HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.11.10)


ETAPA MAILAKOAK


Berrikuntza eta diziplina arteko proiektuak: hainbat ohar

Datorren astean 2 saio izango ditugu DIZIPLINA ARTEKO PROIEKTUAK ixteko eta aurrera eramateko jarraibideak ezagutzeko; hona hemen zehaztuta egun bakoitzean egin beharreko lanak:

 Astelehena 13: Liburutegian, proiektuka elkartuta

  1. Ikasleei eskura jarriko dizkiegun koadernoak direla-eta: azken begirada eman eta itxi.
  2. Denboralizazioa: gogoetatu eta itxi. (Oharra: diziplina arteko proiektuak gauzatzeko ordutegia 3., 4., 5. eta 6. saioak astelehen, astearte eta asteazkenean)
  3. Soluziodun orria irakurri eta behar diren doikuntzak egin. Itxi.
  4. Maila bakoitzeko excelletan taldekatzeen taulak bete (gela bakoitzeko tutoreak)

→ Asteazkena 15: liburutegian

Diziplina arteko proiektuen gaineko JARRAIBIDEAK jakitera eman. Zalantzak argitu.

Momentuz, hori da guztia. Edozein zalantza izanez gero, jo ezazue guregana. Bestela, egunean bertan argitzen saiatuko gara.

Asteburu on denoi!

DBHko berrikuntza taldea.

Hodeiratzea

Datorren asteartean, hilak 14, beharrezko materiala hodeiratzen laguntzeko tailerra izango dugu. Bertaratzea aukerakoa izango da. Liburutegian IKT mintegikideak planteatutako dudak edo eskatutako aholkuak emateko prest edukiko ditugu.

Baloia eta euria

Jolasgaraietako sortaldeak proposatu eta klaustroan adostu genuena, baloiaren erabilera lurra bustia ez dagoenetara mugatzea izan zen. Beraz, lurra bustia dagoenetan, irakasle gelako baloiak ez dizkiegu ikasleei utziko.

Liburutegiaren erabilera desegokiari buruz

Denok dakizuen moduan, pasa den ikasturte bukaeran liburutegia hustu eta txukuntzeko lan izugarria egin genuen ikasleei irakurtzeko espazio goxo eta duin bat eskaintzeko helburuarekin. Lan hori bukatuta espazioa ahalik eta erabilgarrien mantentzea da helburua, baina azkenaldian ez gara hau betetzen ari.

Azken asteetan ikasle ugari liburutegira sartu eta atera ibili dira, gure (irakasleon) presentziarik, eta beraz, jarraipenik gabe. Egoera horretan, gainera, ikasle batzuek jarrera boikotatzailea hartu dute eta liburuak lekuz aldatu eta nahasten pasatu dute denbora. Gertaera eta jarrera hauek onartezinak dira eta hori saihestea gure esku dagoela uste dugu. Beraz, mesedez, aurrerantzean Liburutegia erabiltzeko garaian irakasleok bertan egoteko eskaera egin nahi dizuegu, hau da, ikasleak ez daitezela bertan bakarrik egon.

Bestalde, ikasleek liburutegitik libururen bat hartzen badute hori erregistratu egin beharko genuke (Irakurriz Gozaturekin lotuta bidali genien galdetegian jaso dezatela informazio hori).

Maitane.

Datorren asteko zitak

  • OFE DBH4, Izotz jauregia: Datorren asteazkenean OFEko ikasleak izotz jauregira doaz, beraz, 11:45ean aterako dira autobusez. 3. orduan klase duzuenok kontuan izan dezazuen, mesedez.
  • DBH 4, Amaia zentrora (Oiasso museoak antolatuta): Azaroaren 16an, Amaia antzokira joango dira. Iaz Latineko ikasleek grabatu zuten laburmetraia ikusiko dute, eta, segidan, langileen batailoien inguruko dokumentala. Lehen bi saioak arruntak izango dira eta ikasleak 10:00etan abiatuko dira. Irakasle taldea eta zaintza/trukeak calendarren jarriko ditugu.

IKASTOLA MAILAKOAK


NextCloud – OIKS: hainbat karpeta, Proiektuen ataletik Prozesuenetara

NextCloud – OIKS berrantolatzen ari gara eta hainbat karpeta Proiektuen ataletik Prozesuenera pasa ditugu, proiektu (hasten ari dena edo hasiera eta amaiera jakina duena) izateari utzi eta prozesu (denboran iraunkorra dena) bihurtu direlako. HIZPRO karpeta da horietako bat.

Bila zabiltzaten karpeta topatzeko, jarraitu goian aipatutako jarraibidea. Horrela eginda ere ez baduzue aurkitzen, jar zaitezte zuzendaritza-taldeko kideekin harremanetan.

Osasun azterketa osagarriak: kobrantza

Pasa den ikasturtearen amaieran osasun azterketa osagarriak egin zenituzten langileei astelehenean, azaroak 13, kobratu zaizue azterketa horien kostuaren % 50a; langileari ordaintzea dagokiona, hain justu.

Gau Beltza: balorazio-inprimakia

Gau Beltzeko lantaldeak balorazio-inprimakia prestatu du urriaren 31n egiten dena baloratzeko eta etorkizunerako proposamenak jasotzeko. Langileek eta etapetako eta ikasgeletako guraso ordezkariek betetzea eskatu dute. Beraz, eskertuko genizueke erantzuteko tarte bat hartzea. Langile atarian topatuko duzue aipatu inprimakia.

Euskahalduntze tailerra, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topàgunearekin elkarlanean

Kilometroak 23 Urtea pasa berritan eta Euskararen Egunaren atarian, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearekin elkarlanean, euskara ahalduntze tailerra antolatu dugu. Euskal hiztunei zuzendutako saioa izango da, eta euskaraz gehiago eta erosoago egiten laguntzea izango du helburu.

2 orduko saioa (18:00-20:00) izango da; azaroaren 22an, Ikastolaren Esmalteriako egoitzan.

Parte hartu nahi baduzu, eman izena langile atarian. 12 pertsonako taldeak izango dira, gehienez ere. Haurrak zaintzeko zerbitzua eskainiko da, hala behar duenarentzako.

Esmalteriako Ostiralak 2023-24: otsailera bitarteko agenda

Orain bi ikasturte mamitzen hasitako ekimena da Esmalteriako Ostiralak. 0-6 urte bitarteko haur eta haien familientzako herriko euskarazko aisialdi-eskaintza osatzea da haren helburua, hileko azken ostiraletan, Esmalterian (normalean), eragile ezberdinen laguntzaz ondutako gisa ezberdinetako proposamenez gozatzeko aukera emanez. Ikastolako zein herriko hala nahi duten familiei zuzendutako saioak izaten dira.

2023-24 ikasturteko Esmalteriako Ostiralak abian jartzear dira. Eta ekimena bera indartze eta sendotze aldera, aurten lehenengoz, jada zehaztuta dago otsailera bitarteko agenda. Ondorengoak dira hitzorduak:

  • Azaroak 24 | 17:00 | Esmalteria: haur masaje tailerra (0-2 urte)
  • Abenduak 15 | 17:30 | Añabitarteko sukaldea: sukaldaritza tailerra (3-6 urte)
  • Urtarrilak 26 | 17:00 | Esmalteria: musikoterapia saioa (0-2 urte)
  • Otsailak 23 | 17:00 | Esmalteria: haur kanten Landarbaso tailerra (2-6 urte)

AZAROAK 24: HAUR MASAJE TAILERRA (0-2 URTE)

Haur masajearen onuren jakitun (atxikimendu eta lotura afektiboa indartzen ditu, erlaxatzen eta tentsioa askatzen laguntzen du, minak arintzen ditu…), saio bat antolatu dugu datorren azaroaren 24an, 17:00etan, Esmalterian; eta bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu adin horretako haurrak dituzuen langileak. Saioan parte hartu nahi duen familiarik edo ezagunik izanez gero zuen inguruan, eman diezaiokezue ekintzaren berri.

Ana Conde diziplina anitzeko terapeutak zuzenduko du jarduna. 2021 eta 2023 urteen artean jaiotako haurrei eta euren familiei zuzendutako saioa izango da. Haur bakoitzarentzat etxetik eskuoihal eta manta txiki bat eramatea eskatzen da. Olioa terapeutak ekarriko du.

Interesik izanez gero, bete langile atariko hala dagokion inprimakia azaroaren 22a baino lehen. Plazak mugatuak izango dira: 12 haur eta haien laguntzaileentzako lekua egongo da.

Zubiak Eraikiz: Seaskako egutegia eta Xibeoko Ikastolen aldeko otarreak

Ikastolak Euskal Herri osoko eragile izanik eta Orereta Ikastolak hareman zuzena izanik Ipar Euskal Herriko hainbat Ikastolarekin Zubiak Eraikiz egitasmoari esker, ekimen hauek aintzat hartzera eta haien alde zuen hondar aletxoa jartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Seaskako egutegia (4€) langile ataritik eska dezakezue azaroaren 30era arte; eskura emango zaizue, ondoren. Xiberoko Ikastolen aldeko saskien gaineko xehetasunak eta eskaera egiteko aukera www.ikastola.eus webgunean duzue azaroaren 26ra arte; nahi izanez gero, otarreak Ikastolan bertan jasotzeko aukera egon badago (eskaera egitean adierazi behar duzue hori).


ETAPA ARTEKOAK


LH5-DBH2 | EmanTik, ikasleen alderdi emozionalari arreta jartzen

LH 5. mailatik DBH 2. mailara arteko ikasleekin EmanTik programa berritzailea jarri dugu martxan aurten, iaz proba pilotua egin ostean.

EmanTik haurren eta gaztetxoen ondoeza eta adin txikikoek jasan ditzaketen hainbat indarkeria mota goiz detektatzeko programa berritzailea da. Tutoretza saioetan, ikasleek emozioak ezagutu eta horien ezaugarriak lantzen dituzte, eta ondoren, erabilera oso errazekoa den Kanjo aplikazio informatikoaren bidez, autopertzepziotik, beren egoera emozionala klikatzen dute bakarka eta egunean bitan: goizean goiz Ikastolara sartu bezain laister eta jolasgaraiaren ondoren. Ondoeza hautemanez gero, modu goiztiarrean laguntza eskaintzeko aukera du Ikastolak.

Emozioak irensten dituena ito egiten omen da; saia gaitezen itsaso horretan igerian egiten irakasten eta igerian aritzen.Langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue EmanTik proiektuaren gaineko xehetasun gehiago.


BESTELAKOAK


Azaroak 18: Beskoitzeko Ikastolaren aldeko manifestazioa

Herriko etxeak behin eta berriro Ikastola handitzeko proiektuari oztopoak jartzen dizkiola ikusita, mobilizaziorako deia egin dute Seaskak eta Beskoitzeko (Lapurdi) Ikastolak. Izan ere, duela hamar urte sortu zenetik, Ikastola eraikin prefabrikatuetan dago. Iaztik, txiki gelditu dira prefabrikatu horiek, 50 ikasle baino gehiago baitira. Horregatik, Seaskak eraikuntza baimen bat eskatu zuen, eta, geroztik, hainbat gorabehera izan dituzte herriko etxearekin, baiezkoa eman ostean atzera egin baitu berriz.

Egoera hori izanik, Seaskak manifestazioa deitu du Beskoitzen azaroaren 18an, goizeko 11:00etan. Euskaltzale oro bertan parte hartzera gonbidatu du Seaskak, eta guk ere, Orereta Ikastolak, bat egiten dugu deialdiarekin: Ikastolako langileak, familiak eta gainontzeko komunitatekideak manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.