Aste osoko entrenamendu saioen ondoren, Ikastola Egunean izan genuen Blaitu MHLZ lehiaketako Final Handia. Parte-hartze handia izan zuen lehiaketak, 150 jokalari inguru aritu baitzineten jolasean.
Parte hartu zenuten guztien artean zozketa egin dugu eta Lorea Cendoya Fernandez izan da Sendavivarako etxeko guztientzat sarrerak eskuratu dituena. Zorionak!
Bestalde, ikasturte amaierarekin batera, LHko Blaitukideek ikasturteko hirugarren Busti! programa ere prestatu dute eta dagoeneko ikusgai dago klubeko atarian. Oraingo honetan ere, Musikaz Blai, Asmazank eta esketxa atalak aurkituko dituzue bertan. Gogoratu, Musikaz Blai atalean aurkezten ditugun kantekin osatzen dugula Blaitu Klubeko Spotify zerrenda. Uda honetan, zuen belarriak euskarazko musikaz blaitzeko aukera paregabea duzue!
Blaitu Familiak
Ikasturte honetan beste pauso garrantzitsu bat eman dugu: Blaitu Familiak sortu dugu, euskararekin kezkatuta eta konprometituta dauden gurasoak elkartzeko helburuarekin. Ikastola Egunean, dagoeneko taldeko parte diren gurasoek Blaitu-txapa esklusiboak jantzi zituzten, talde honi ikusgarritasuna emanez. Blaitu Familiakeko partaide izan nahi duen edozein gurasok, Blaitu Klubeko webguneko familien atalean eman dezake izena. Datorren ikasturtean jarriko gara martxan, gurasoen aldetik euskararen inguruko kontzientzian eta erabileran urratsak emateko ekintzak diseinatu eta gauzatzeko.

Aisia euskaraz
Udako oporraldian ere euskararen erabilerari eta presentziari eusteko baliabideak topatuko dituzue Blaituren webguneko Aisia euskaraz atalean. Adin eta interes desberdinetara egokitutako proposamen ugari aurkituko dituzue: irakurketa gomendioak, ikus-entzunezko edukiak, jolasak, aplikazioak eta euskaraz gozatzeko bestelako aukerak.
Bisitatu ezazue gure ataria bertako proposamenak ezagutzeko eta erabiltzeko, opor garaian ere euskarak bere lekua izan dezan.
Blaitu Festa
Blaitu Kluba ez dugu ikastola eremura mugatu nahi eta uztailaren 25ean, Madalenetan, Blaitu festa ospatuko dugu. Festa honen helburua argia da: Blaitu Kluba herrira zabaltzea, euskararen aldeko giroa sustatuz eta herriko jaiei ekarpen bat eginez. Apuntatu hitzordua zuen agendetan, Erriolagunean zain izango zaituztegu eta!
Blaitu Kluba abian jarri genuenetik urratsak ematen ari garen arren, datorren urtean ere euskararen alde lanean jarraituko dugu, Blaitu Klubak tantaz tanta hazten jarrai dezan.
Udan ere, blaitu mingainak eta busti euskaraz!