ETAPA MAILAKOAK
Matrikulazio kanpaina: boluntario eskaera
Dakizuenez, matrikulazio kanpaina betean gaude eta, urtero bezala, kartelak jartzeko garaia iritsi da. Lehenengo txanda egin dugu lankide batzuon artean, baina ate irekien ondoren, bigarren txanda egin beharra dago. Horretarako epea urtarrilaren 24an hasi eta otsailaren 7an amaituko da.
Horrez gain, HHko lankideek ekimen bat jarri dute martxan azken urteetan, egiten dugun hori herriari gertuagotik azaltzeko. Aurtengoan otsailaren 5ean egingo da, asteazkena, eta laguntza eskatu zaigu jaima montatu eta, interesa izango bagenu, DBHkook ere ekarpenen bat egiteko. Denon laguntza eskertuko da; zenbat eta boluntario gehiago, orduan eta errazago banatzen da lana. Kartelak itsasteko edota aipatutako ekimenean parte hartzeko prestutasuna duenak, bidal diezaiola mezua Sarari, edo hurbil dadila beragana.
Eskerrik asko!
Komunikazio lantaldea
HTI saioak
Datorren astean, EHIk irakasleak trebatzeko proposatzen duen ulermen-adierazpen estrategiak garatzeko saioa jasoko dugu arloka.
Donostian izango dira saioak eta hiru orduko iraupena izango dute (9:30-12:30). Sortzen diren hutsuneak betetzeko jendea ekarriko dugu, hutsune horietan egin beharreko lanak adieraztea eskertuko genizueke. Mila esker!
Calendarrari lotutakoak
IKASLEEKIN
- Hedatze: Astelehenean, urtarrilaren 20an, Hedatze akademikoa izango dugu.
- Garabide: Ostegunean, urtarrilaren 23an, kulturartekotasunari eta aniztasunari buruzko hirugarren saioa jasoko dute 3. mailako ikasleek. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
IRAKASLEAK
- CAG koordinazioa: Astelehenean, urtarrilaren 20an, liburutegian bilduko gara CAG geletako irakasle taldeak. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
- Lantaldeak: Asteazkenean, urtarrilaren 22an, lantaldeek bilera izango dute.
Klaustroan eman beharreko oharrak
INGURUMEN LANTALDEAREN AURKEZPENA
DBHko klaustroan ingurumen lantaldearen berri lehenbailehen izatea ezinbestekoa dela iritzita, barne-oharretan azalpentxo bat egitea erabaki dugu.
Ikastola mailako ingurumen lantaldea martxan jarri da 24-25 ikasturtean. Taldearen helburu estrategikoak hiru dira: jasangarritasunaren kultura zabaltzea, ikasleen protagonismoa eta ahalduntzea bultzatzea eta, azkenik, ikasle eta irakasle konpetenteak sortzea jasangarritasunaren arloan.
Urria-abendua bitartean etapa bakoitza dagoeneko egiten dituen ekintzak zerrendatzen eta dokumentu batean biltzen aritu da. DBHn dokumentu hori sortu dugu eta batez ere natur mintegiko curriculumeko proiektu eta ekintzekin osatu dugu. Beste arloetan jasangarritasunaren gaia lantzen baduzue, eskertuko genuke guri bidaltzea eta zehaztea zein ebaluaziotan lantzen duzuen gai/proiektu hori, ikuspegi orokorra izan dezagun.
Bestetik, ikasturte honetarako ekintzak zehazten ere ari gara. Ikusi dugu beste etapetan lantzen dituzten gai batzuk DBHn ez ditugula lantzen, eta horretarako martxan jarriko ditugu ekintza batzuk:
- Biohondakinaren edo janari soberakinen gaikako bilketa martxan jarriko da. Udalari eskaera egin diogu eraikinera biohondakinaren bila etortzeko eta jasoketa martxan hasiko den unerako kanpaina bat diseinatuko dugu ikasleekin.
- Ekoordezkarien figura sortu. Gela bakoitzean ekoordezkari bat sortu nahi dugu. Ikasturte honetan proba pilotua egingo dugu eta datorren ikasturtean nola antolatu gaitezkeen diseinatuko dugu. Lehenengo lana hondakinak gaika sailkatzeko kanpaina izango dute, baina baita orokorrean hamaiketakoen inguruko hausnarketa sustatzea ere. Horretarako, jakin beharko genuke ea BPK saioetan maila bakoitzean aukerarik edukiko genukeen gai hau sartzeko eta ekoordezkariei ardurak emanez geletan lanketak eta proiektuak egiteko. Ekoordezkariaren figura Agenda 2030eko ekintzak martxan jartzeko ere erabiliko genuke aurrerantzean.
Erronka handiak dira eta hau koordinatzeko ezinbestekoa dugu irakasle guztiekin harremanetan egotea. Beraz, edozein gauza duzuela, ideia berriak, egiten duzuena partekatzea, komentatzea… jarri harremanetan Maite edo Eneritzekin.
2. HIRUHILEKO HEDATZE
Hedatze programan izena emateko epea agortu da, Hedatze akademikoa eta Euskaraz Bizi atera dira aurrera.
ATEEZ, LEIHOEZ ETA ARGIEZ
Guztion ardura da Ikastolako jarduna amaitutakoan eraikina itxita eta argiak itzalita uztea. Ate, leiho eta argiekin ahalegin berezia egitea eskatu nahi genizueke, batez ere kanpoko komunetako, eskaileretako, komunetako eta korridoreetako leiho eta argiekin, mesedez. Mila esker!
LANALDIAREN ERREGISTROAZ
Dakizuen bezala, artxibategi bat jarri dugu bulegoan eta hilabete bakoitzarentzat espazio bat dugu. Oro har oso ondo funtzionatzen ari gara, mila esker!
Falta zaizkigun erregistroen kontrola eraman ahal izateko, artxibategian azken bi hilabeteetako karpetak aurkituko dituzue soilik. Beraz, aurreko hilabete batekoa entregatzeko, eman zuzendaritzako kideren bati, mesedez.
Amaitzeko, dagokion hilean eta daukagun langile kodearen hurrenkera errespetatuz uzteaz gain, karpetako zerrendan zuen izena markatzea eskatu nahi dizuegu, honek lana asko erraztuko bailiguke. Mila esker!
HUTSUNEEN KOMUNIKAZIOAZ
Behin baino gehiagotan gertatu zaigu Inikan komunikatu gabeko irakasleon hutsuneekin topo egitea. Zaintzak esleitu ahal izateko edo, kasuan kasu, lehentasunak ezartzeko, ezinbestekoa zaigu hutsune horien berri izatea. Horregatik, Inikan hutsune bat sartu aurretik, zuzendaritzako kide bati komunikatzea eskatu nahi dizuegu (dagokion baimena eskatuz, mezu baten bitartez edo ahoz). Mila esker!
IKASTOLA MAILAKOAK
Lino Berriaren inaugurazioa: xehetasunak
Eguberriko oporren aurretik esan eta pasa den astean gogoratu bezala, Lino Berria urtarrilaren 24an, Hezkuntzaren Nazioarteko Egunean, inauguratuko dugu hala nahi duen Ikastolakide zein herritar orok ikusi eta ezagutu dezan.
18:00etatik 20:00etara jarri dugu hitzordua (aurrez ekitaldi instituzional txiki bat egingo da; pertsona eta ordezkari jakinek hartuko dute parte, ez da ekitaldi irekia izango). Hauxe egitaraua:
- 18:00-20:00: Lino Berria nor bere kabuz ikusi eta ezagutzeko tartea
- 18:15-18:30: obra gidatu duen arkitektoaren hitzaldia
- 19:00-19:30: “Pirata garrapataren abenturak” antzezlana Patata Tropikala konpainiaren eskutik
- 19:30-20:00: Añabitarteko sukaldean prestatuko mokadua
Anima zaitezte!
Lilaton 2025: emakumeok, anima zaitezte!
Ziurrenik askok jakingo duzuenez, DBHko hainbat ikasle zein irakaslek “Lilaton”en parte hartzeari ekin zioten orain bost urte, elkarrekin igande goiza kirola eginez pasa eta aldarrikapenez betetzeko asmoz.
Orain arteko esperientzia oso atsegina eta asegarria izan denez, aurten ere, jarraipena eman nahi zaio. Eta hala, otsailaren 23an egingo den “Lilaton”en izena eman eta Ikastolako emakume taldera batzera animatu eta gonbidatu nahi zaituztegu zuek ere, Ikastolako emakumezko langileak.
Langile atarian topatuko dituzue Ikastolako taldera batzeko xehetasunak (aurrez www.lilaton.eus-en izena eman behar da, norbanako gisa). Anima zaitezte!
“Piztu Itxaropena” kanpaina (Saharako errefuxiatuen aldeko janari eta baliabide bilketa): ikasgelako lanketa eta bilketa bera
Urtero legez, Ikastolak aurten ere parte hartuko du “Piztu Itxaropena” kanpainan, Saharako errefuxiatuentzako janari eta baliabide bilketan. Orain arte egin denari berrikuntza batzuk txertatu nahi dizkiogu aurten, ikasleen artean solidaritate sena pizteko intentzioz.
- Batetik, geletan gaiaren gaineko lanketa espezifikoa egitea proposatzen dizuegu. HHn, ipuin bat kontatu eta bertako irudiak ikusteko tartetxo bat hartzea eskatuko zaizue. LHn, Komunitate Proiektuko ikasgaian, ipuinaz gainera, bideo baten bidez, saharar herriaren egoeraz hitz egitea eta hausnartzea bultzatuko dugu. DBH eta Batxilergorako, Zarauzko ikastetxe batzuetan egindako proiektu baten berri ematen duen bideoa pasa digute, ikasleek errefuxiatu sahararrei egindako bisita baten bideoa, hain justu.Hemen duzue proposamen osoa etapaka banatuta. Besteentzat prestatutakoa zuentzako ere egokia iruditzen bazaizue, AURRERA! Helburua, esan bezala, ikasleengan enpatia piztu eta bilketan emozionalki inplikatzea da!
- Ondoren, ohiko janari eta baliabide bilketa egingo dugu: urtarrilaren 27an eta 28an izango da. LHn, proba pilotu bat egingo dugu: guk prestatutako kutxak zuzenean hara bidaltzeko moduan egotea. Horretarako, ikasle boluntarioak izango ditugu Heltzeneko gela bakoitzean. Gainontzeko etapetan gauzak poltsetan bilduko ditugu.Bilduko direnak ondorengoak dira: hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, lekaleak eta konpresak. Ikasleak eta familiak bezalaxe, zuek ere gonbidatu nahi zaituztegu ekimenean parte hartzera.
Mila esker guztiagatik!
Elkartasun lantaldea
Inikako erreserben atala: hainbat aukera
Inikak badu erreserbak bideratu eta kudeatzeko atal bat (baliabideak > orokorra > erreserbak > egutegia). “Multzoak” zabalgarrian gunea edo saila aukeratu behar da eta “Baliabidea” zabalgarrian, berriz, erabili/erreserbatu nahi den baliabide zehatza.
Orain arte, gelak erreserbatzeko aukera egon da Inikako erreserben atalean. Beste bi sail gehitu berri ditugu bertara: euskarazko eleberrien liburutegia eta fotomatoia.
- Euskarazko eleberrien liburutegia: hainbat lankidek etxetik ekarritako euskarazko eleberriekin Ikastolako langileentzako liburutegia jarri dugu martxan. Inikatik liburu zerrenda ikusi eta erreserba egiteko aukera dago. Liburua hartu eta uztera norberak joan behar du LHko kafe-gelara (momentuz han daude langileen liburutegiko liburu guztiak).
- Fotomatoia: Ikastolak fotomatoi propioa du. Norbaitek festa edota hitzordu berezi baterako erabili nahi balu, Inikako erreserben ataleko “Aurkezpenak/ekitaldiak” multzotik egin behar du erreserba (baliabideen zabalgarrian fotomatoia aukeratuta).
VI. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa: saritutako lanak irakurgai eta ikusgai
Urriaren 31tik abenduaren 3ra egon zen martxan, Gau Beltza eta Euskararen Eguna lotzeko asmoz, Ikastolak urtero antolatzen duen beldurrezko (mikro)ipuin ikus-entzunezkoen lehiaketaren seigarren edizioa. Abenduaren 20an banatu zitzaizkien sariak garaileei. Hala nahi izanez gero, langile atarian (gainaldeko nabarmenen atalean) dituzue irakurgai eta ikusgai saritutako lanak. Gozatu!
ETAPA ARTEKOAK
DBH-Batx | Euskal Olinpiadak 2025
Orain bi urte hasitako bideari jarraiki, Euskal Olinpiaden hirugarren edizioa urtarrilaren 10ean egin zuten Haurtzaro eta Orereta ikastoletako DBH 4. mailako ikasleek eta Oiartzoko 1. mailakoek elkarrekin, hiru ikastolen arteko harremanak eta loturak estutzeko helburuarekin. Langile atarian (albisteen atalean) duzue ekimenaren kronika zabalagoa eta argazki-galeria.
BESTELAKOAK
Konfekoop aldizkariaren 103. zenbakia
Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, aldizkaria argitaratzen du hiru hilabetero. Hemen duzue irakurgai azken alea.