HIZKUNTZAK

Salgai dira Urmuga - Gure Añabitarte jaialdirako sarrerak!

Kilometroak jaia antolatuko du Orereta Ikastolak 2023an hirugarrenez; eta Ikastolaren sorreraren 60. urteurrena, eta Añabitarte baserriaren erosketaren 50. urteurrena ospatu ere bai. Badugu zer ospatua, eta badugu zer oroitua: orain mende erdia hazia jarri zuten herrikideak, geroztik hazi hori loratzeko lan egin duen komunitatea, egun horretan dihardutenak eta etorkizunean testigua hartuko dutenak. Den-denei, eskerrak emateko aukera ederra dugu, eta nahia ez dugu falta.

Gure Baserria, gure Añabitarte. Lau horma baino askoz gehiago, ondare materiala eta inmateriala. Euskal Herria mendebaldetik ekialdera josiz musika, herria eta mendia uztartzen dituen Urmuga Festibalarekin elkarlanean, ongi merezitako omenaldia egingo diogu.

Uztailaren 19an izango da, Añabitarten bertan; mendialdean, paraje paregabean. “Gure Añabitarte” kontzertua eta gaubela. Bertan izango dira Alaitz eta Maider, Alex Sardui, Janus Lester, Olaia Inziarte, Xutik, Aire Ahizpak, Arkaitz Miner eta Et Incarnatus orkestra. Iratzar erromeria arduratuko da gaubelaz, euskal produktuen txosna ere ez da faltako. Sarrerak salgai daude urmuga.eus webgunean eta Oarsoaldeko hainbat establezimendutan (20€, 16 urtetik gora | 5€, 16-5 urte artean | doan, 5 urtetik behera). Anima zaitezte, ederra izango da!

Ikusi jaialdiaren gaineko xehetasunak eta egunean zeharreko ekintza guztiak.

erriola Kilometroak urmuga