu genituen. Bertan aurkeztu zizkiguten egitura eta dinamika kooperatibo multzoa Berrikuntzako saiokako hurrengo atalean gehitu ditugu “HTI-Egitura eta dinamika kooperatiboak”.

Saiokan ere gure IK/KI biltegia (Ikasteko kooperatu/Kooperatzen ikasi (IK/KI): Biltegia) izan arren, HTIko tresnaren funtzionaltasuna dela eta saiokan gehitu ditugu.

Dena den, gure biltegia aurrrekoa baino osatuagoa dago, hurrengo baliabide motak baititu:

  • Taldeak osatzeko baliabideak
  • Talde-kohesioa lantzeko dinamikak
  • Ikaskuntza partekatu eta eraikitzeko eta erabakiak hartzeko egitura kooperatibo sinple eta konplexuak
  • Kooperatzen ikasteko baliabideak

IKASTOLEN HEZKUNTZA MARKO OROKORRA (IHMO)

IHMO gure hezkuntza-proiektuaren helburua definitzeko (pertsona-eredua) eta garatzeko elementuak jasotzen dituen markoa da.

Klaustroak datorren ikasturtean egingo du IHMOaren inguruko formakuntza, baina etapa bakoitzeko irakasle batzuk eta berrikuntza-taldeko kideok dagoeneko hasi gara horretan eta interesgarria izaten ari da. Hortaz, hurrengo urtean gure hezkuntza-planteamendua eta gure eguneroko praktika indartu eta hobetzeko aukera ona izango dela aurreratzen dizuegu!

HURRENGO BERRIKUNTZA SAIOA (25/01/27)

Abenduaren 11n gauzatu genuen berrikuntza saioan, ebaluazio-hezigarriaren inguruko solasaldia abiatu genuen. Saio horretan, ebaluazio hezigarriaren ezaugarriak eta gauzatzeko estrategiak aztertu genituen. Ondoren, talde txiki homogeneotan (mintegika edo arloka) ebaluazioaren inguruan ditugun kezkak eta arazoak jaso genituen.

Hurrengo saioan, urtarrilak 27, talde heterogeneotan (mintegiak eta arloak nahastuz) arazo eta kezka horiei aurre egiteko estrategiak partekatuko ditugu. Amaitzeko, talde homogeneotara itzuli eta talde heterogeneotan bildutako informazioa partekatu eta mintegi edo arloan ebaluazioa hobetzeko erabakiak hartuko ditugu.

Jolasgaraien inguruan

Aste honetan, LANTALDEETAN elkartu gara eta bertan, jolasgaraietan sortutako gatazkak eta zuen iradokizunak kontuan hartuz, bi erabaki hartu ditugu:

  • Baloiak erabiltzeko aukera egunero izango dute, barrualdea erabiltzen duten bitartean (otsailaren 28ra arte), estalpea ia hutsik egoten baita ikasle gehienak barruan egoten direlako.
  • Erreleboen ibilbidea pixka bat aldatu dugu eta hemendik aurrera, otsailaren 28ra arte, ibilbide bakarra izango dugu, hau da, ez da eguraldiaren menpe egongo. Ibilbide berria txantiloian dago ikusgai.

Erreleboekin hobetu dugun arren, oraindik antolaketan hobera egin dezakegula iruditzen zaigu. Horretarako, oroitu laguntza behar izanez gero, lehen aipatutako txantiloia erabil dezakezuela.

Bestalde, jolasgaraietako zaintzak aktibatu direla ere gogoratu, eta egunen batean zaintzara atera ezin bazarete, haiei abisatu behar zaiela zuen ordez ateratzeko. Bukatzeko, baten batek proposamen edo arazorik izanez gero, lantaldeko kideren batengana hurbil zaitezkete arazorik gabe.

Eskerrik asko.
JOLASGARAIETAKO lantaldea

Irakurriz gozatu

Bigarren txanda honetan ikasleek bigarren liburu bat aukeratuko dute, haiek aukeratutako hizkuntzan. Dakizuen bezala, helburua ikasleen artean irakurzaletasuna bultzatzea da. Oraingoan ere, lau saio izango dituzte liburu hori irakurtzen bukatzeko eta ekimen honi bukaera emango zaio apirilaren 2an burutuko dugun saio bateratu batekin. Saioak Calendarren dituzue ikusgai. Hurrengo saioa urtarrilaren 31n (ostirala) izango da (3. orduan). Berriro ere, ikasleei galdetegi bat bidaliko zaie aukeratutako liburua zein den esateko. Norbaitek liburua ekarriko ez balu, ipuin bat asmatu beharko luke. Mila esker.

Ane Sobreviela

Calendarrari lotutakoak

IKASLEEKIN

  • BADyG testak: Astelehenean 4. mailako ikasleek testak pasako dituzte. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
  • Podcast proiektua: Asteartean, 3. mailako komunikazio tailerreko ikasleek Podcast proiektuaren hirugarren saioa izango dute Lekuonan. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
  • Garabide: Asteazkenean, kulturartekotasunari eta aniztasunari buruzko laugarren eta azken saioa jasoko dute 3. mailako ikasleek. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
  • Irakurriz gozatu: Ostiraleko 3. orduan irakurketa saioa izango dugu.

IRAKASLEAK

  • Berrikuntza: Astelehenean lan saioa izango dugu liburutegian 14:40an.
  • Koordinazio saioa: Asteartean mintegika elkartuko gara.
  • Garabide: Asteazkenean, kulturartekotasunari eta aniztasunari buruzko saioa izango dugu liburutegian 14:45ean.

IKASTOLA MAILAKOAK


Urtarrilak 22: ongietorri bilera familia etorri berriekin

Orain bi urtetik gaur arte Ikastolara iritsi diren jatorri atzerritarreko familiekin elkar ezagutzeko bilera egin zen atzo, urtarrilaren 22an. Badira bizpahiru ikasturte askari-bilera hau egiten hasi ginela. Jatorri, hizkuntza eta kultura desberdinak dakarzten familia horiei harrera abegikor eta goxoa eskaini nahi izaten diegu; eta bide batez, Ikastola zer den eta zerk ezaugarritzen gaituen azaldu ere bai, gehientsuenetan ikasturtea hasita etortzen baitira familia horiek gurera. Bide batez, zer egiten dugun egoki eta zer dugun hobetzeko ere galdetzen diegu.

Ikusmira etorkizunean jarrita, kulturartekotasuna sustatzeko bideak jorratzea dagokigu Ikastoloi ere, eta familia horiek horretarako aukera aparta eskaintzen digute. Beren izate eta sustraiei eutsiz gurea ezagutu, ikasi eta beren egiteko gogoa erakutsi zuten atzoko bileran. Beren seme-alaben integrazioa eta Euskal Herritar bilakatzeko gogoa azaldu zuten bidean izan dituzten zailtasun eta oztopo guztien gainetik.

Familia batek eskainitako Aljeriako te goxo, fruitu lehor eta galletekin aritu ginen berriketan. Giro atseginean, ezin hobeto!


BESTELAKOAK


Matrikulazioa 2025-26: herriko hezkuntza zinegotziaren agerraldia administraziopeko hiru ikastetxeekin

Urtero legez, herriko hezkuntza zinegotziak agerraldia egin du administraziopeko hiru ikastetxeetako zuzendariekin. Urtarrilaren 17an izan zen, hemen irakur dezakezue albistea. Aldiro adierazten dugu Ikastolak ere eskertuko lukeela babes hori, baina ezezko erantzuna jasotzen dugu.

Seaska Ikastolak: aldaketa lehendakaritzan

Peio Jorajuriak, 2019tik 2024ra arte Seaskako lehendakaria izan denak, kargua utzi berri du eta hiruren artean helduko diote orain erronkari. Erik Etxart izango da Ipar Euskal Herriko Ikastolen bozeramailea, eta alboan izango ditu Sophie Layus eta Antton Etxeberri. Irakurri albistea osorik.