HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (22.12.16)


Etapa mailakoak


Berreskurapenak

Notak etxera abenduaren 21ean bidaliko ditugunez, eta monografikoak 19an gauzatuko ditugunez, ikasleei notak 19a baino lehen EZ esatea eskatzen dizuegu. Gerora komunikatu eta azterketak erakusteko aukera izango duzue 21a bitarte.

Jakizue, dagoeneko Inikan zabalik duzuela berreskurapenen notak sartzeko zutabea.

Azkenik, monografikoetarako erabiliko dugun euskarria duzue honako hau, bertan txertatu hitz egin beharreko ikasleen zerrenda. Xehetasun gehiago, Calendarren duzuela gogoan izan.

Berrikuntza pedagogikoaren oharra: hitzez hitz

“Lehenengo ikasturtean egin genuen bezala, ikasleen diziplinarteko proiektuak jasota, irakasleon lana ebaluatzea dagokigu orain, izan ere, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzak ebaluazio baten menpe egotea behar-beharrezkoa du prozesuan zehar izandako indarguneak eta ahulguneak identifikatu eta horietatik ikasteko.

Etengabe hobetzeko ahalegin horretan, egindako ibilbidearen inguruko iritziak eta gogobetetze-maila ezagutu nahi ditugu, galdera-sorta honen bitartez. Horien erantzunak oporren bueltan aztertuko ditugu. Hortaz, urtarrilaren 10erako erantzutea eskertuko genizueke. Deboluzioa hurrengo asteetan izango duzue eskuragarri.

Mila esker egindako lanagatik. Opor onak igaro!

DBHko Pedagogia taldea.”

IKT tiketak

Tutore bakoitzak bere gelan dituen arazoak IKT tiket sistemaren bitartez IKT mintegiari jakinaraziko dizkiogu hemendik aurrera, modu horretan, klaustroan aipatu zen gaiaren jarraipena egiteko moduan egongo baikara. Bozgorailuak, internet konexio arazo iraunkorra,… aipatu genuen erregistroa modu horretan gauzatuko dugu, beraz. Zalantzarik edo arazo larririk izanez gero, jakinarazi mesedez.

Maridomingi: elkarkidetza

Aurtengoan Maridomingiren Errepublika magikoak ateak zabaldu baditu ere, jakizue elkarkidetza saioa mantendu egingo dugula. HH eta LHko ikasleekin elkarkidetzan arituko dira abenduaren 19an eta 20an DBHko zenbait ikasle. Hori dela eta, berreskurapenak saihestuz, 4-5 ikasle arituko dira txikienekin solasean.

Lan erregistroak, “zorrak” oporren aurretik

Orain arteko lan erregistroren bat zorretan izanez gero, abenduren 21a baino lehen Zuzendaritzako apalean uzteko eskaera egiten dizuegu. Bestelakoan, pertsonen kudeaketa arduradunarekin harremanetan jar zaitezkete.

Futbito txapelketa, bertan behera (San Tomas egunean finalik ez)

Txapelketa antolatu duten ikasleei bidaliko diegun mezua duzue honako hau; Tutoretza saioetan pasako dira gelaz gela gainontzeko ikasleei honen berri ematera:

Mezu honen bidez jakinarazi nahi dizuegu azken aste hauetan futbol txapelketaren harira gertatutakoak direla eta, irakasle taldeak erabaki bat hartu behar izan duela. Txapelketa martxan jarri zenetik elkarbizitzan eragina izan duten hamaika liskar, arazo eta arau-hauste gertatu dira: zalegoaren jarrera desegokiak, materialaren eta kantxaren kudeaketa desegokiak, partiduen iraupenean berandutzeak, talde desberdinetako kideen arteko liskarrak, txapelketa egutegitik kanpo partidak jokatu izana, etab. Arrazoi horiek direla eta, gaurdanik futbol txapelketa bertan behera geratuko dela jakinarazten dizuegu.


Ikastola mailakoak


Kilometroak 23: Tanta zozketa-txartelen kobrantza

Pasa den asteko oharretan eman genizkizuen Tanta zozketa-txartelen banaketa eta salmentari buruzko xehetasunak. Kobrantzaren gaia zintzilik geratu zen. Horrela egitea lehenesten da: abenduko aparteko ordainsaria kobratzean, langile bakoitzari 150€ko kargua. Hala ere, 30€ko bost txandetan egiteko aukera ere badago; norberak bere etapako zuzendaritza-taldeari edo saileko arduradunari horren berri
emanez.

Kilometroak 23: bihar (abenduak 17) Ibarrako biltegi nagusia gurera ekartzeko jendea behar da

2022an Ibarran egon den biltegi nagusia gurera ekarri behar dugu. Ibarrako kargatze-lanak eta handik honako garraioa lotuta daude. Hortaz, eskuak behar ditugu iristen dena deskargatu eta gure biltegia izango denean jasotzeko.

Goizeko 11:00etan jarri dugu hitzordua Oiartzon. 20 bat pertsonako taldea behar dugu, gutxienez. Laguntzera etortzeko aukerarik izango bazenu, idatzi mezua boluntarioak@kilometroak.ikastola.eus
helbide elektronikora. Eskerrik asko, aldez aurretik.

Hauteskunde sindikalak abenduaren 20an

Hauteskunde sindikalak izango ditugu asteartean Ikastolan. Eraikin ezberdinetan itsatsita daude xehetasunen eta ordutegiaren berri ematen duten afixak.

EAEko Hezkuntza Lege berria: atzoko ezohiko bileraren deskargua

Atzoko bileran izan eta zuen ekarpena egin zenutenei eskerrak emanez, jakizue langile atarian dagoela bilkurarako erabili zen aurkezpena/txostena.

Formazioa eta prestakuntza: eskaintza berria

Lantaldeen coaching-ari buruzko formazio-saio baten xehetasunak eta bertan izena emateko aukera topatuko dituzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).

Euskal Olinpiadak: Oiartzo, Haurtzaro eta Orereta Ikastolen loturak estutzeko ekimena

Gaur, abenduak 16, Euskal Olinpiadak egin dituzte Haurtzaro eta Orereta ikastoletako DBH 4. mailako ikasleek eta Oiartzoko 1. mailako ikasleek elkarrekin, hiru ikastolen arteko harremanak eta loturak
estutzeko helburuarekin. Hiru ikastoletako euskara-taldeetako ikasleak eta irakasle batzuk aritu dira elkarlanean aurretiazko prestaketa lanetan, baita gaurko eguna nahi eta espero bezala ateratzeko lanean ere.

Ekimenaren kronika zabalagoa helaraziko dizuegu egun batzuen buruan.

Mari Domingiren Errepublika Magikoa: barne-bisitak

Asteburu honetan amaituko dira Mari Domingiren Errepublika Magikora bisitan etortzeko bisitak. Gure aurreikuspenik onenak ere gaindituz, azaroaren 19tik abenduaren 18ra bitartean, Euskal Herri guztian
barrenako 2000 pertsonak hartu dute hitzordua Mari Domingirenera etortzeko. Abenduko ia txanda guztiak bete egin dira eta azken momentuko eskaera batzuei ezetz esan behar izan diegu.

Bisita horiek amaituta, datorren astelehen eta asteartean, abenduaren 19an eta 20an, HH eta LHko hainbat ikasgela Mari Domingirena joango dira Baserrira. Hainbat urtez jarraitutako ohiturari eutsiz, DBHko ikasleek jokatuko dute Mari Domingiren papera datorren asteko bisitetan.

Eguberri bezperako kalejiraren nondik norakoak

Abenduaren 24an, pandemiaren aurretik urtero egin ohi izan dugun bezala, Eguberri-kantak abesten ibiliko gara kalez kale Olentzerorekin, gure herriko txokoak alaitzeko gogoz. Aurten gainera, berezia ere izango da, Kilometroak 23 eta Ikastolaren 60. urteurrenagatik. Langile atarian dituzue xehetasunak. Esan gabe doa, denok gonbidatuta zaudetela parte hartzera.


Bestelakoak


Hainbat artikulu interesgarri