HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.09.29)


ETAPA MAILAKOAK


Zero ebaluazioa

Urriaren 9an eta 10ean Zero ebaluazioko bilerak izango ditugu. Calendarren dauzkazue hurrenkera eta ikasleen zerrenda osatzeko euskarria. Tutoreek bilera behar bezala presta dezaten oharrak datorren osteguneko 11:00etarako sartuta edukitzea eskatzen dizuegu. Hemen duzue oharrak nola sartu azaltzen duen pildoratxoa.

Semaforoaren sistema erabiliko dugu aurtengoan ere: ikasleak ikasturtea behar bezala abiatu badu B (berdea) jarriko dugu; halamoduz abiatu badu edo aipagarria den zerbait bada L (laranja), eta dagokion ohartxoa; alarma kasuetan G (gorria) jarriko dugu, eta alarma piztu izanaren arrazoia ohar gisa.

Asteleheneko edo astearteko Hedatze saioa balia dezakezue oharrak sartzeko.

Zubiak eraikiz

Eman diogu hasiera ikasturteari eta hasi gara lehen harremanak egiten Ziburuko Kolegioko ikasleekin. Asteazken honetan bideo deia egin genuen haiek Kilometroak festara gonbidatuz. Egitaraua aurkeztu genien eta biziki pozik jarri ziren; igandean gure artean izango ditugu, ziur. Errioaren gainean Zubiak Eraikitzen jarraituko dugu, ea zer ematen duen ikasturte berriak!

Liburutegiaren erabilera

Hainbat lankidek lan handia egin dute liburutegia txukuntzen eta hornitzen. Orain guztioi dagokigu espazioa zaintzea. Aste honetan egon den talderen batek materiala apurtu du, eta gela egoera oso txarrean utzi. Gogoan izan irakasleon ardura dela ikasleek egiten duten erabilera behatzea; lanerako espazio gisa zabaltzen badiegu eta gu bertan ez bagaude, ondoren froga dezagun behar bezala utzi dutela, mesedez.

Plastikoaren arauaz

Jolasgaraietako hamaiketakoa plastikozko zorroetan ekartzen dute ikasle askok. Horren aurrean adostutako neurriak aplikatzea eskatu nahi dizuegu. Hirugarren saioan dagoen irakasleak, atea itxi behar duenez, egin dezake behaketa hori. Jolasgaraietan zaintzan gaudenean ere begirada zorroztu behar dugu. Arau hausteen aurrean neurririk hartzen ez badugu, alferrik dira arauak. Egin dezagun guztion artean, arren!


IKASTOLA MAILAKOAK


Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atarian (prestakuntzen eta jardunaldien atalean) EHUko udazkeneko ikastaroen atala topatuko duzue; gehitu berri dugu.

Kilometroak 23: azken-azken txanpa… Eta animo mezuak Hendaiako Ikastolatik!

Heldu da urriaren 1a, Kilometroak Urteari amaierako ginga jartzeko momentua. Eguraldia lagun, ziur egun ederra aterako dela. Mila esker bihotz-bihotzez urte guztian egindako lanagatik; eta igandean, lanean aritzeaz gain, hartu gozatzeko tartea ere!

Ikastolako ikasle ohia eta egun Hendaiako “Gure Ikastola”ko gurasoa den Lander Garrok mezu ederra bidali digu Berria egunkariko iritzi artikulu honetan. Irakurri eta hartu indarrak iganderako!


ETAPA ARTEKOAK


Oiartzo | Aisialdiko hezitzaile titulua ateratzeko aukera Ikastolan bertan

Seigarren urtez, haur eta gazteen aisialdirako jardueren dinamizatzaile titulua ateratzeko aukera eskainiko du Oiartzo Ikastolak, Ikastolen Elkarteko Aisiola hezitzaile eskolaren eskutik. Aisialdiko taldeetako, udalekuetako, eskolaz kanpoko ekintzetako, jangelako… hezitzaile izateko aukera eskaintzen du aipatu tituluak. Lanbidek homologatua da eta 2023an hamasei urte (batxilergoko lehenengo maila edo baliokidea) edo gehiago bete edota beteko dituen herritar orok eman dezake izena. Ikastaroa Ikastolan bertan egingo da. Langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue xehetasun gehiago.


BESTELAKOAK


Ikastolen Elkarteak ikasturte hasierako ekitaldia egin berri du

Ikastolen Elkarteak pasa den irailaren 23an egin zuen ikasturte hasierako ekitaldia Vianan (Nafarroa).  Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berria  aurkeztu zen bertan, Ikastolentzako zoru komuna izan nahi du, ikuspegi pedagogiko komun bat Ikastola guztientzat. “Bazatoz?” liburuan bildu da.

Bestalde, 2024ko udan Ikastolen VII. Batzarra egingo dela ere aurreratu zen irailaren 23ko ekitaldian, biharko Ikastolak irudikatzeko egingo den gogoeta-prozesua izango da. Horrez gain, Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zen, baita Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propio bat ere. Xehetasun gehiago, www.ikastola.eus webgunean.

Hainbat artikulu interesgarri