HIZKUNTZAK

2023ko Kilometroak antolatzea Orereta Ikastolari egokitu zaion honetan, Mikel Egibar Gipuzkoako jaiaren koordinatzaileak ondorengo elkarrizketak burutu ditu Ikastolako pertsona ezberdinei:

Itziar Navarro (Lehendakaria)

Orereta Ikastolaren komunitatearen ezaugarriak

Itziar Navarro (Ikastolako Lehendakaria)

Ikastolaren komunitatea oso anitza da. Komunitatea handia denez, oso familia ezberdinak daude bere baitan.

Ikastolaren proiektuarekiko, badira oso inplikatuta daudenak, proiektuaz sinesten dutenak eta, beraz, ekintzetan parte hartzen dutenak. Baina badira ere ikastola hezkuntza zentro bat bezala ikusten dutenak, eta horiek gutxiago inplikatzen dira egunerotasunean. Horiek ikastola izate hori ez dute modu berdinean bizitzen.

Langileen aldetik, pertsona inplikatuak dauzkagu ikastolan. Batzuk ikastolarekin urte askotan harremana izan dute; alegia, ikastolaren izaera eta balioak oso barneratuta dituzten pertsonak dira. Hemen, esan beharra dago, belaunaldi aldaketa, neurri batean, egin dela. Errelebo horretan gazteek oso ondo barneratu dute ikastolaren izaera.

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)

Anartz Muxika (Zuzendaria)

6. ikasturtea hasi berri du ikastolan. Aurretik ikasle ohia.

Beste sektore laboraletatik etorri arren, zirraragarria suertatzen zaio ikastolara itzultzea.

Zer erronkak ditu Errenteria euskara eta euskalgintzari begira

Atzera begiratzea garrantzitsua da etorkizunean egin behar den ekarpena zehaztekoa.

Ikastolak historian zehar euskara eta euskal kulturaren alde ekarpen handia egin du.

Ikastola herritik eta herriarekin batera sortu da, horregatik herrian txertatua egotea hain garrantzitsua den.

Gure atributu garrantzitsuenetariko bat elkarrekin egiten den lana da; Ikastolaren komunitatearekin, baita herriko hainbat eragileekin ere.

Galduta zeuden hainbat jai berreskuratzeko ahaleginak egin ditu ikastolak: Olentzero, Santa Ageda, Iñude eta artzaiak, eta orain dela bizpahiru urte arrakasta handia izan duen gau beltza (herriko hainbat taldeen inplikazioarekin).

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)

Anjel Mari Elkano (Ikastolako KMKko koordinatzailea)

Lehen Hezkuntzako zuzendaria 2019tik gaur arte (4 urteko ardura, 2023ra arte).

  1. urtean Orereta ikastola sortu zen, eta Anjel Mari lehenengo 9 ikasleen artean zegoen
  2. (horien artean zaharrena).

1979-80an irakasle bezala ikastolan hasi zen.

1995ean Zinegotzia hautatu zuten eta 2011. urtera arte ildo bereko lanbidetik jarraitu zuen.

  1. urtean ikastolak 60 urte ospatuko du eta urte berean Anjel Marik jubilazioa hartuko du. Amaiera ederra Kilometroak urtea izanik.

ERRENTERIA HERRIAREN EZAUGARRIAK

Hiruki batekin irudika daiteke Errenteria. Hasiera batean (lehenengo erpina) langilegoaren herria zen Errenteria. Enpresa asko zeuden eta 60. hamarkadan Estatutik langile asko etorri zen: lehenengo erpin honi Manchester txiki deituko diogu.

Bigarren erpinak historia hurbiletik egon den borroka eta dinamika islatzen du. Errepresioari aurre egiteko kemena berria sortzen zen eta Errenteria Euskal Herri mailan enfrentamendu gogorrak eta gordinak piztu ziren herria da. Bigarren erpinari, beraz, Belfats txiki deituko diogu.

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)

Egoitz Verdugo (Zuzendari pedagogikoa)

https://kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com/p/egoitz-verdugo.html

Arantxa Urbe (ikasle-ohia eta Ikastolen parte)

Orereta ikastolako ikasle ohia (4 urtetatik 18 urtera arte). Nire bizitza osorako asko markatu ninduen garaia eta esperientzia izan zen. Egun, nire lagun hoberenak garaia horretakoak dira.

Ingeniaritza ikasketetan hasi eta urtebete egin ondoren magisteritza ikasketak hasi nituen. Nire asmoa ingeniaritzara itzultzea bazen ere, ikasketak amaitu bezain laster Oreretako Langaitz ikastolan hasi nintzen lanean. Ondoren Zarauzko ikastolara joan nintzen. Bertan bizi izan nuen publifikazio eztabaida guztia.

1997an LABen hezkuntza arloan liberatu nintzen. Orduan ere HikHasi aldizkaria eta proiektu pedagogikoa jarri genituen martxan. Bertan ere lanean aritu nintzen. Ondoren berriro Zarauzko ikastolara bueltatu nintzen. Baita Euskararen Kontseiluan egon nintzen, “Ikasle euskaldun eleaniztasunak sortzen” proposamena lantzen aritu nintzen.

HikHasi berriro 5 urterako itzuli nintzen eta urte horietan, Oreretan, ikastetxeetan Ondare kulturala transmititzeko “Herria ezagutzen” proiektua garatu nuen.

Ondoren berriro Zarauzko ikastolara bueltatu nintzen.

Sartu-irteera asko egin ditut baina beti itzuli naiz ikastoletara.

Hezkuntzarekin izan dudan lotura askotarikoa izan da: Kulturatik, kazetaritzatik, sindikalgintzatik, … begiratu diot.

Hainbeste esperientziarekin, nola definituko zenuke Ikastola?

Ikastola ezagutu nuen garai horiek garrantzitsua da niretzat. Ez ziren garai errazak eta baliabideak urriak ziren. Lehenengo ikas-mahaia lehenengo mailan (7 urte) izan genuen. Bien bitartean lurrean eserita egoten ginen, bakoitza bere Xabiertxorekin, plastilina, txotxak, … eta ezer gehiagorik ez. Baina nahikoa zen zoriontsua izateko, Azken urteetan berrikuntza arloan aritu naiz Zarauzko ikastolan eta hainbat gauza paradoxikoak antzeman ditut. Gure garaian modu naturalean, beharrak genituelako, egiten genituen gauzak, gaur egun berrikuntza gisa planteatzen dira.

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)

Xabier Oleaga

Gaur egun jubilatuta.

Gure haurrak, gure bi alabak, eskolaratu genituenean sartu nintzen Ikastolen munduan. 1991an eskolaratu zen Irati, zaharrena; 1993an Amaia, bigarrena. Handik urte betera sartu nintzen orduan Orereta Ikastola Kultur Elkarteko (berau zen Orereta Ikastolaren jabe sozietario titularra) Gida Batzordea deitzen zen zuzendaritza organora, eta bi geroago izendatu ninduten elkarteko lehendakari. Horrela, 2006ra arte. Tartean, 1995ean, Partaide Ikastolen Elkartera deitu zidaten, komunikazioaren ardura hartzeko, profesional gisa. Partaidek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastolak elkartzen zituen urte haietan. Gero, ardura berarekin jarraitu nuen Ikastolen elkartean, harik eta 2011an eszedentzia bat hartu eta ikastolekiko lotura utzi nuen arte. Orain Ikastolen Lagunak elkarteko kide ere banaiz.

Beraz oso urte intentsoak bizi izan ditut Ikastolen mugimenduan, bai lan boluntarioan Orereta Ikastolan eta bai Ikastolen Elkartean profesional moduan, beti ikastolen lagun.

Gaurko abagunea kontuan hartuta (Hezkuntza lege berriaren dinamika), zer funtzio bete beharko luke ikastolak?

Hekuntza Lege berriaz, iruditzen zait oraindik asko falta dela zein lege aterako den jakiteko eta beraz iritzi bat eman ahal izateko. Lege horren inguruan kontsentsu-gai diren kontzeptu batzuk oso interesgarriak dira, baina ikusiko da legedian zein garapen izango duten. Ez naiz optimista eta ez pesimista edo estzeptiko. Zuhurra izan beharra daukat. Urte gehiegi daukat, eta beraz esperientzia zein eskarmentu maila bat ere bai, azken mamia ikusi arte txeke zuriak sinatzen hasteko.

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)

 

Iñaki Zubeldia

KMK23, zer den ikastola bat, zer funtzioa betetzen edo bete beharko lukeen gaur egun

70 urte duen giza-semea naiz eta egungo ikastolaren martxatik periferian nago. Hala ere, arreta handiz jarraitzen ditut ikastolaren kontuak, oraindik orain mugimenduaren parte sentitzen bainaiz. Zortzi urteekin -1960an- hasi nintzen Sto. Tomas Lizeoan; Hernanitik joaten ginen ikastera bertara taldetxo bat. 1977tik aurrera Orereta Ikastolan hasi nintzen lanean, hasiera batean Idazkari moduan. Artean, Mikel Erriondo zen lehendakaria (orain dela gutxi zendu da). Handik urtebetera Inaxio Oliverik hartu zuen lehendakari kargua eta gutxira aldi berean Gipuzkoako federazioko lehendakaria izan zen (ondoren EAEko hezkuntza sailburua). Oliveri Eusko Jaurlaritzara joan zenean ikastolako zuzendaritzarako hautatu ninduten. Gaztea nintzen, 28 urte besterik ez,…. Hala eta guztiz ere, baietz esan nuen eta bertan 23 urte eman nituen, 2000. urtera arte. Horretaz gain, ikastola munduarekin loturiko hainbat egitasmoetan inplikatu nintzen (elkartasun kutxa, finantzazioa, ikastolako visa, lan hitzarmenaren negoziaketa, …). Garai horretan ez zegoen egun dagoen egitura guztia, orduan hainbat arduradun-lagun elkartzen ginen federazioaren izenean gai ezberdinak kudeatzeko.

Ez dago esan beharrik oso garai betea izan zela hura….eta aldi berean konplexua; gure proiektuaren elementu esanguratsuenetarikoa elkartasuna zen, elkar lana, eta bide horretan elkartasun kutxa sortu genuen tresna bezala, horretan sakontzeko. Elkartasuna gure identitatearen seinale bat da, partaide izatea bezalaxe.

Beraz, gure buruari gu zer garen galdetzen badiogu, esango nuke, gu hezkuntza euskalduna, berritzailea bultzatzeko sortu ginela, gure identitatea gorde eta babesteko, etorkizuna irabazteko asmoz, herri aske bezala; eta horretarako transmisioa garrantzitsua da, hori guztia gure seme-alabei transmititzea ardura horietako bat da.

Iraganarekin alderatuz, zer funtzio betetzen du gaur egun Ikastolak?

2000. urtean Gasteizko Olabide ikastolatik deitu ninduten eta bertan beste 14 urte egin nituen Zuzendari orokorra bezala, jubilatu arte. Esan nezake, beraz, ezagutu ditudala ikastolen mugimenduaren momentu ezberdinak, eta baita ikastolaren izate ezberdinak ere. Ez da gauza bera sortzez Orereta ikastola edo Gasteizko Diputazioaz bultzatu zituenak edota Gotzaitegiak bideratu zituenak Bizkaian, ezta Donostiako Ekintza ikastola ere. Bere momentuan egondako gora-behera guztiekin ikastola askok izan ziren, halabeharrez, sare publikora pasa zirenak, eta hor daude, nahiz eta ondorengo urteetan eskola publikoak irentsi egin dituen -aurreikusi bezala- bere egituraren barruan. Eta ez dira gauza bera Nafarroako edota Ipar Euskal Herriko ikastolak. Aniztasun guzti honetaz ez da hitz egiten eta benetakoa abiapuntua izan behar du nahi badugu gure euskal eskola nazionalaz zuzen aritu. Ikastolak soilik Ikastolen Elkartean daudenak dira? Bada, ez da horrela, eta hori aitortu behar da.

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)

Garazi Urdanpilleta

Garazi Urdanpilleta Amiano. Lanbidez kazetaria naiz.

Orereta ikastolako Ikasle ohia naiz eta bi alabak Ikastolan ditut (LH2 eta HH5).

LH eta HHko gurasoen batzordean nago, bereziki, lau gurasoen artean, HHko Guraso batzordea koordinatzeko ardura daukagu.

Nola definituko zenuke Orereta Ikastolaren komunitatea?

Komunitatea oso handia da, bere alde on eta txarrarekin. Bereziki saretzeko unean, handia izateak lan edota esfortzu gehiago eskatzen du.

Esan beharra dago ikastolan interes handia dagoela seme-alaben hezkuntzarekiko, eta edozein gauzetarako deia eginez gero jendeak erantzuten du.

Azken urtetan arrakasta handia izan du ikastolaren egituraketa berriak. Egitura bertikalak sortu beharrean jendeak egitura horizontalaren alde egiten du. Horretaz sinesten duen komunitatea da ikastolakoa. Lehen, pertsona bakar baten ardurapean banatzen edota izendatzen ziren ardurak, gaur egun, berriz, taldeak hartzen du bere gain sortzen diren ardurak. Horrek asko laguntzen du gurasoak inplikatzeko unean. Azken urteetan eman den aldaketa hau komunitatearen ikuspuntuan oso aberasgarria izaten ari da. Azken finean dinamika eta egituraketa horizontal honen bidez lana, emaitzak, poza, … dena banatzen da, lana kolektibizatzen da. Horrelako dinamika batean askoz babestuago sentitzen zara.

Oso gustura gaude funtzionamendu honekin.

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)

Mikel Leitza

Ikastolako gurasoa eta ikasle ohi naiz.

Ikastolako kanpoko ekintzetan laguntza eskaintzen dut. Horretarako taldetxo bat daukagu osatuta. Ekintza ezberdinak egiten ditugu: Txosnak, Gau beltza, baserrian ez dakit zer jaialdia antolatu behar dela, …

Badago niretzat oso anekdota berezia: gu txikiak ginenean, gure gurasoak ikastolan sartu ginteztenean, nire gurasoek horrelako estutasun ekonomikoa bizitzen ari ziren, nire aita langabezian zegoen, eta matrikulatzeko dirulaguntza egon arren, nire gurasoek, ikastola ere zehazki zergatik ulertu gabe, ez zuten dirulaguntza hori eskuratzen. Hori dela eta, ikastolak erabaki zuen kuota ez kobratzea. Eta horrela egon ginen bolada luze batean. Beraz, neurri batean, badut ikastolarekiko horrelako errekonozimendua, horrelako eskertza. Eta pentsatzen dut nik ere lagundu behar dudala, nire terrenotik behintzat, oso gustura nago egiten dudanarekin.

Zure ustez zer funtzio betetzen du Ikastolak?

Ikastolak beti, lehen bereziki, erreferentzialtasun handia izan du herrigintzan. Ekintza asko egiten ziren eta Ikastolak izen on bat zeukan, bai ikasketetan baita herrira ateratzen ziren gazteek fama ona zeukaten, pertsona bezala esan nahi dut.

Gaur egun asko zaildu da herrigintzako lana, herrigintzan nola asmatu… gero eta zailagoa da edozein herri mugimendu batentzat militantzia mentalitatea sortzea. Orokorrean gero eta indibidualistagoa gara, gero eta gehiago besteen eskutan uzten ditugu gauzak, …”nik kuota pagatzen det eta punto…”. Ez, lehen ikastolan bazegoen herria laguntzeko mentalitate gehiago, herri mugimenduaren mentalitate hori.

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)

Jon Maya

Jon Maya. Hiru urterekin Orereta ikastolan hasi nintzen 17-18 urte bete arte (garai horretako UBI).

Hiru seme-alaben aita naiz, hirurak ere ikastolako ikasleak.

Ikastolak utzi digun arrasto horietako adibide bat naizela esan daiteke.

Lagun koadrila ikastola garaikoa eratorrikoa da. Nire inguru soziala baita giro berekoa da. Nire jardun profesionala, dantza, seguruenik ere ikastolak sinbolizatzen duen iruditegi eta giro horrek eragina izan zuen. Beraz, esan daiteke ikastolako kumea naizela.

Zuretzat zer funtzio bete izan du eta betetzen du Ikastolak?

Ez nuke ulertuko gaur egun ikastolak duen funtzioa iraganean izan duenetik a aparte.

Garaiak, gizartea pertsonak aldatu direla onartuz, historia faktore garrantzitsua da aurrera begira jartzeko.

Ez naiz bakarrik zentratuko ikastolan pertsonak izan behar duen hezkuntza garapenean, hori garrantzitsua dela agerikoa baita, ikastetxe guztiak funtzio hori ondo betetzen saiatzen dira. Ikastolaren funtzio hori baino haratago doa.

Nik ikastolan balore batzuk identifikatzen ditut: euskara, euskal kultura eta identitatearen transmisorea izatea (belaunaldi berrietan eta familietan); Ikastola herri dinamikaren harrobi garrantzitsua izatea.

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)

Mertxe Arano

Mertxe Arano

Duela 14, 15 urte Orereta ikastolako gurasoa naiz. Alaba dagoeneko Ikastolatik atera da eta semea DBH2an dago.

Duela 11 bat urte hasi nintzen guraso bezala ikastolaren dinamikan inplikatzen eta gaur egun arte, beste arduretan ibili ondoren, gurasoen batzordean egoteaz gain azken 3 urteetan artezkaritzan ere banago.

Nola definituko zenuke Orereta Ikastolaren komunitatea?

Orereta ikastolako komunitatea oso handia da. 1400 ikasle inguru daude horrek suposatzen duen guztiarekin, irakasleak, langileak, … Hori guztia ondo funtzionatzeko engranaje on bat behar da, eta hori gu gara, ikastolako komunitatea. Komunitateko hiru estamentuak bat egiten dugu: ikasleak, gurasoak eta langileak. Horren bitartez behar den guztia aurrera eramaten saiatzen gara; bai hezkuntza proiektua baita antolatzen diren gainontzeko ekitaldi eta ekimenak ere.

Engranaje horretan gurasoen papera ezinbestekoa dela iruditzen zait. Gure laguntzarekin, iradokizunekin, baita kexekin ere, ikastola den proiektuari bultzada ematen zaiola pentsatzen dut nik.

Ondo barneratuta daukagu ikastolaren proiektuaren baitan gurasoak pertsonak inplikatuta izan behar garela, gurasoak pro-aktiboak nolabait esatearren.

Nahiz eta aitortu batzuetan gurasoak dinamika honetan inplikatzea zaila dela, orokorrean, bai gurasoen batzorde guztietan, bai antolatzen diren ekimen guztietan ere, gurasoak inplikatu egiten dira.

Gurea kooperatiba bat da, gurasook osatzen dugun kooperatiba eta bere organo gorena artezkaritza da, hau da, gurasoen, zuzendaritzaren, irakasle batzuen eta zerbitzutako langileen artean osatutako taldea da.

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)

Josemi Zabala

1979an hasi zen nire ibilbidea ikastolan, ikasketak amaitu eta handik gutxira hasi nintzen ikastolan lanean. Bi urte ez ziren pasa eta lehendakariak LHko ardura hartzeko deitu zidan. Geroztik beti arduretan ibili naiz: urte mordoxka LHn, gero DBHn eta amaitzeko zuzendari nagusi edo gerente gisa aritu nintzen 2017. urtera arte.

Oreretan antolatu diren bi Kilometroak lehenengo lerrotik ezagutu ditut. Kilometro horiek, gainera, ez ziren oraingoan bezala. Gaur egun Ikastolen Elkartetik jartzen diren baliabideek asko errazten dute antolaketa orokorra: egituratze bat badago, laguntza teknikoa ere bai. Gaur egun marko oroko bat badago, ez garai hartan bezala; 1984an antolatu genuen Kilometroak horretan dena egiteko zegoen, eta arazoen aurrean norberak irtenbideak bilatu behar zituen.

Zein da Ikastolaren funtzioa?

Ikastolaren funtzioa hezitzailea da nagusiki. Kalitatezko heziketa, bere hezkuntza proiektuan oinarritua. Ikastola hezkuntza proiektu bat da. Baditu bere berezitasun eta ezaugarri propioak; hala nola, euskalduntasuna, herriarekiko eta herritarrekin duen lotura eta harremana. Izan ere, ikastolak gurasoek sortutakoak dira.

Irakurri elkarrizketa osorik
(kilometroak23-hausnartzen.blogspot.com)