HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 5. buletina (23.02.13)

Artezkaritza Kontseiluaren otsaileko bilera hilaren azken asteazkenean egin beharrean, aurreratu egin da, otsailaren 27an izango den batzar nagusia prestatzeko. Hain zuzen ere, horixe izan da bilerako gai nagusia.

Kilometroak 23

Otsailean Egunkaria itxi zutela 20 urte beteko direnez, Kilometroak-ek ere gogoratuko du gertakari hura eta euskal gizarteak eman zuen erantzuna. Egunkaria lehen eta Berria orain, ezinbesteko lan tresnak dira Ikastolan, munduan gertatzen ari denaren inguruko informazioa eta gogoeta geure hizkuntzan eta Euskal Herriko ikuspegiz jasotzeko. Gainera, Egunkariaren itxierak hurbiletik ukitu zuen Ikastolako komunitatea, hainbat guraso, ikasle ohi edo Artezkaritza Kontseiluko kidek bertan lan egiten baitzuten (horietako batzuk atxilotuak ere izan ziren).

Otsailaren 20tik 24ra, egunero izango dira ekitaldiak, Berriarekin elkarlanean antolatuta:

  • Astelehena, otsailak 20: Imanol Muruak idatzitako “Egunero behar genuen” liburuaren aurkezpena, Arantxa Iraola kazetari eta gurasoak lagunduta, 19:00etan Lekuona Fabrikan. Bertan izango dira Egunkaria auziko inputatuak, eta udal eta euskalgintzako ordezkariak.
  • Asteartea, otsailak 21: gure Ikastolako ikasleek prestatutako EGUN ORO paperezko egunkaria banatuko da eskualdeko Ikastoletako familietan eta herriko kaleetan.
  • Asteazkena, otsailak 22: Ozzinemarekin elkarlanean, Egunkariaren itxieraren inguruko “Paperezko Hegoak” dokumentala emango da Niessen aretoan, 19:00etan. Ondoren, protagonistekin solasaldia izango da.
  • Osteguna, otsailak 23: Arkaitza, Desira eta Zuzen tabernetan, 3 emanaldi artistiko izango dira, 19:00etan, 19:30ean eta 20:00etan, hitza, musika eta arte grafikoak uztartuz.
  • Ostirala, otsailak 24: Esmalteriako Ostiralen barruan, 17:00etan, “Egunkariatik Berriara” haurrentzako tailerra. Eta, 19:30ean, Jon Maia Soriaren “Kantu bat gara” emanaldia, Lekuona Fabrikan. Sarrerak salgai sarrerak.errenteria.eus helbidean.

Urteko Ohiko Batzar Nagusia 2023

Urteko Ohiko Batzar Nagusia datorren otsailaren 27an izango da, Linoko jolastokian, 17:30ean lehen deialdian; 18:00etan, bigarrenean; eta 18:30ean, hirugarrenean. Bazkideek ohiko bideetatik jasoko dute deialdiaren berri eta Ikastolaren webgunean izango dira aztergaiak, eta aurreko ikasturteko memoria eta akta. Batzar nagusia kooperatibaren erabaki organo gorena izanik, bazkide guztiak animatzen ditu Artezkaritza Kontseiluak bertan parte hartzera.