HIZKUNTZAK

HH Asteko Oharrak (24.05.31)


ETAPA MAILAKOAK


Ikastolaren Eguna

Iritsi da eguna! Dena prest?? Gogoan izan, klaustroan adostu bezala, goizeko 10:00etan elkartuko garela Añabitarten erakusketa prestatzeko.

Guraso bilera orokorrak

Datorren astean guraso bilera orokorrak ditugu. Punteroak txukun mantendu (pilak…), denok erabiltzeko aukera izan dezagun.

  • Ekainak 3 (astelehena): HH3
  • Ekainak 4 (asteartea): HH4
  • Ekainak 5 (asteazkena): HH5
  • Ekainak 6 (osteguna): HH2

Guraso bileretan, Linoko obra aurrera doala komunikatu behar dugu, modu informatiboan. Horrez gainera, datorren ikasturtean HH4n eta HH5en egongo direnei, ekainaren 12an eta Aitor Axperen eskutik, proiektuaren aurkezpen bilera egingo dela adierazi behar zaie, bertara gonbidatuz. Honen gaineko jakinarazpena jasoko dute.

Ezohiko koordinazio bilera

Datorren astelehenean, ekainaren 3an, Linoko ingeleseko gelan elkartuko gara eguerdiko 12:45ean plangintzaren inguruko lehen xehetasunak emateko.

Astearteko antolaketa

Guraso bilera orokorrekin ariko garenez, astearteko orduak nor bere lanerako utziko ditugu.

Ingeleseko antzerkia

Datorren asteartean, hilaren 4an, Linon bertan, ingeleseko antzerkiaz gozatzeko aukera izango dugu HH4ko eta HH5eko ikasleekin.

Baso eskola

Datorren astea baso eskolako saioen azkena izango da. HH4ko ikasleekin egun osoko saioa egingo da. Gainerakoak goizekoak izango dira.

Irteerak eta txangoak

Datorren ostiralean, ekainaren 7an, HH3koak Uliara joango dira egun-pasa. Egun berean, goizez, HH5eko ikasleak LHra joango dira. LH1eko ikasleek natura gaia lantzean sortu duten aldizkaria aurkeztuko diete.

Esmalteriako Ostiralak

Datorren ostiralean, akrobazia tailerra eskainiko da 3-6 urte bitarteko haurrentzat, Esmalterian.


IKASTOLA MAILAKOAK


Artezkaritza Kontseilua: maiatzeko bileraren deskargua

Maiatzaren 29an egin zen Artezkaritza Kontseiluaren hil honetako bilera. Langile atarian duzue laburpena, gainaldean ezkerraldean dagoen ikono-zerrendako “organoetako aktak” botoian.

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasuna EHUren unibertsitatez kanpoko irakasleentzako udako ikastaroen eskaintza da. Langile atarian dituzue xehetasunak.

Ekainak 28: ikasturte amaierako langile batzarra

Ekainean sartzear, gogoratu nahi dizuegu aurtengo ikasturte amaierako langile batzarra ekainaren 28an izango dela, 09:00etatik 14:00etara. Laster helaraziko dizuegu gai-zerrenda.

Lino Berria: obrak udan hasiko dira

2019an Esmalterian egindakoei jarraipena emanez, Ikastolaren Linoko eraikinaren eraberritze-lanak udan hasiko dira. Proiektua eginda eta erabakia hartuta dago, lanen-esleipena ere eginda dago. Ikasturte amaierako langile batzarrean hitz egingo dugu gaiaz.

Nahita eragindako kalte materialak DBHko eraikinean

Nahita eragindako kalte material esanguratsuak izan ziren pasa den asteburuan Ikastolaren DBHko eraikinean, ostiraletik larunbaterako goizeko 03:00etan. Hainbat leiho erabat txikitu zituzten, obrako materiala lardaskatu zuten (DBHko fatxadaren zati bat konpontzen ari gara) eta zakarrontzietako zakarra estalpean zabalduta utzi zuten.

Zoritxarrez, tarteka-marteka izaten dira gisa horretako gertakariak Ikastolaren eraikin eta inguruetan. Oso noizbehinkakoak izan direnez, orain arte ez zaie horien berri ofizialki eman izan Ikastolako familiei eta langileei. Oraingoa, ordea, Aste Santuko oporretatik hona gertatu den bigarrena da eta kalteei dagokienez, larria, gainera.

Horiek horrela, Ikastolak hartu beharreko neurriak hartu eta eman beharreko pausoak eman ditu oraingo gertakaria bideratzeko eta etorkizuneko balizkoak ekiditeko.


ETAPA ARTEKOAK


LH-DBH | Madalenak 24 kartel lehiaketa: Ikastolako bi ikasle, sarituak

Epaimahaiak maiatzaren 29an eman zuen XXXVIII. Madalenetako Kartel Lehiaketaren irabazleen berri. Ikastolako ikasle diren Egoitz Nogueiraren eta Libe Agirreren lanak sarituak izan dira. Haurren programazioaren irudia izango da Egoitzena. Liberen kartelak herritarren saria irabazi du. Bejondeiela parte-hartzaile guztiei! Eta zorionak Egoitzi eta Liberi!

Batxilergoa-Oiartzo | Saria Etorkizuna Sortzen programan parte hartzeagatik

Batxilergoko 1. mailako ikasleek Feel My Way kooperatiba zestoarraren Etorkizuna Sortzen programan parte hartu dute otsailetik maiatzera. Etorkizuna Sortzen DBH3 eta BATX1 arteko gazteei etorkizuneko euren biderako orientazioarekin laguntzeko modu berritzailea da, plataforma digital batean dagoen lau saioko programazio bat. Autoezagutza, errealitate eta esperientziak ezagutzea, erabakitzea eta esperimentatzea ditu oinarri.

Programan parte hartu eta proiektuak entregatu dituzten taldeen artean 300€ko bost sari banatu berri dira eta horietako bat Oiartzoko 1. mailako gazteei tokatu zaie! Maila guztiaren orientazio lanetarako erabiliko da dirua, datorren ikasturtean.