HIZKUNTZAK

Kilometroak 23: elkarrekin, urte osorako ekimenak irudikatzen

Kilometroak egun bakarreko festa handi bat izatetik urte osoan zeharreko hitzordu txiki gehiagoko ekimena izatera pasatzen ari da. 2023ko edizioan, horri handitzen, sendotzen eta bidea egiten lagunduko dio Orereta Ikastolak, ikastolakideekin eta herrikideekin.

Eta hasi gara. Kilometroak-eko urte osorako ekintza eta ekimen sorta elkarrekin pentsatu eta irudikatzeko saioa egin dugu, jada batzordeetan izena eman duten hainbat eta hainbat ikastolakiderekin eta herriko zeinbat eragiletako ordezkariekin. Ilusioz, ideiaz eta ekarpenez betetako saioa izan da eta proposamen-sorta polita osatu dugu denok elkarrekin.

Orain, batzorde txikiago batek sormen-saioak emandakoa aztertuko du eta proposamen finduagoa eramango du Kilometroak-en Batzorde Iraunkor Bateratura.

Hasi gara Kilometroak-en ibilbidea marrazten. Eskerrik asko ideia sorta ederra sortzen parte hartu duzuen denei zuen ekarpenengatik! Denok elkarrekin, goazen aurrera! Oraindik bidera batu ez den edonor ere ongi etorria izango da. Anima zaitez!

Oharra: buruko argazkia Diario Vascorena da.

Kilometroak