HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseiluaren eta Kilometroak 23 Batzorde Iraunkorraren mezua


Dakizuenez, bete-betean Kilometroak 23 urtean murgilduta gaude. Urriaren 2an Ibarrako Uzturpe Ikastolaren testigua hartuz geroztik:

  • Sailetako batzorde iraunkorrak antolatu eta martxan jartzen hasi gara horietan aritzeko izena eman duzuen 200 ikastolakide boluntariori esker. Batzorde iraunkor nagusia urte guztiko ekintza plana ontzen ari da, Eguberrien bueltan, urtarriletik urrira arteko ekintzei ekiteko.
  • Lekuona Fabrikan gure leloa eta irudia aurkeztu genituen komunitateko kideek sortu eta oholtzaratutako ekitaldi jendetsuan.
  • Herriko enparantzako denda ere martxan da fin-fin. Denda ibiltariak pasa den asteburuan ekin zion bere jardunari, eta bidea egiten joango da jada eratuta dauden 85 talde boluntariori esker. Online denda ere orain, Eguberrietarako, jarriko da martxan.

Eta eskerrak eman nahi dizkizuegu den-denei horretan guztian nahiz ekimen txikiagoetan zuen hondar aletxoa jartzen ari zaretelako. Komunitatea indartzea, euskara eta euskal kulturari hauspoa ematea, eta orain artekoa posible egin dutenei eskerrak emanez etorkizuna eraikitzea dira Kilometroak 23ren helburu behinenak. Eta ari gara poliki-poliki bide hori egiten.

Orain, aipatutakoari jarraiki, Tanta zozketa-txartelen banaketa eta salmentari ekin behar diogu. Komunitate gisa ariko gara Tanta txartelak saltzen ere; denok elkarrekin, guztion ahaleginari esker. Guztion laguntza eta elkarlana behar-beharrezkoak izango dira.

Izan ere, Kilometroen diru-iturri garrantzitsuena da Tanta, diru-sarreren ia erdia dakar. Ez dago, gainera, kontrolpekoak ez diren baldintzen menpe (eguraldia…). Euskal Herriko Ikastolen festa guztiek batera antolatzen dute Tanta, urte osoan saltzen da, 5€ balio ditu txartel bakoitzak eta 60.000€ko saria jasotzen du zenbaki sarituak ekainaren amaieran egiten den zozketan. Etekinek, berriz, Kilometroak 23ren gainontzeko irabazien jomuga bera izango dute. Añabitarte Baserria eta bere inguruak eraberritzeko, herrian eta herriko eragileekin euskara eta euskal kultura sustatzeko proiektu bat ontzeko, eta Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako zenbait Ikastolekin abian dugun Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzeko erabiliko dira.

Nori, noiz eta nola banatuko dira Tanta zozketa-txartelak?

Urtean urteko festen Ikastola antolatzaileei dagokie Tanta zozketa-txartelen salmentaren zati esanguratsuenaz arduratzea. Horren jakitun, Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluak, familia eta langileen ordezkariek osatzen duten Ikastolako kudeaketa-organo gorenak, Ikastolaren ezaugarriak eta testuingurua aintzat hartuz, honakoa erabaki du

  • Familia eta langile bakoitzak 30 txartel saltzeko ardura hartuko du (familia diren langileek 30 txartel izango dituzte, ez gehiago). 30 txartel saltzeko denbora eta ahalegina eskatuko dira Kilometroak-en alde, komunitatearen eta Ikastolaren alde. Norbaitek gehiago saldu nahi izango balitu, ongi etorria izango da. Kilometroen aurreko edizioetan, 40 bat txartel saldu ditu familia eta langile bakoitzak, batez beste.
  • Etapetako zuzendaritzaren edo saileko arduradunaren bitartez jasoko dituzue txartelak, abenduaren 14tik 16ra bitartean. Langilea eta familia bazara, Ikastolan izango duzu zure gutunazala, ez Kilometroak dendan (salbuespenak salbuespen).
  • Eguberri garaia urtegarai aproposa izan daitekeelakoan, hil honen 30ean, langile eta familien txartelak saltzeko lehen Tanta Juntadizoa egingo da. Hala nahi duenak hitzordua du abenduaren 30ean Niessengo plazan 11:00etan, zozketa-txartelak elkarrekin saltzen hasteko. Aurrerago gehiago antolatzen badira, emango da haien berri.
  • Urtarrilaren amaierara arte, Tanta zozketa-txartelak saltzeko esklusibotasuna izango dute Ikastolako langile eta familiek. Ez du beste inork (Tanta batzorde ibiltariak, beste Ikastolek…) txartelik izango saltzeko. 
  • tanta@kilometroak.ikastola.eus helbide elektronikoa jarri da martxan iradokizunak helarazteko, galdera eta zalantzak argitzeko zein argibideak eskatu ahal izateko. Familien eta langileen alboan egotea eta bidelagun izatea da Ikastolaren helburua.
  • Kobrantza: abenduko aparteko ordainsaria kobratzean, langile bakoitzari 150€ko kargua egitea lehenesten da. Hala ere, 30€ko bost txandetan egiteko aukera ere badago; norberak bere etapako zuzendaritza-taldeari edo saileko arduradunari horren berri emanez.

Tantaz tanta, errioa bete eta Erriola martxan jar dezagun elkarrekin eta elkar lagunduz.