HIZKUNTZAK
  • Aurrera! Memoria 2021

    Ikastolako urteko memoria

Aspaldi hasi zen Orereta Ikastola bazkide, guraso eta ikastolazale guztien artean memoria hau zabaltzen, bere jardunaren ikuspegi orokorraren berri emateko. Eta geroztik bere urteroko hitzorduari zintzo eutsi dio, gainera. Ikastolaren ekinaz eta eginaz jakin nahi duenarentzako tresna baliagarria bihurtu da.

Urte osoko lanak uzta biltzea zor, eta hementxe duzu, aurten ere, memoria berria. Ez ziurrenik nahi bezalakoa, baina bai, ahalegin biziz, ahal izan dugun onena.

Ikasturte bereziak izaten ari dira, zinez, iazkoa eta aurtengoa. Izan ere, 2020ko martxoan, COVID-19ak bete-betean eta ezustean harrapatu gintuen guztiok; egun batetik bestera egoera berrira egokitu behar izan genituen, besteak beste, gure lan-ohiturak. Orereta Ikastolan ere horrelaxe egin genuen: aurrez ezarritako irizpide eta jarraibiderik egon ez arren, gure jarduna moldatu egin genuen ikasleen eta familien beharrei ahalik eta ongien erantzuteko.

“Guztiaren gainetik, komunitate osoaren ahalegina, enpatia, borondatea eta elkarlanerako jarrera azpimarratu nahi ditugu. Koronabirusak Ikastolako komunitatea indartu duenaren zalantzarik ez dugu. Eta Ikastola bera ere bai.”

Ez dugu denetan asmatu, hutsuneetatik ikasten eta hobetzen joan gara denok. Gorabeherak izan ditugu. Proiektu berri batzuk abian jartzeko ere balio izan du COVID-19ak. Horren guztiaren gainetik, komunitate osoaren ahalegina, enpatia, borondatea eta elkarlanerako jarrera azpimarratu nahi ditugu. Koronabirusak Ikastolako komunitatea indartu duenaren zalantzarik ez dugu. Eta Ikastola bera ere bai, berezkoak, jatorrizkoak, baititugu Ikastolok egoera honi aurre egiten lagundu diguten ezaugarriak: elkarlana, elkar-zaintza eta ekinez egitea.

Ekaitza baretu denaren esperantzan, haren eraginei erreparatu behar diegu orain, eta datorrenerako prestatu. Etorkizunera begira zuhurtziaz, patxadaz eta arduraz aritu behar dugula diote adierazle guztiek.

Orain artekoen gisan, memoria hau ere zure gozagarri izatea espero dugu. Horrez gain, Ikastolaren gaineko ikuspegi orokorra, garena eta izan nahi duguna, azaltzeko ere baliagarria bada, ezin hobeto; Ikastola, ororen gainetik, zurea, gurea, baita. Sartu, aurrera, zure etxean zaude.

ORERETA IKASTOLA, KOOP. E.
Artezkaritza Kontseilua

Urteko aurrerapauso, mugarri eta erronkak

“Ikastola argazkitan” bilduma