ETAPA MAILAKOAK
AGIFES
Aurten, ikaslearen ongizatea ardatz eta udaletxearekin elkarlanean, DBH1eko ikasle eta irakasleek “Zeuk aukeratu” programan parte hartuko dute. Asteleheneko klaustro bileran Ane Badiolak emango ditu programaren inguruko azalpen eta xehetasunak. Ikasleek lehenengo saioa datorren astean jasoko dute; irakasleak ez dira gelan egongo, beraz, sortu daitezkeen hutsuneak beteko dituzte zaintzak baliatu aurretik. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
Hizkuntza neurketak
Datorren asteko ostegunean hizkuntza neurketak egingo ditugu ikastolako etapa ezberdinetan. Hori dela eta, 4. mailako Blaituko zenbait ikasle lehen bi orduetan ez dira gelan egongo. Xehetasun gehiago eta ikasle zehatzak Calendarren izango dituzue ikusgai.
Gau Beltza
Dakizuen bezala, datorren urriaren 31n, Gau Beltza ospatuko dugu. Datorren astean informazio gehiago emango badizuegu ere, aproposa iruditu zaigu aste honetan kontu batzuk aurreratzea.
Alde batetik, gogorarazi DBHko ikasleek desfilean parte hartzeko aukera izaten dutela: zankolariak eta zirikatzaileak.
Bestetik, desfilearen aurretik eta desfilean zehar hainbat ardura bete beharko dira, eta horretarako, denon parte-hartzea ezinbestekoa izango da. Hona hemen egun horretan bete beharko diren arduren zerrenda eta ardura bakoitza betetzeko behar dugun pertsona kopurua → ESTEKA
Denon artean errazagoa izango da! Eskerrik asko, aldez aurretik!
Herrigintza lantaldea
0 ebaluazioaren inguruan
Aurreko asteko ebaluazio bileretan 30 minutu sartu genituen ordutegitik kanpo, horretarako daukagun ordu poltsatik deskontua egin dugu.
Calendarrari lotutakoak
IKASLEAK
- AGIFES: Asteazkenetik ostiralera bitarte, 1. mailako ikasleek lehenengo saioa izango dute. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
- Antzerki foruma: Asteazken eta ostegunean, 4A eta 4C geletako ikasleek egingo dute lanketa. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
IRAKASLEAK
- Klaustro bilera: Astelehenean klaustro bilera izango dugu. Gai-zerrenda eta xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.
- Berrikuntza: Asteartean diziplinarteko proiektuen inguruko lan saioa izango dugu. Xehetasunak Calendarren topatuko dituzue.
- Koordinazioa: Asteazkenean mintegika elkartu eta koordinazio saioa egingo dugu.
IKASTOLA MAILAKOAK
Administraziopeko eta itunpeko ikastetxeetako (tartean, Ikastoletako) irakasleen soldata-ekiparazioaz
Irailaren 2ko ikasturte hasierako langile batzarrean aipatu bezala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren asmoetako bat administraziopeko eta itunpeko ikastetxeetako (tartean, Ikastoletako) irakasleen soldata parekatzea da. Abuztuan eman zuen horren berri Begoña Pedrosa sailburuak eta horretarako, orain, aste honetan egin den Gobernu Batzordean, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontu Legea aldatzea onartu du; Eusko Legebiltzarrera igorriko dute lege proiektua eta haren onespena beharko da aurrera egiteko. Ekiparazio progresiboa egitea da asmoa: 2027rako nahi dute soldatak parekatzea, eta atzerako eragina izango du 2023tik.
Irakasleen soldata-ekiparazioaz ari gara, ez langile guztienaz. Ordainketa eskuordetuan dauden irakasleen parekatzea hartuko du bere gain Hezkuntza Sailak, ordainketa eskuordetutik jasoko duten nominan aplikatuz igoera zuzenean. Ordainketa eskuordetuan ez dauden irakasleen ekiparazioa Ikastolek beraiek hartuko dute beren gain (horretarako diru-sarrera gehigarririk izan gabe Hezkuntza Sailetik). Irakasleak ez diren langileen soldaten momentuan momentuko igoerak ere (ez ekiparaziorik), orain arte bezala, Ikastolek beraiek hartuko dituzte beren gain. Eta horrek guztiak, beraz, ez du doakotasunerako bidea errazten.
Gaiaren eta hainbat xehetasunen aipamena egin nahi izan dizuegu, batetik, gaia prentsan delako egun hauetan ere, eta bestetik, aste honetako Gobernu Batzordearen ostean Pedrosa Sailburuak egindako adierazpenen gaineko balorazioa egin duelako Ikastolen Elkarteak (hemen duzue irakurgai), eta uste dugulako emandako xehetasunek hori behar bezala ulertzen laguntzen dutela. EHIk norabide onean ikusten du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak hartutako erabakia eta, aldi berean, ezinbestekoa ikusten du gainerako langileen soldata-ekiparazioa eta ikasleen arretan beharrezkoa den bestelako finantziazioa ekarriko dituzten neurriei berehala ekitea.
Gaiari lotutako adierazpenak LAB sindikatuak ere egin ditu. Ikastolen Elkarteak LAB sindikatuaren prentsa oharra Ikastolen mugimendurako iraingarria eta oso mingarria dela adierazi du (irakurri EHIren adierazpena).
ETAPA ARTEKOAK
Eskolaz kanpoko ekintzak | Urria heltzearekin batera, martxan da ikasturte berria!
Ikasgelek iraila izaten dute egutegian gorriz markatuta, eta eskolaz kanpoko ekintzek, berriz, urria. Elkarren lagun eta osagarri izanagatik, bakoitzak bere momentua, bakoitzak bere lekua. Orereta Ikastolaren aurtengo eskolaz kanpoko eskaintza bederatzi ekintzek osatzen dute eta 400 ikasle dabiltza batean ez bada bestean beren gozamena eta ikasketak osatzen. Informazio gehiago, langile atarian (albisteen atalean).
BESTELAKOAK
Araba Euskaraz 2025 aurkeztu dute
Orain egun gutxi aurkeztu dute Araba Euskaraz 2025. Bastida Ikastola laguntzeko xedea izango du datorren urteko edizioak. Azken aldietan bezala, Arabako Ikastola guztien artean antolatuko dute ekainaren 15ean eta “etengabe” lemapean Olarizun egingo den festa. Irakurri xehetasun gehiago.
Konfekoop aldizkariaren 102. zenbakia
Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, aldizkaria argitaratzen du hiru hilabetero. Ikastolok Konfekoop Irakaskuntzako kide izanik, aproposa iruditzen zaigu, hemendik aurrera, aipamena egitea aldizkariaren ale berriak atera ahala. Hemen duzue irakurgai azken alea; tartean, hezkuntzari lotutako erreportaje bat ere bai.