ETAPA MAILAKOAK
Leihoen inguruan
Leihoekin ahalegin berezia egitea eskatu nahi genizueke, izan ere, tenperatura igotzen ari da eta deskuiduak ugaritzen ari zaizkigu. Gogoan izan ezin garela inolaz ere gelatik atera leihoak parez pare irekita utziz, honez gain, laugarren saiotik aurrera, saio bakoitzaren amaieran gelatik irten aurretik gelako leiho guztiak itxita uztea eskatzen dizuegu.
Mila esker!
Ebaluazio diagnostikoa
Datorren astelehenean eta asteartean 4A eta 4C geletako ikasleek ebaluazio diagnostikoko frogak egingo dituzte. Ordu bakoitzean dagokion irakaslea egongo da gelan. Xehetasunak Calendarren daude ikusgai.
Ehungintza tailerra
4. mailako ikasleek moda azkarraren gaia landuko dute Labore-Oarsoren eskutik. Talde bakoitzak ordu terdiko bi saio izango ditu. Ordu bakoitzean dagokion irakaslea egongo da eta kontuan hartu bigarren orduaren erdia klase saioa emateko baliatu ahalko dela. Xehetasunak Calendarren daude ikusgai.
Apirileko lan-erregistroa
Gogoratu hilaren bukaeran erregistroaren fitxa zuzendaritzan dagoen artxibategian utzi behar dugula. Bakoitzaren kodea azaltzen den orrialde bat topatuko duzue bertan, zuen izenaren ondoan “x” bat jartzea eta fitxa langile kodearen hurrenkeran uztea eskatu nahi dizuegu.
Eskerrik asko!
Calendar-ari lotutakoak
IRAKASLEAK
- IHMO: Astelehenean, banakako lanketa egingo dugu.
- Koordinazioa: Asteartean, mintegiek koordinazio saioa izango dute.
- Berrikuntza: Asteazkenean, 3. Ebaluazioko diziplinarteko proiektuak landuko ditugu.
IKASLEAK
- Hedatze: Astelehenean, asteartean eta asteazkenean, Hedatze akademikoa izango dugu.
- Ebaluazio diagnostikoa: Astelehenean eta asteartean, 4A eta 4C geletako ikasleek frogak egingo dituzte.
- Ehungintza tailerra: Asteazkenean eta ostegunean, 4. mailako ikasleek moda azkarraren gaia landuko dute. Xehetasunak Calendarren daude ikusgai.
IKASTOLA MAILAKOAK
HIZPRO – BLAITU FAMILIAK – Guraso bileretarako gida
Euskararen erabileran eragiteko, Familia eleaniztasunean izenburupean eta Ikastolen Elkartearen eskutik, Ikastolan familientzako prestakuntza saioak prestatu ditugu.
Zein da helburu nagusia?
Ikastolako familiak euskararen eragile nagusiak izatea.
Euskararen erabileran eragile izango diren guraso taldea osatzea izango da ikasturte honetako helburua: Blaitu familiak taldea. Dagoeneko martxan dago, 10 guraso inguru animatu dira.
Saioetan parte hartzeak zer esan nahi du ?
- Ikasturte honetan 2 saio egin dira eta maiatzaren 7an egingo da ikasturte honetako azkena. Aurreko saioetan Paula Casares eta Kike Amonarrizek emandako hitzaldien inguruko lanketa egin da.
- 3 urtetako prozesua izango da: Lehenengoan trebakuntza jaso eta esku-hartzea adostu, bigarrenean esku-hartzea gauzatu eta hirugarrenean ebaluatu, neurri zuzentzaileak adostu eta hurrengo epealdia marraztu.
Blaitu Klubeko webgunean “Blaitu Familiak” atala txertatu da eta bertan aurkituko dituzue dagoeneko aipatutako hitzaldien bideoak, euskaraz zein gaztelaniaz. Baita gurasoen kezkei erantzuteko gidaren dokumentua.
Hemen topatuko dituzue guraso bileretako aurkezpenetan txertatu beharreko diapositibak.
Blaitu familien taldean parte hartzeko interesa duten gurasoak maiatzaren 7an egingo den saiora gonbidatuko ditugu. Bestalde, hauen izen-abizenak biltzea eskertuko genizueke eta etapetako HIZPROko arduradunei helarazi.
HIZPRO: apirileko kalko okerra
Eskura duzue apirileko kalko okerra Blaitu Klubaren atariko Jantzi euskaraz atalean. Ohi bezala, tutoreen esku geldituko da posterra inprimatzearen ardura.
Oiartzoko aurrematrikulazio egoera
Batxilergoko matrikulazio prozesuaren inguruko informazioa helarazi nahi dizuegu.
Orain arte, Batxilergoan 4 gela eta 135 plaza eskaini izan ditugu matrikulazio garaian. Horrek aukera ematen zigun ikasleen aukerako ibilbideak errespetatzeko, bai aurrematrikulan bai matrikulan, nahiz eta azken matrikula kopurua 105 ikasletik gorakoa ez izan.
Aurtengo prozesuan, ordea, Hezkuntza Sailak gure eskaintza 105 plazara murriztu du. Aurrematrikulan 109 eskaera jaso ditugu, eta horren ondorioz, 4 ikasle itxaron zerrendan geldituko dira; horietako bat jatorrizko ikastoletako ikaslea da.
Egoera honen aurrean, Orereta Ikastolak hainbat helegite aurkeztu dizkio Hezkuntza Sailari, baina oraingoz ez dugu inolako erantzunik jaso.
Gertutik jarraituko dugu gaia, eta berririk izan bezain laster jakinaraziko dizuegu.
GÜ Harreragunea (Errenteriako Udal zerbitzua)
Bestalde, udaleko GÜ harreragune zerbitzuaren berri eman nahi dizuegu.
GÜ zerbitzuak Errenteriara bizitzera etorri diren pertsonei lehen harrera, informazioa eta orientazioa eskaintzen die. Udal zerbitzu publikoa eta doakoa da, arreta pertsonalizatua eta norberak hautatutako hizkuntzan eskaintzen duena, erroldatuei nahiz erroldatu gabeei.
Zerbitzuak honakoak eskaintzen ditu:
- Udal baliabide, zerbitzu eta ekipamenduen inguruko oinarrizko informazioa (ohiko izapideak, kultura, kirola, arte eskaintza, ongizate sistema, emakume, haur eta gazteei zuzendutako ekintzak…).
- Herriko nahiz inguruko zerbitzu publiko eta entitateetara jotzeko orientazioa.
- Errenteriako alor komunitarioan parte hartzeko elkarte eta eragileen inguruko informazioa.
Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskaintzen da, goizez zein arratsaldez, eta aurretiko hitzordua hartu behar da:
- Posta elektronikoa: gu@errenteria.eus
- Telefonoa / WhatsApp / Telegram: 943 449596
“Herri bat denon etxe, Errenteria te acoge” sentsibilizazio kanpainaren baitan kokatzen da zerbitzu hau. Iritsi berriei egiten zaien harrerak eragin zuzena du herrian egingo duten ibilbidean, eta horregatik sortu da GÜ harreragunea.