HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (24.04.19)


ETAPA MAILAKOAK


Liburuaren Nazioarteko eguna

Datorren asteartean, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da eta egunari keinu txiki bat egin nahiko genioke gure etapan, beste etapetan egingo duten bezalaxe. Horretarako, DBHko Hizpro taldetik proposamen bat daukagu: iaz goiko sarreran jarri genuen panela (egunaren berri ematen duen kartelarekin eta hainbat klasikoren azalekin apainduta) berriro jarriko dugu, baina horrekin batera, egunean bertan lehenengo orduan gela bakoitzean sartzen den irakasleak aurtengo Juul Kanpaina DBHko kategorian irabazi duen Jasone Osororen Festa-ren pasarte bat edo 1. kapitulua irakurtzea pentsatu dugu. Irakurri beharrekoa, noski, guk prestatu eta irakasle bakoitzaren esku jarriko dugu.

Coraline bideoa

2. hiruhilekoan DBH 2. mailako komunikazio tailerreko ikasleek booktrailerrak egin zituzten eta Galtzagorri elkartearen lehiaketara aurkeztu. Gure ikasleen bideoetako bat bozka fasera pasa da eta haiei botoa emateko epea zabalik dago apirilaren 30era arte, beraz, horretara animatu nahi zaituztegu. Egindako lana gustatzekotan, BOZKATU atalean sartu eta bideoa aukeratu beharko zenukete. Norbanako kategoriako CORALINE bideoa da.

Calendarrari lotutakoak

Ikasleekin

  • Hitza ikastetxeetan: Aurreko astean 1. mailako ikasleekin egindako lanketa asteartean itxiko da. Xehetasunak Calendarren dituzue ikusgai.

Irakasleak

  • Asteleheneko klaustroa: Astelehenean klaustroa izango dugu. Calendarren ikusgai duzue landuko ditugun gaien zerrenda.
  • Berrikuntza: Asteartean diziplina arteko proiektuak berrikusi, doitu eta egokituko ditugu.

IKASTOLA MAILAKOAK


Prestakuntza eta jardunaldiak

DATU PERTSONALEN TRATAERA ETA BABESARI BURUZKO FORMAZIO-SAIOKO MATERIALA

Pasa den apirilaren 11n egin genuen datu pertsonalen trataera eta babesari buruzko formazio-saioko materiala eskura duzue langile atarian, prestakuntza eta jardunaldien atalean. Bide batez, jakizue langile ataritik bertatik sarbide zuzena duzuela hainbat eta hainbat formazio-saiotako material-bildumara.

EHI-REN PIZTU JAKINMINA TOPAKETAK APIRILAREN 23AN ETA 24AN

Ikastolen Elkarteak antolatzen dituen Piztu Jakinmina topaketen hurrengo hitzordua datorren astean izango da: apirilaren 23an (12-16 urte) eta 24an (0-12 urte), Gasteizen (Europa Biltzar Jauregiko Florida aretoan).

Orereta Ikastolako DBHko gizarte-mintegiko bi lankide bertan hizlari jardungo dira Esadazu proiektua aurkezten.

Norbaitek, formazio ikuspegitik, Piztu Jakinmina topaketetara joateko interesik izango balu, jar dadila harremanetan etapako zuzendaritza-taldearekin edo hala dagokion arduradunarekin. Langile atarian, prestakuntza eta jardunaldien atalean, topatuko duzue Piztu Jakinmina topaketen bi egunetako egitaraua.


ETAPA ARTEKOAK


[LH6] Aste Santua aurreko Mindara elkartearen aldeko azoka solidarioan 1595€ lortu zituzten

Diziplina arteko proiektuan, LH 6. mailako ikasleek Mindara elkartearen aldeko merkatu solidarioa antolatu zuten Agirre Lehendakariaren eta Niessengo plazetan martxoaren 18an. 1595€ lortu zituzten.

Oporretatik bueltan eman diete Mindara Elkarteko kideei bildutako dirua. Oarsoaldean martxan dituen Egokide eta Gizakide proiektuetarako erabiliko ditu elkarteak jasotako sosak.

Eskerrik asko LH 6. mailako irakasle eta ikasle denei egindako lanagatik!

[DBH] Mara Albistur ikasleak irabazi du Gipuzkoako Bertso Eskolartekoa idatzizkoan

DBH 3. mailako Mara Albistur Gurrutxagak irabazi du Gipuzkoako eskolarteko bertso idatzien lehen saria, apaltasunari idatzitako bertso-sortarekin. Langile atariko azpimarretan dituzue entzungai. Bejondeizula, Mara!


BESTELAKOAK


Baserria-bazkideak: kudeaketa-lantaldea berritzeko boluntario-eskaera

Jakingo duzuenez, Orereta Ikastolako bazkideek, besteak beste, Añabitarte baserrian dagoen elkarte gastronomikoa erabiltzeko aukera dute. Borondatez lanean aritzen den bazkide-talde bat arduratzen da haren kudeaketaz.

Lantaldean dauden gehienak 2019ko uztailaz geroztik ari dira lan boluntario hori egiten eta, bost urteren ostean, taldea berritzeko beharra heldu da. Horiek horrela, Ikastolako bazkide denei Baserriko kudeaketa lantaldera batzeko gonbita egin nahi diete, lanak banatu eta guztien laguntzari esker Añabitartez gozatzen jarraitzeko aukera izan dezagun.

Baserriko kudeaketa-lantaldera batzeko prest baldin bazaude, bidali mezua baserria@oreretaikastola.eus helbide elektronikora eta jarriko dira zurekin harremanetan.

Amaia Oleaga Agesta ikasle ohiak Arcadi Olivares saria irabazi du ekonomia irakasteko proposamen pedagogiko aski bereziagatik

Amaia Oleaga Agesta ikasle ohiak Arcadi Olivares saria irabazi du ekonomia irakasteko proposamen pedagogiko aski bereziagatik: Odei Barroso rap-musikari lapurtarraren ‘Ze preziotan’ abestia baliatu du bere ikasleei ekonomia kontzeptuak azaltzeko. Irakasleei bereziki zaila egiten zaien erronkari, ikasleen interesa bereganatzeari, soluzioa ematen eta gazteak egunerokotasunean zuzeneko inpaktua duten ekonomia kontzeptuetara gerturatzen saiatu da, ekonomia aspergarria den ideiarekin apurtzeko ahalegina eginez. Bejondeizula, Amaia!! Hala nahi izanez gero, langile atariko azpimarretan duzue irakurgai saria irabazi ostean Amaiari egindako elkarrizketa bat.

Madalenak 2024: kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik

Udaleko kultura sailak XXXVIII. Madalenak Kartel Lehiaketa jarri du martxan, 2024 jaietako irudia izango dena aukeratzeko. Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da maiatzaren 8ra arte. Epaia maiatzaren 29n jakinaraziko dute jendaurrean. Hemen dituzue xehetasunak eta lanak aurkezteko aukera.