IKASTOLA MAILAKOAK
Idazkaritza akademikoa: 2025-26 egutegia
Ikasturte amaieran hainbat lan akademiko pilatzen zaizkigu; tartean, ikasturte amaierako ebaluazioari lotutakoak. Zuzen eta garaiz betetzea garrantzitsua denez, lan horiek burutzeko 2026ko ekaineko kronograma egin eta adostu dugu zuzendaritzan eta pedagogia batzordean. Langile atarian duzue; informazio praktikoa atalean, hezkuntza-baliabideen sailean. Gogoan izan eta aintzat har ezazue, mesedez.
Lagun handi, lagun txiki: egutegi-taula osatzeko LOTURA ZUZENA
Pasa den asteko oharretan, irailaren 1eko langile batzarrean taldetan banatuta egindako “Lagun handi, lagun txiki” egitasmoko topaketen egutegia lainoan erregistratzeko eskatu genizuen idazkari lanak egin zenituztenei, taula bat betez. Taula ezin zen editatu eta, mesedez, hemen egiteko eskatzera gatozkizue gaur. Eskertuko genizueke taula irailaren 29rako betetzea.
Kilometroak: ikasgelarako lanketa-proposamena
Dakizuen bezala, datorren igandean, urriaren 5ean Kilometroak jaia ospatuko da Elgoibarren. Geletan horren lanketa egiteko, LHko Euskaraz Bizi taldeak dokumentu hau prestatu du. Beste etapetarako ere interesgarria izan daitekeelakoan, hortxe duzue.
Kilometroak: autobusa Ikastolatik | boluntario-eskaera
2025eko Kilometroak festa urriaren 5ean ospatuko da Elgoibarren, hango Ikastolak antolatuta eta “salto-saltoka” lelopean. Ikastolak hara joateko autobusa antolatu du, Elgoibarko eta Gipuzkoako Ikastolek guztion babesa eta ekarpena zinez eskertuko baitute.
Autobusa Niessengo geltokitik (Donostiarako noranzkoan) aterako da goizeko 9:00etan eta 19:00etan abiatuko da Elgoibartik bueltan herrira. 13€ (helduak) eta 10€ (adin txikikoak) kostako da joan-etorria.
Kilometroetara Ikastolak antolatutako autobusean joan nahi izanez gero, Esmalteriako (15:30-17:30) edo Añabitarteko (08:00-16:30) bulegotik pasa zaitezkete txartelak erostera (oso gutxi geratzen dira).
Bide batez, gogoratu Orereta Ikastolako komunitatekideoi txosnako lanetarako (goizeko eta arratsaldeko txandetan) laguntza eskatu digutela elgoibartarrek. Orain bi urte guk bezala, Elgoibarren boluntarioak behar dituzte Kilometroak Eguna nahi eta behar bezala antolatzeko. Eta orain bi urte guk bezala, zinez eskertuko dute Gipuzkoako gainontzeko Ikastoletako kideen laguntza. Beraz, urriaren 5eko Kilometroak Egunean boluntario lanean aritzeko prest baldin bazaude, bete, mesedez, langile atariko hala dagokion inprimakia. Gero jarriko gara izena eman dutenekin harremanetan, informazio xeheagoa helarazteko.
ETAPA ARTEKOAK
HH-LH-DBH | Lagun handi, lagun txiki; elkarrekin bizitzen ikasi
“Lagun handi, lagun txiki” proiektuko lehen topaketak aste honetan egin(go) dira: LH3ko eta DBH3ko taldeak atzo elkartu ziren, HH5ekoak eta LH6koak gaur elkartuko dira. Horren aitzakian, proiektuari buruzko artikulu laburra idatzi dugu; langile atariko albisteen atalean duzue irakurgai.
BESTELAKOAK
Lan eskaintza EHIn: Identitatea eta komunikazioa arloko arduraduna
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak identitatea eta komunikazioa arloko arduraduna kontratatzeko prozedura hasi du. Lehenengo urratsa deialdia Ikastolen Elkarteko eta Ikastoletako langileen artean zabaltzea da. Interesik izanez gero, hemen eskaintza bera, bete beharreko baldintzak eta lanpostuaren funtzioak.
Euskal Herriko Ikastolen ikasturte hasierako ekitaldia
Euskal Herriko Ikastolok atzo, irailaren 25ean, egin genuen ikasturte hasierako ekitaldia Bergaran, Seminarixoan, agintari, hautetsi eta alderdi, sindikatu, gizarte eragile eta hezkuntza, euskalgintza eta kulturgintzako hainbat ordezkari bertan zirela.
Ekitaldiaren azpimarretako bat Euskal Herriko Ikastolon marka/irudi berriaren aurkezpena izan zen. Hemen ikastola.eus webgune berria eta marka/irudi berriaren hausnarketaren eta emaitzaren xehetasunak. Ikastolen Elkartetik hori garatzen eta mamiz betetzen saiatuko dira, eta guri, Ikastola bakoitzari, gure egitea eta gure iruditeriarekin uztartzea tokatuko zaigu.
Urriak 19: I. Gipuzkoako emakumeen mendi ibilaldi neurtua
Urdaburu mendizale elkartetik jakinarazi digute, Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin elkarlanean eta Foru Aldundiaren babesarekin, I. Gipuzkoako emakumeen mendi ibilaldi neurtua egingo dutela urriaren 19an. Hemen topatuko duzue informazio xehea eta izena emateko aukera.